Liburuaren eguna eta kontzertua Urnietan, larunbat honetan
Iñistorra euskaltzaleen biltzarrak larunbat honetan Liburuaren egunaren edizio berria antolatuko du, liburuak erosteko postua jarriz eta maiatzeko pailazoen emanaldirako sarrerak salgai ipiniz.
Goizeko 11:00etatik 14:00etara, beraz, liburuak eta sarrerak salgai izango dira. Iluntzeko 19:00etan hasita musika emanaldia izango da Saroben, Urnietako Lappa edota Lear taldeen parte hartzearekin.
Bi zaldi taldea, larunbat honetan Saroben
Liburuaren eguneko ospakizunen harira, apirilaren 29an arratsaldeko 19:00etan Saroben antolatu den kontzertuan izango da Donostiako Bi zaldi taldea. Aurreko asteetan orrialde hauetan elkarrizketatu ditugu Urnietako Lappa eta Lear taldeak, Saroben arituko direnak ere. Gartxot Unsain taldekideak eman digu Bi zaldiren nondik-norakoen berri.
Aurkeztu Bi zaldi taldea.
Gatxot Unsain: Bi Zaldi taldea 2014ko uda inguruan sortu genuen Beñat Antxustegik eta biok. Donostialdeko musika taldeetan aritzeagatik lagunak ginen ordurako. Gure egitasmoa uda hartan ezagun bihurtu zen abesti baten euskarazko bertsio bat egiteko asmo xumetik jaio zen, Zaldibiko Haize Bazterrak sorkuntza espazioan. Lagunartean abiatu ginen.
Lehen emaitza hori ederra izanda, inertziaz beste bertsio batzuk egiteari heldu genion, inolako presarik gabe, gure beste proiektuetatik aldendu. Ariketa gisa, akaso. Baina kontzertuak ematen hasi ginen edonon, formatu oso malgu eta erraza delako: lagunen etxeetan, tabernetan, antzokietan, gaztetxeetan edota kalean bertan.
Asmo xume horrek espero ez genuen erantzun ederra izan du, eta gure ibilbidea jendearen nahiak sortu du, kontzertu proposamenak guk espero gabe etorri zaizkigu eta. Bidean Eneko Sierra saxofoijolea batu zaigu zuzenekoetara, eta hala gabiltza, kantuan, edonon.
Nondik dator taldearen izena?
G.U.: Donostiarrak gara baina proiektu hau Zaldibin jaio zen eta sorlekuari omenaldia egin nahi genion. Bi kide ginen, zaldi zaleak akaso... ez dakit. Bi zaldi!
Zerbait aurreratu diguzu baina nolakoa izan dela esango zenukete herritarrengandik jasotako harrera?
G.U.: Nik uste espero ez genuen harrera izan duela proiektuak. Lehenik eta behin, esan, kitarra hutsez eta harmoniaz baliatzen garela. Gure proposamenak badu halako tristura alai bat, erraz gozatzekoa. Gainera, naturaltasun osoz ekin genion kantatzeari, asko pentsatu gabe, gogoak hala eskatzen zigulako. Nik uste entzuleak naturaltasun hori bere egiten duela, eta bi gazte kantuan ikustea ederra dela, gauzez ahazteko, zerbait oroitzeko...
Nola deskribatuko zenukete zuen taldea, eta egiten duzuen musika?
G.U.: Gure proposamena ingelesezko abestiak euskaratzeko asmoarekin jaio zen bikote akustikoa da. Bi ahots eta kitarra bat –zuzenean saxoa ere bai!– soilik. Bertsioetatik jaio arren gure abestiak sortzera bideratu dugu jarduna orain, beraz, bertsioetatik jaio, hemendik edan, baina bere ukitu bereizgarria bilatu nahi duen bikote akustikoa garela esango nuke. Egiten duguna ederra dela esango nuke, guretzat behintzat, harmonian oinarritutako musika lasaia.
Zeintzuk dira zuen erreferentziako taldeak, musikariak?
G.U.: Gustu ezberdin eta amankomun asko ditugu biok. Zerrenda amaigabea izan liteke. Akaso, Bi zaldik, Simon and Garfunkel ditu erreferente gisa, euren planteamenduarengatik batez ere. Baina, musikalki denak eragiten dio sortzeko gogoari, beraz, errefente handiena gure sortzeko gogoa izango litzateke.
Norenak dira zuen abestien letrak, ze hizkuntzetan?
G.U.: Letren sortze prozesua nire lana izaten da gehienetan, eta Beñatek egiten du musika moldaketa, nahiz eta elkarri laguntzen diogun. Euskaraz izaten dira hitzak, asmo horrekin hasi ginen, ingelesezko sonoridade hori euskarara bihurtu zitekeenaren uste sendoarekin.
Euskaraz aritu gara eta arituko gara, hori baita gure hizkuntza eta hala sentiarazi nahi ditugu gauzak, hala sentitzen ditugulako.
Zein gai jorratzea duzue gustuko?
G.U.: Gai nagusia beti da aurrean duguna. Bizitza, joan etorriak, poztasuna, eta nola ez zauriak. Hausnarketa bideratzen duten hitz autobiografikoak lirateke, ez gureak soilik, edozein izakirenak.
Ze publiko motari zuzendua dago zuen musika?
G.U.: Gure musika, egunerokotasunaren inertziatik jaitsi eta 45 minutuz, lasai, kafe edo dena delako baten inguruan, gustora egon nahi duen edonori zuzendua dago.
Talde honi ibilbide luzea aurreikusten diozue edo momentuko zuen musika zaletasuna asetzeko sortutakoa da?
G.U.: Normalean taldeek duten dinamika asko ez ditugu guk (entseguak, ordutegiak finkatzeko beharra, material handia...), beraz, musika talde baino kantuan gabiltzan bikotea gara. Elkartzen garenean badugu halako zubi eder bat gure artean, eta hori betiereko altxor bat da guretzat, zuzenean gehiago edo gutxiago jo arren.
Gonbidatu herritarrak Sarobeko kontzertura hurbiltzera.
G.U.: Urnietako zenbait txokotan ibili gara jada baino Sarobeko hitzordua berezia izango da, oholtzan lagun izango ditugunez gain, betiko indar eta ilusioz kantatuko baitiogu bizitzari! Hortxe gonbita!