Santa Krutz jaia ospatu da Azkorten

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 3a, 02:00

Santa Krutzeko erromeria ospatu da gaur Azkorteko Ergoien auzoan kokatzen den Azkorteko ermitan, aspaldiko tradizioari segida emanez. Herri kirolarien, trikitilarien eta bertsolarien saioak izan dira, mezaren ostean.

[Argazkiak]

Elorria bedeinkatzera joandako elizkoi ugarik entzun dute Xabier Murua Urnietako erretoreak emandako meza, eta ondoren jaia ospatu da ermitaren kanpoaldean. Zabala eta Larrañaga trikitilarien doinuak entzun dira lehenbizi. Herri kirolen txanda heldu da musika dantzagarriaren ondoren; Peio eta Manolo Cañamaresek aizkora eta motozerrarekin erakustaldi bana egin dute, eta horiekin tartekatuz, Josetxo Urrutia Leitzako harri jasotzaile gazteak neurri eta pisu anitzeko harriak jaso ditu makina bat alditan.

Mendizabal eta Larrañaga bertsolariek saio laburra egin dute. Erromeriaren gaineko kronika bertsotara eraman dute. Tartean, mezako kontuak izan dituzte aipagai.

Mendizabal:

Beste gauza bat aipatu nahi det

Izan baita nobedade.

Meza garaian apaiza eta

aurrean hainbeste jende.

Sermoirik bate ez du egin ta

hori guretzat seinale.

Eta meza bukatua du

limosnarik gabe eska gabe.

 

Larrañaga:

Guzia hola pasatu da ta

ezin leike disimula.

Apaiz gazteari ezingo diot

egin iseka ta burla.

Baina halare gaurkoa

hutsegite mardula.

Seguru nago atzo gauean

parranda egingo zula.

 

Mendizabal:

Txistulariek osatu dute

bere kantuen zerrenda.

Gero apaiza eta jendeak

kantu lanari joan da.

Azkenerako meza polita

eta laburra eta izan da.

Barkazioa eskaini digu

Jesusi muxu emanda.

 

Larrañaga:

Normala da-ta eleiz giroan

Jesusito zuen lagun.

Ezingo gera mezaz aparte

beti kontu hortan jardun.

Leitza aldetik mutil txiki bat

Etorri zaigu indardun.

Azaña latzak egiten ditu ta

Joxetxo aipa dezagun.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!