Ezpela sikatzen duen plaga

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko api. 26a, 02:00

Ezpela zuhaixkari eragiten dion plaga nabaria da Andoainen ere. Sorabilla auzoko, Plazaola Kaleko eta beste zenbait tokietako jardinetan dauden zuhaixka horiei berehala antzematen zaie nola lehortu diren azken aldian.

Polilla txinatarra, Cydalina perspectalis izenekoa da plaga horren erruduna. Ezpel jale amorratua da beldar hori, eta bere larbak landare horren hostoak jaten ditu, ezpela defoliatzeraino.

Ramon Varela Andoaingo Udaleko inguruko teknikariak adierazi duenez, herriko lorazainak bi tratamendu mota ezartzen ari dira plaga kontrolatzeko asmoz. Bata, metodo biologikoa da: ezpela bakteria batez zipriztintzen da, eta beldarrak hostoa jatean, berari eragiten dio. Intsektizida kimikoa ere erabiltzen ari dira. Bi metodoetan erabiltzen diren produktuak ez dira selektiboak, hau da, kaltegarriak izan daitezkeela edozein intsektu espezierentzat. Esate batera, erleentzat. Nolanahi ere, horiek ez dira ezpelera hurbiltzen.

Europan, Alemanian 2007an detektatu zen lehenbiziko aldiz plaga ezpela jale hau. Orduz geroztik zabaltzen joan da hainbat herrialdeetara; Espainiako estatuan Pontevedran sumatu zen lehen aldiz, 2014an.     

Asiako liztorrarekin eta gainerako espezie inbaditzaileekin gertatu izan den bezala, denborak ematen duen eskarmentuaz baliatu behar da neurririk eraginkorrak ezartzeko orduan.

Andoainen iaz detektatu zen plaga lehenbiziko aldiz. Denboraren poderioz ikusi da orduan plagak lehortutako zenbait ezpel betirako geratu direla horrela, eta beste zenbaitetatik, ordea, kimu berriak jaio direla.   

Ohartarazi behar da, ez pertsonengan ezta animaliengan ere ez duela eragin kaltegarririk tximeletan bihurtzen den beldar honek.

Bestalde, plaga urtean hiru ziklo egitera iritsi daitekeela frogatu da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!