Gipuzkoako Herriarteko lehen finalaurrekoa larunbatean Alegian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 2a, 02:00

Gipuzkoako Herriarteko lehen finalaurrekoa izango da larunbatean, maiatzaren 6an, Alegian. Karidadeko Bentak (Asteasu eta Zizurkil) eta Erniarraitz 1 (Azpeitia) taldeek finalerako txartela jokatuko dute:

Gipuzkoako Herriarteko lehen finalaurrekoa izango da larunbatean, Alegiako frontoian, 17:30ean hasita. Bertan erabakiko da Azpeitian maiatzaren 27an izango den lehen taldea zein izango den.

Karidadeko Benta (Asteasu eta Zizurkil) eta Erniarraitz 1 (Azpeitia) izango dira aurrez aurre larunbatean, Alegiako frontoian. Saioa 17:30ean hasiko da. Karidadeko Bentako kideak dira Haritz Mujika, Joseba Otaegi eta Unai Mendizabal. Erniarraitz 1 taldeko kideak, berriz, Leire Ostolaza, Beñat Lizaso eta Jokin Uranga bertsolariak.

Gai-jartzaile lanetan ariko dira Gurutze Oiartzabal (Erniarraitz 1) eta Igotz Alkorta (Karidadeko Benta). Saioa bost epailek baloratuko dute: Oihana Aranguren (Erniarraitz 1) eta  Jon Ormazabal (Karidadeko Benta) taldeetako kideak eta Herriarteko lehiatik kanpo geratu diren taldeetako beste hiru epaile.

Gipuzkoako Bertsozale Elkartearekin batera, Oihana Labiano (Erniarraitz 1) eta Mikel Maiz (Karidadeko Benta) ari dira saioaren prestaketa lanak koordinatzen. Egunean bertan ere, koordinazio lanetan arituko dira.

Ondorengo ariketak egin beharko dituzte bertsolariek finalaurrekoetan:

  • Hasierako agurra puntuagarria (gehienez 5 minutukoa).
  • Ofizioa 8ko handian, 3na bertso.
  • Ofizioa 8ko txikian, 3na bertso.
  • 10eko txikian rolak emanda, 3na bertso.
  • Bakarka, gaia emanda, 3 bertso.
  • Habaneran 8 oinak emanda eta bederatziko txikian 9 oinak emanda.
  • 3 puntu erantzun.
  • Pertsonaien jolasa galde-erantzunetan. Batek galdetu eta bik pistak eman.
  • Kartzela, koplatan egoera proposatuta, 12 kopla osatu arte.

Larunbaterako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude salgai. Baita Alegiako Hilario tabernan ere.

Herriartekoaren azken txanpa

Otsailaren 3an hasi zen Gipuzkoako Herriartekoa. Guztira 38 taldek hartu dute parte lehen fasean, eta sei astez 38 saio egin ondoren 12 talde pasa ziren bigarren fasera. Bigarren fasetik lau talde geratu dira. Lehen finalaurrekoan Karidadeko Benta eta Erniarraitz 1 arituko dira. Bergarako pilotalekuan egingo da bigarren finalaurrekoa eta Am…ona (Amasa-Villabona) eta Osinalde (Gabiria) taldeak izango dira aurrez aurre.

Finalaurreko saio bakoitzeko garaileak izango dira Azpeitian, maiatzaren 27an egingo den finalean abestuko dutenak. Saio guztietarako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!