Oriamendin hazi, hezi eta bizitzakoen ospakizuna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko api. 29a, 02:00

1957an ia ehun familia jarri ziren bizitzen Oriamendi auzoan, Villabonako herrigunearen luzapen bilakatu zen etxe sortan. Oroitzapen zoriontsuak gordetzen dituzte haietako askok. Astelehenean ospakizun nagusia egingo dute auzoan eta Olaederran.

Garai hartan herriaren erdigunean bizi zen herritarren gehiengoa. 1957an errealitate hori aldatzen joan zen, herritar asko sortu berria zen Oriamendi auzora bizitzera etorri zelako; batzuk, ezkon berritan, eta beste asko haur txikiekin. Bizitza aurrera ateratzeko Sacem, Salbadora eta Subijana lantegietan lan egiten zuten; makina-erreminta, papergintza eta ehungintzara bideratutakoak, hurrenez hurren.

Familia handiak, etxe txikiak
Bada 1957tik Oriamendin bizi den auzotarrik. Teodoro Mujika eta Maria Teresa Goya senar-emazteen kasua da horietako bat: “1957ko maiatzaren 19an ezkondu, eta handik hiru egunera etorri ginen Oriamendira bizitzera”. Bertan hazi eta hezi dituzte beren seme-alabak. Beste adibide bat dugu Josefa Ortizena. 10 hilabeteko alaba eta senarrarekin jarri zen bizitzen Oriamendin. 25 urtez Sacemeko bulegoak garbitzen egin zuen lan, eta bere senarrak ere 14 urte zituenetik egin du lan enpresa berean.
Familia horiek pixkanaka ugaritzen joan ziren, eta ondorioz, etxeak txiki geratu ziren. Maria Dolores Altunaren kasua da, besteak beste : “Sindikalera joan nintzen pisu handiagoa eskatzera. Jende gehiagok ere eskatua zuen etxe handiagoa, baina kasu hartan nire familia ugariagoa zenez niri eman zidaten etxea”. Egun bere alaba eta bilobak berarekin bizi dira etxe berean.
Fabrikatik at lan egiten zuen emakumerik bazen, Carmen Moreno, esaterako. Oriamendin bizitzen jarri eta handik urte batzuetara bere semeek Hor Konpon taberna ireki zuten, eta bertan aritu zen sukaldari 25 urtez. Bere senarrak, berriz, Subijanan egin zuen lan. Beste familien moduan, berea ere familia ugaria zen, zazpi seme-alabez osatua.

Langile auzoa berezitasun
Juan Ignazio Sarasola bizilagunak berezitzat du bere auzoa. Gerra osteko egoeratik ateratzeko irtenbide izan zela azaldu du. Familia ugariak ziren ia denak, eta etxeak txikiak ziren: “Nahiko meritu izan zuten guraso haiek hainbeste seme-alaba horrelako etxebizitza txikian aurrera ateratzen”.
Langile auzoko etxe horiek “Casas baratas” izenez ere ezagutzen dira. Lehenengo urtea doan eman zieten etxea Oriamendiko auzotarrei, baina urtea pasa ostean etorri ziren komeriak. Horrelaxe kontatu du Josefa Ortizek: “Urtea pasa ostean 400 pezetatik gora ordaintzen genuen hilabetean”. Hogei urtez bertan bizitzen pasa eta gero, etxea erosi zuten 67.000 pezetaren truke.

Aparteko giroa zuten auzotarren artean
1957tik hona giroa izugarri aldatu da Oriamendi auzoan. Lehen haurrez betetako auzoa zen, gaur egun oso ezberdin da auzoa: “Dagoeneko haurrak ez dira jaisten auzoko plazara jolastera”, azaldu du Maria Dolores Perez auzotarrak. Gaueko ordu txikiak arte ibiltzen ziren neska-mutilak kalean jolasten bulean, kaniketan nahiz futbolean, gehitu du Isidoro Gonzalezek. Eskolatik irten eta askaria hartu orduko jolasera joaten ziren gaztetxo guztiak. “Amak, haurrak..., denak gazteak ginen. Gauero ibiltzen ginen jolasean. Ederra zen hura,” gogorarazi nahi izan du Josefa Ortiz auzotarrak. Gainera, auzotar guztiak bat etorri dira elkarren artean giro oso ona zegoela esatean.

Aspaldiko oroitzapenak
Oriamendi auzoan hazi direnek oroitzapen oso politak dituzte beren haurtzaroaz eta gaztaroaz. Isidoro Gonzalez jaiotzez andoaindarra izan arren, 3 urterekin etorri zen Oriamendira. Bere haurtzaroko oroitzapen ugariz mintzatu da auzotarrekin izandako solasaldian: “Etxeko atari bakoitzean harrizko banku bat zegoen, eta ama asko puntua egiten egoten ziren haurrak jolasten genbiltzan bitartean”, gogoratu du. Edota euria ari bazuen txiste liburuak irakurtzen zituztela etxeko eskaileretan.
Garai hartan ere bazen barrabaskeriak egiten ibiltzen zen haurrik, adibidez, Anton Sanz. Errege kabalgata antolatu zuten, eta Sanzek antortxak eta koronak egin zituen. Gainera, etxetik hiru ohe-estalki ere hartu zituen kabalgatarako. “Kabalgatan atzera begiratu eta aita nire atzetik zetorrela ikustean korrika hasi ginen denok”, azaldu du barrezka Sanzek. Bere aita ez zen beren atzetik korrika aritzen zen bakarra. “Auzoan bizi zen basozaina, Juan Mentxaka, errosarioa entzuten egon ohi zen. Gu bere inguruan hasten ginen jolasten eta gure atzetik etortzen zen korrika, baina ez zuen sekula lortu gu harrapatzea”, gogoratu dute barreari eutsi ezinik Pello Eizmendi eta Isidoro Gonzalezek. Eizmendik Otsabitik goitiberan jaisten zirela ere gogoan du.
Urte haietan haur ugari zirela azaldu du Margari Olano auzotarrak: “Antonen eta Pelloren etxeko blokean berrogei haur bizi ziren”. Auzoak herriari aberastasun handia ekarri diolakoan dago Arantxa Lopez; Villabonaren zabaltze prozesuan lagungarri izan delako.

OSPAKIZUNA MAIATZAREN 1EAN
Lauzpabost urte dira antolatzaileei ospakizunaren ideia bururatu zitzaiela, izan ere 50. urteurrenean ez baitzuten ospakizunik egin.  Hilabeteetako antolaketa lana amaitzera doa, ospakizuna hastearekin batera. Maiatzaren 1ean, hain zuzen.

 

Urteurreneko ospakizuna

Maiatzak 1, astelehena
11:30 Meza.
12:30 Omenaldi ekitaldia. Dantza saioa eta txistorra nahiz ardoa banatuko dute Oriamendiko plazan.
14:30 Bazkaria Olaederra kiroldegian.

Omenaldia Gurea zineman
Auzoan bizi diren 80 urtetik gorakoei egingo zaie. Opari bana emango zaie oroigarri moduan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!