Sinadura kanpaina martxan jarri du ‘Andoain Esan’ taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko api. 28a, 02:00

Udazkenean erabakitze eskubideari buruzko herri kontsulta antolatu nahi dute, eta horretarako sinadura ekitaldiari ekin dio ‘Andoain Esan’ ekimenak.

Lehen agerraldi publikoa izan zen, hainbat astez lantaldea martxan jarri eta gero. Esan daiteke abiapuntua arrakastatsua izan zela, laurehun herrikide inguru hurbildu baitzen Goikoplazako ekitaldira. Manifestua irakurri zuten euskaraz eta gaztelaniaz, eta ondoren giza-kate baten bitartez Goikoplaza osoa hartu zuten. Giza-katearen amaieran, Ane Amutxastegi ekimenaren bozeramaileetakoak boto 'sinbolikoa' sartu zuen plazan bertan zegoen hautestontzian. Txalo artean amaitu zen ekitaldi sinboliko hura. Segidan, taldeko argazkia atera zuten udaletxearen pareko eskailaratan. 

Eta ekitaldiari amaiera emateko, sinadurak jasotzeari ekin zioten. Izan ere, hurrengo egunetan biztanleria osoaren %10aren sinadurak beharko dituzte herri kontsulta egin ahal izateko. ‘Andoain Esan’ ekimenak bulegoa zabaldu du Kaleberrian, Delgado liburudendaren ondoan. 

Andoain Esan bulegoa:

Kaleberria, 1. Andoain.
11:00-13:00 / 17.00:20.00

 

Aurkezpen ekitaldiko adierazpena:

Durango-Iruñea duela hiru urteko giza-kate erraldoia eta “Oihalak ehunduz” ekimena izan dira erabakitze eskubideari loturik Andoainen bideratu diren ekimenak. Oraingoan urrats handia eman nahi dute aurrera, herrian bertan herri kontsulta antolatuz. Goikoplazan larunbatean egin zuten adierazpenean andoaindarra subjektu politiko izatea aldarrikatu zuten: “Herritarrok erabaki ahal izatea aberasgarria izan daitekeela pentsatzen dugu, sentsibilitate ezberdinak ditugunon arteko eztabaidak piztu daitezkeelako. Aldi berean adostasunak hitzartu eta konplizitateak sortzea eragin dezake eta azken batean herritarren artean gogoeta sustatu etorkizunean zer nahi dugun izan argiago jakin dezagun. Herritarrok erabaki ahal izatea arduraz eta erantzukizunez jokatzea da, gure herriaren etorkizuna besteen esku utzi beharrean. Herritarrok erabakitzea izan daitekeen ariketa demokratikorik osasuntsuena izan daitekeela pentsatzen dugu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!