Gorostidi Harria nork jasoko zain

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko api. 29a, 02:00

Bederatzi harri-jasotzailek osatzen dute aurtengo Gorostidi Harria txapelketako kartela. Apirilaren 30ean, igandearekin egingo dute aurtengo edizioa. 18:00etan hasiko da lehia Adunako pilotalekuan eta ordubete inguru luzatzea espero dute. Bost harri ezberdin izango dituzte aurrean eta bakoitzari bina jasoaldi eman beharko dizkiete, nahi duten ordenean.

Ikusmin berezia sortzen du Adunako txapelketak. Iñaki Gorostidi harri-jasotzaile ohiak jarri zuen abian, eta urtez urte jendetza gerturatzen da Adunara: “Zenbait berezitasun dituen txapelketa da, eta jendeari gustatu egiten zaio. Aurten, iazko bideari jarraitu, eta bost harri izango dira plazan. Saio bizia izan zen iazkoa eta amaiera ere oso estua izan zen. Aimar Irigoien eta Jokin Eizmendiren artean segundu bakarreko aldea egon zen, eta horrek oso aho zapore ona utzi zuen ikusleengan. Hori kontuan hartuta, aurten formatu berdina errepikatzea erabaki dugu”. 139 kiloko harri baldarra, 150 kiloko zilindro zaharra, 155 kiloko errektangular zaharra, 160 kiloko zilindro zaharra, eta 175 kiloko zilindro zaharra bina aldiz jaso beharko dituzte harri-jasotzaileek. Hamar minutuko muga izango dute horretarako, eta jasoaldiak azkarren egiten dituena izango da txapeldun.

aurten bai
Horrez gain, urteroko gisan, txapelketari izena ematen dion Gorostidi Harria ere pilotalekuan izango da. 185 zilindro zaharra da, eta marka handia jarria zuen Iñaki Gorostidik harri horrekin; esku bakarrez, bi altxaldi eman zizkion Tolosako Beotibar pilotalekuan. Kontuan hartu behar da, gainera, marka hura jarri zuenean, Iñaki Gorostidik 77 kiloko pisua zuela.
Txapelketan parte hartzen duten jasotzaileei, zilindro zahar horri jasoaldia emateko erronka botatzen die urtero Iñakik. Aurten, saiakeraren bat egongo dela uste du adunarrak: “Harria neurtzera etorri dira behin baino gehiagotan, eta hormigoizko erreplikaren bat ere egina dute, entrenamenduak egin ahal izateko. Ikusiko dugu egunean bertan zer gertatzen den, baina ia ziur nago jasoaldia ematen saiatuko dela harri-jasotzaileren bat”. Erronka gainditzea lortzen duenak 500 euroko saria jasoko du. Bost minutuko denbora muga izango dute Gorostidi harria bizkarreratzeko saiakera egin nahi dutenek.

Harriak, Uztartzan
Berezitasun asko ditu Adunako txapelketak. Esaterako, txapelketako egunaren atarian, “bi aste lehenago edo, Uztartzako tabernan jartzen ditugu harriak ikusgai. Zaletuek eta tabernara gerturatzen direnek harriak ikusteko aukera izaten dute. Hori ez da batere ohikoa. Horri esker ere, txapelketaren inguruko giroa berotzen joaten da. Ikusmin polita pizten da harrien inguruan”, azaldu du Iñakik.

Esker ona
Muxkil elkartea da Gorostidi Harria txapelketaren antolatzailea. Iñakik azpimarratu duenez, “laguntzaileei esker lortzen dugu ekitaldia aurrera ateratzea. Txapelketa antolatzeak bere gastua ekartzen du, eta ikusleek ez dute sarrerarik ordaindu beharrik izaten; borondatea eskatu ohi dugu. Diruz laguntzen diguten guztiei eskerrak eman behar dizkiegu, haien laguntzarik gabe ezingo geniokeelako ekitaldiari eutsi. Udalak ere ahalegin berezia egiten du”.

Jasotzaileak HILAREN 30EKO DESAFIOAN
Aimar Irigoien, Urtzi Telleria, Jexux Mari Iruretagoiena (Izeta III), Jokin Eizmendi, Aimar Galarraga, Hodei Iruretagoiena (Izeta IV), Iban Ugartemendia, Joseba Ostolaza eta Xabier Aranburu (Guzta) arituko dira Adunako txapelketan. Aimar Irigoien eta Jokin Eizmendi dira txapela janzteko faboritoak. “Harri-jasotzaileek zein ordenetan parte hartuko duten zehazteko, zozketa egin ohi dugu. Txapelketako emozioari euste aldera, bi zozketa egitea erabaki dugu; Aimar Irigoien eta Jokin Eizmendi alde batetik, eta gainerako zazpiak beste alde batetik. Harri-jasotzaileekin hitz egin, eta ados daudela jakinarazi didate; halaxe egingo dugu, beraz”.

XI. Edizioa
2007an egin zuten Gorostidi Harriaren lehen edizioa. Iñaki Gorostidik esku bakarrez 185 kiloko zilindro zaharrekin jarritako markaren 25. urteurrenak eman zien txapelketa antolatzeko aitzakia. Saralegi, Goenatxo II, Ostolaza, Irigoien, Elosukorta eta Urpe izan ziren lehen edizio hartako protagonista nagusiak. Ikusleen harrera onak, txapelketari jarraipena emateko gogoa piztu zien antolatzaileei. XI. edizioa izango da aurtengoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!