Irigoien txapeldun, Gorostidi Harrian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 2a, 02:00

Gorostidi Harriaren aurtengo ekitaldiak txapeldun garbia izan zuen.  Aimar Irigoien errezildarrak, alde handiarekin lortu zuen garaipena. Jokin Eizmendi sailkatu zen bigarren postuan, minutu batetik gorako aldearekin. Ohikoa den bezala, jendez bete ziren Adunako pilotalekuko harmailak eta giro ederra sortu zen saio guztian zehar.

Argazkiak

Guztira, zazpi harrijasotzaile aritu ziren lehian; Irigoien, Eizmendi, Ostolaza, Galarraga, Ugartemendia, Izeta III, Izeta IV eta Guzta. Urtzi Telleria azken momentuko baja izan zen, bizkarreko minak eraginda.

Saio bizia izan zen igande arratsaldekoa. Iban Ugartemendiak eman zion hasiera harri-jasotze saioari. Bost harri zituzte plazan: 139 kiloko harri baldarra, 150 kiloko zilindro zaharra, 155 kiloko errektangular zaharra, 160 kiloko zilindro zaharra eta 175 kiloko zilindro zaharra. Jasotzaile bakoitzak bina jasoaldi eman behar zizkien bost harriei, ahalik eta denborarik laburrenean. Ugartemendiak ezustekoa ere izan zuen, 160 kiloko harria sorbalda gainean zeukanean, atzera egin, eta erori zitzaionean. zorionez, ez zuen minik hartu.

5,26 minutu behar izan zituen Ugartemendiak lanak bukatzeko. Guzta idiazabaldarra izan zuen atzetik, 5,48 minutu eginda. Izeta osaba ilobek ere lan ona egin zuten. 4,31 minutu behar izan zituen Odei ilobak, bi segundu gehiago osabak. Joseba Ostolaza eta Aimar Galarragaren artean ere alde txikia egon zen. 4,07ko denbora egin zuen Ostolazak, 4,05 Galarragak.

Jokin Eizmendi eta Aimar Irigoienen arteko lehia estua espero zen igandeko saioan. Irigoienek, ordea, ia aukerarik gabe utzi zuen Eizmendi. Saio ikaragarria eginda, 1,47 minututan amaitu zituen lanak, ikusleen txalo zaparrada eta oihu artean. Eizmendik ere saio bikaina egin zuen, 3,06 minutuko denbora eginda.

Beste urte batez, 185 kiloko zilindro zaharra esku bakar batez altxatzeko saiakerarik gabe amaitu zen saioa. Iñaki Gorostidiren markak, beraz, bere horretan dirau.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!