Truchuelo anaien argazki ondarea, herriarentzat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko api. 27a, 02:00

Truchuelo anaiek, Emiliok eta Ramonek, beren argazki bilduma osoa Andoaingo Udalaren esku uztea erabaki dute eta hitzarmenaren sinatze ekitaldia ospatu da gaur.

[Argazkiak]

Jende ugari bildu da ekitaldira; bi anaien senitartekoak, udal langileak (Jose Maraña Udal idazkaria, Karmele Otaegi Udal artxiboko arduraduna eta Marta Truchuelo artxiboko langilea) eta ordezkari politikoak (EH Bilduko Ana Carrere, Ion Zulueta, Ainara Rodriguez eta Esti Mujika; EAJko Marijose Izagirre; PSEko Maider Lainez eta Daniel Garcia; Irabaziko Jorge Mouriño; eta Ganemoseko Olga Hernandez).

Carrere alkateak egin ditu aurkezpen lanak, eta poza azaldu du lehenengo eta behin, Truchuelo anaiek egindako lagapenagatik: “Zorioneko albistearekin datorkigu gaurkoan, eskuzabaltasun handiz euren argazki bilduma osoa udalaren esku uztea erabaki dutelako. Eskerrik beroenak zuei, Andoaingo Udalaren eta herriaren izenean”.

Gogorarazi duenez, Emilio eta Ramon 50eko hamarkadan murgildu ziren argazkigintzan eta harrezkero Andoaingo memoria historikoa, gertaeren akta grafikoa osatzen joan dira. “1953 urtean ekin zioten ibilbideari, eta 1999 arte Andoaingo lekuko paregabeak izan ziren herrian. Jaiak, erretratu pertsonalak, gertakizun garrantzitsuak… Gure herriko memoria historikoaren ezinbesteko parte diren irudiak joan ziren osatzen urtez urte. Hortaz, andoaindarrontzat parekorik ez duen argazki ondare baten aurrean aurkitzen gara”.

Iraganean argazkilari ezaguna izan zen hirugarren herritar bat aipatu zuen Carrerek: “2011n, beste izen handiko argazkilari baten ondarea jaso genuen dohaintzan, Moises San Joserena hain zuzen, bere familiaren eskutik. Harenari gaurkoa batuz gero, esan dezakegu 50 hamarkadaz geroztikako geure historia osatzeko balio handiko altxorra edukiko dugula hemendik aurrera”.

Azkenik, truchuelotarren argazki funtsa zaindu, ordenatu eta herritarren eskura jartzeko konpromisua adierazi du alkateak.

Udal artxiboko arduradun Karmele Otaegik ere hitza hartu zuen ekitaldian, zera adierazteko: “gaur egun mugikorren etengabeko klik hotsera ohitu gara, baina kosta egiten zaigu ulertzea orain dela 40 edo 50 urte argazkilari profesional horiek egiten zuten errituala. Argazki-erroiluak eraman behar, makinak martxan jarri, gela ilunean errebelatu lanak egin likidoak eta elementu horiek erabiliz… Errituala bezeroentzat ere izaten zen, izan ere, eurek erabakitzen zuten noiz jarri argazkilari horien esku erretratuetan atera zitezen aparteko gertakizunetan, zirela bataioak, zirela jaunartzeak, zirela ezkontzak… Etorkizunerako geratzen ziren paperezko agiriak izaten ziren horiek. Gainera, argazkilari horiek, herrian gertakizuna non hantxe egoten ziren beti-beti. Horrexegatik, XX. mendearen bigarren zatia ezagutu nahi badugu, premiazkoa egiten zaigu Truchuelotarren argazki funtsa kontsultatzea”.

Alde horretatik, Udal artxibotik argazki ondarea sailkatu eta argazki horien protagonista diren herritarrei ahalik eta azkarren eskura jartzeko berretsi dute.  

 

Familiaren laguntza

Emilio Truchuelok labur mintzatu da ekitaldian. Andoaingo Udalak argazkiak ondo zainduko dituelako poza agertu ostean, familia eduki du gogoan: “Anaia eta biok une hauxe probestu nahi genuke geure esker ona adierazteko familiari. “Truchuelo argazkiak” negozio familiarra izan baita. Gurasoak, arrebak eta gainerakoek estuki lagundu dute aldi eta zirkunstantzia ezberdinetan”.

Emilio 1928an jaio zen, eta Ramon 1934an, Andoainen biak ere. Gazte zirela Laborde lantokian hasi ziren lanean. Txikitatik zekarten argazkirako zaletasuna, eta 1953an denda irekitzea erabaki zuten, familiaren etxebizitzan bertan erakusleihoa jarriz. 1962an, argazkilaritza jarduera zabalduz, Kale Nagusian denda ireki zuten; eta pauso bat aurrera eramanez, 1986an, Ramonek Villabonan bigarren denda berria ireki zuen.

 Ekitaldiaren amaieran, bildumako zenbait argazki esanguratsu ikusi ahal izan dira pantaila batean.

Gaur Udalean lagatako argazki funtsak 1953-1999 epea biltzen du. Guztira, 138.000 milatik gora negatibok eta 7.000 milatik gora plakek osatzen dute funtsa hori.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!