Elorzaren margolan geometrikoak ikusgai Basteron

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko api. 25a, 02:00

Joserra Elorza egilearen artelanez osatutako erakusketa joan den ostiralean ireki zen Basteron. Elementu xumeak erabiliz, irudi geometrikoak lantzea du gogoko Elgoibarko artista honek, eta oihalean, kartoian eta paperan eginiko 35 margolan jarri ditu Basteroko erakusketan.

Elorzak bere margolanen gaineko azalpenak eman zituen ostiralean Basteron egin zen irekiera ekitaldian: “Pintura akrilikoa ari naiz jorratzen azken aldian, eta irudi geometrikoak erabiltzen ditut irudi eta espazioak eraikitzeko. “Minus” izenburua jarri diot erakusketari, eta nahiko ondo laburbiltzen du zein izan den nire asmoa: lerro linealak erabiliz, hots, artilujio piktoriko gutxi eta xumeekin, ahalik eta emozio gehien sorraraztea”.

Abstrakzioa du gogoko Elorzak, eta marratxo bertikal eta horizontal hutsekin, ideia indartsuak eta adierazkorrak adierazi nahi izaten ditu.

Elorza poza agertu zen bere artelanak Basteron erakusteko aukera eman zaiolako: “betidanik gustatu izan zait Basteroko areto hauxe, bere forma ausartengatik. Erakusketarena proposatu zidatenean berehala eman nuen baiezkoa, bi arrazoi zirela medio: nire obrak leku honetan egoki moldatu zitezkeela pentsatzen nuelako, eta noski, obren lanketa prozesuaren azken pausoa jendeari erakustea izaten delako”.

Erakusketa osatzen duten margolanak ekainaren 3a bitarte egongo dira ikusgai Basteron, astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan 10:30etatik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!