'Ekonomia gurean' solasaldia, Tolosaldeko egoeraren inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 3a, 02:00

Tokikom eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean, Aiurri hedabideak eta 28 Kanalaren laguntzarekin, ‘Ekonomia Gurean’ saio interesgarria eskaini dute gaur goizean Tolosako kultur etxean:

[Argazkiak]

Tokiko garapenean eta ekonomian aditua den Orkestra, Lehiakortasunerako Euskal Institutuko Mikel Navarro, Irizar taldeko finantza zuzendari Gorka Herranz eta Leaburun ekoizten dituzten Mahala produktuen arduradun Jokin Arrospide izan dira solasaldiko hizlariak. Tolosaldeko errealitatea ondo ezagutzen duten herritarrekin eskualdeko ekonomiaz hitz egin eta etorkizuneko desafioei ere jarri zaie begia, Elena Laka Tokikomeko lehendakariak gidatutako saioan.

Hogeita hamar bat lagun elkartu da ekitaldian; besteak beste, tartean ziren Olatz Peon Tolosako alkatea eta Tolosaldea institutuko ikasle taldea ere. Kultur etxeko solasaldira gerturatu ez direnek, Internet bidez saio osoa jarraitzeko aukera izan dute. Izan ere, solasaldiak telebista platoan egiten dira tokiko telebista eta internet plataforma ezberdinetan eskaintzeko. Tolosan gaur eginikoa, laugarren solasaldia izan da; aurrekoak Bergaran, Zarautzen eta Andoainen egin dira.

Aurkezpen bideo batekin ekin zaio ekitaldiari, Gipuzkoako ekonomiari, oro har, keinua eginez eta egungo egoerari nahiz etorkizunekoari aipamena eginez.

46000 biztanle pasatxo dituen Tolosaldera etorri da segidan Mikel Navarro ekonomian aditua eta lehiakortasunaz mintzatu da, baita lehiakor egiten gaituzten faktoreen inguruan ere. Tolosaldean, buruko errenta Gipuzkoako bataz bestekoaren gainetik dagoela adierazi du. “Langileen tasa altuagoa da hemen Gipuzkoan baino. Beste lekuetan baino jende gehiagok egiten du lan eta ondorioz, errenta altuagoa da”.

Jarraian, Gorka Herranzek Irizar taldeak Ordiziatik Adunara eman duen pausoa hartu du mintzagai. “Tolosaldea bailaran ere erreferentzia izaten saiatu nahi dugu, Goierrikoan garenez gero”. Irizar urtez urte gora zihoala ikusiz, orain bederatzi urte euren eraikina eta eskaintza zabalduz bide berriak urratzea erabaki zuten. “Egunean sei lerro autobus egiten genituen Irizarren eta zazpigarren lerroa betetzen hasitakoan erabaki genuen pausoa ematea. Non koka gintezkeen begira hasi ginen eta argi genuen Gipuzkoan nahi genuela. Baina 2009an salmentek beheraldia izan zuten eta Espainian, Europan edota Brasilen eta proiektu hura baztertu egin genuen. 2012. urtean, autobus elektrikoa zela eta, berriz ere aztertzen hasi ginen zein aukera genituen eta izango genituen. Kokapena baloratu genuen gehien eta izugarri ona topatu genuen Adunan, Gipuzkoan ez baitago azalera lau gehiegirik. 2014. urtearen erdialdean erabaki genuen eraikina Adunan kokatzea eta martxoaren 20an hasi berri gara lanean. Gure helburuetako bat, Gipuzkoan eta Tolosaldean enplegua sortzea da”, jakinarazi du.

Bigarren sektorea baino gehiago, lehen eta hirugarren sektorea ezagutzen ditu Mahala produktuen arduradun Jokin Alberdik. Herri txikietan ostalaritzaren beheraldia pena handia dela azaltzearekin batera, bertako komertzio txikiek merkatalgune handien ondoan jaso duten kaltea izan du hizpide. “Komertzio txikiek espezializatu egin behar izan dute, lehen behar ez zutena”. Bide berean, lehen sektorea bi arlotan sailkatu du: lehen sektorea soilik eta transformatzen dena. “Transformatu denak hauspoa eman dio produkzioari eta aldaketa handia izan da Europan sartzea. Baina jendeak kontuan izan behar du zer nolako balorea duten gure produktuek. Estrategia baten mende sartzea oso akats larria da”, Alberdiren ustez. Baserritarraren lanari artelana iritzi dio eta penaz gogoratu du zenbat baserritar joan den baserritik kalera motibazio ezagatik edota egoerak onartzen ez zituelako. “Lehen hamar baginen, baserritar bat izatera etorri gara egun”.

Berrikuntzak, lorpenak

Irizarren lorpen nagusietako bat produktua %100ean euren eskuetatik ateratzea izan da, hasieran egiturak soilik egiten bazituzten, gerora autobus osoa osatzeari ekin zioten. Ondoren etorri zen hurrengo ametsa: autobus elektrikoak egitea, osorik horiek ere. Irizarren, berrikuntzari bezala, elkarlana lantzeari garrantzia handia ematen diote, “gure dibertsifikazioaren motiboa hornitzaile eta teknologia berritzaileen arteko sinergiak aurkitzea izan da”, azaldu du Herranzek. Elkarlan horren baitan arlo ezberdinetako sekzioekin egiten dute lan. Besteak beste, energia, motorra edota komunikazioa landuz. “Bide horretan ari gara, beharrak zein diren aztertuz. Enplegua oso garrantzitsua da guretzat eta krisiaren aurretik 700 bat langile baginen, orain 1200 inguru gara. Aurrera begirako pausoak ematen ari garelako etorri da igoera hori”, ondorioztatu du Gorka Herranzek.

Jarduera tradizionaletik abiatu eta teknologia berriak txertatu dira Mahalan, “hainbat berrikuntza sartu da gurean, baina tradizioa mantentzen saiatzen gara. Guk produktuen freskotasunari ematen diogu garrantzia eta eraldatzeak ahalik eta modu naturalenean egin ditugu, berrikuntzak juxtuko parametroetan sartuz”, adierazi du Jokin Arrospidek euren produktuaren mesedetan.

Hizlarien parte hartzearekin batera, Tolosaldeko egoera ekonomikoaren berri zehatza eskaini duten bideoak tartekatu dituzte saioan zehar. Batetik, eskualdeko sustapen ekonomikoa eta enpleguarena ardatz dituen Tolosaldea Garatzen agentziarena eta Abaltzisketan abian jarritako Logikaline zerbitzuen enpresarena bestetik, bi langilerekin hasi eta egun 122 dituena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!