Bertsopilota ekimenak eman du berea, Argentinan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko api. 25a, 02:00

Bertsopilota ekimeneko kideek bi aste igaro dituzte Argentinako diasporan pilota eta bertsoa uztartzen dituen emanaldia eskainiz. Ez ahazteko moduko esperientzia izan da parte hartzaileentzat. Ondorengo lerroak idatzi ditu Iñaki Lizaso billabonatarrak handik bueltan:

Argazkiak

ARGENTINA, HAIN HURBIL  ETA HAIN GERTU

Egondaldi berezia izan da. Une gogoangarriak, historikoak batzuk, bihotzaren barrenean gordetzekoak beste asko. Oihana Iguaran bertsolari Amasarrak eta  Iñaki Lizaso pilotari Villabonatarrak, Beñat Gaztelumendi bertsolariarekin,  Arkaitz Esnaola eta Iker Urmeneta pilotariekin eta Ekain Ormazabal aurkezlearekin batera 7 euskal etxeetan egon eta gero, ekarpen zoragarriak jaso dituzte bakoitzetik.

Bertsopilota “Argentina Bira” Buenos Airesen hasi zuten, Euskaltzaleak eta Laurak bat Euskal Etxeetan barrena. Bi errealitate ezberdin, biak emankor eta zirraragarriak. Euskaltzaleak Euskal Etxea, txikia baina giza balore izugarriekin irauten duena da. Euskal kultura eta euskara batez ere bizirik egon dadin lan handia egiten duena.

Bertan egindako lehen harrera zoragarria izan zen, asado goxo bat tarteko ongi etorria ezin politagoa suertatu zen. Bertsoak eta kantuak ez ziren falta izan. Oso maitatuak sentitu ginen.

Lo tokia Buenos Aires erdi erdian izan genuen, eta bertako kale adokinetatuetan murgiltzeko aukera paregabea bizi izan zuten.Caminito, Boca zonaldea ezagutzeko aukera ere izan genuen.

Hiriburuko beste euskal etxea Laurak bat izan zen. Martxan den Euskal Etxe zaharrena. 140 urteko eraikin erraldoia da eta 1882an eraikitako beraien trinketean burutu zen birako lehen Betso Pilota. Ohore bat izan zen betsoak eta esku pilota bertan uztartzea.

Rock talde baten gisan, furgoneta handi batetan murgitu gara La Pampatik barrena eta Buenos Aires atzean utzi eta gero La Platara iritsi ginen. Bertan Euzko Etxea Euskal Etxea zai. Eta bertan ere harrera ezin beroagoa.  Ilusioa dastatzen da, ikasteko gogoa, euskal kultura jaso eta zabaltzeko eta iraun dezan lan egiteko indarra.

La Platan “Mundu bata hoz aho” dokumentala ikusi eta aztertu, Bertsopilota burutu, asado goxoak dastatu etab luzea egin genituen.  Eta afari goxoa dastatzen ari ginelarik, ibilbidean ez zegoen beste geldialdi bat zehaztu zen kasualitatez: Laprida.

La Platatik Necocheara. Ziurrenik Euskal etxe aktiboena. Gaztetasun eta energiaz betea. Kostako herri honetan 3 egun igaro genituen eta Necocheatarren egutegiaren barruan zeuden Korrika eta Aberri egunean parte hartzeko aukera izan genuen. Une oso politak bizi izan zituzten, Korrika bertan bizitzeak betirako barnean gordeko dugun esperientzia izan bait zen. Bertso Pilota beroa jokatu eta 70-80 laguneko afaria izan eta gero Aiurrik eskainitako kantu liburuak bertan banatu eta kantu saio ederra izan genuen.

Necheatik irten  eta Bahia Blancan egin genuen birako geldialdi motxena. Patagonian den  Viedmarako bidea luzea tarteko, atseden hartzeko Bahian geratu ginen. Bertakoekin afari Eder batetaz gozatu ondoren, biharamunean Pilota Saioa eskaini genien. Takoak egiten irakatsi eta pilota saio bat eskaini zuten.

Eta segidan Viedmara. Patagoniara. Gezurra badirudi ere han ere euskara bizirik dago. Euskal kultura bizirik dago. Bertako Aberri Etxean dabiltzan haurrak euskaraz entzutea hitzik gabe utzi gintuen taldekoak. Harrera ezin hobea izan zen. Agian, guztietan beroena. Argentinako txoko hartara Euskal Herritik joaten diren taldeak ez dira horrenbeste eta antzematen da.

Patagonian historian izandako lehen esku pilota partida jokatu genuen. Baita lehen bertsoak frontoi batean abestu ere.

Viedman 3 egunak oso aktiboak izan ziren eta Bertsopilota taldekoek: dantza saioak, euskarazko haur kanta saioa,  bertso tailerra, mintza praktikak..etab eskaini genituen. Rocio da bertako bihotz eta arima, euskara zainetan, euskaraz bizi nahi du eta nabari da. Harrigarria da, hain urrun, euskaraz ikasteko grina, gogoa eta sentimendua nolakoa den ikustea. Asko dugu ikasteko disporatik.

Euskal Etxekoek, bertako Casinoan 100 lagunentzako afari solidarioa antolatu zuten Bertsopilotakoen etorreragatik eta han ere izan zen emankizunik: BiHozkada taldeko Iñakik beraien kantak abestu zituen, Oihana eta Beñatek bertsoak eskaini zituzten eta amaitzeko taldekoek euskal kantak abestu genituen. Dantza ez zen falta izan eta guztiak euskal dantzaz gain bertako Chacarera ere ikasteko aukera izan genuen.

Viedma bihotzean betirako geratu ostean, kasualitatez sorturiko Lapridarako bidea hartu genuen.

Lapridan telebista, prentsa eta jende andana guztiak gure zain. Harriduraz hartu gintuen bertako harrerak. Pilotalekua beteta, guztiak pilotaz gozatzeko zain. Batzuak inguruko herrietatik etorrita 60km eginak ikuskizunaz gozatzeko. Inoiz ez zuten esku pilota bertatik bertara bizitu eta antzematen zen. Bertan ere historian lehen aldia Bertsopilota bezalako ikuskizunaz gozatzen zutela. Tarteka pilotalekua behera eroriko zela zirudien. Apustuak ere bizi bizirik. Bertsopilota bakoitzean, Urdaira sagardoa eta Gaztainaditxulo gazta zozketatu baiziren eta bereziki preziatu bihurtu ziren euskal produktu hauek bira guztian zehar.

Afaria Lapridako euskal etxean izan zen eta beste kasualitate bat bizi genuen: bertako liburutegiak Pedro Mari Otañoren bilobaren izena zeraman: Magdalena MOUJÁN OTAÑO". Zuzendariarengana jo genuen galdera zuzenarekin, ea zerikusirik ba ote zuen Pello Mari Otaño bertsolariarekin. Biloba zela jakin genuen momentuan eta fisikari handi izateaz gain idazle ere bazela kontatu ziguten, euskal etxearen sorkuntzatik bertatik hartu zuela parte eta haren ekarpen handiari esker .Gaua bertako pelikuletan bezalako Rantxo idiliko batetan igaro ostean, Azken helmuga zain. Rosario.

Bederatzi orduko furgoneta saioa egin ondoren Rosariora iritsi ziren. Pedro Mari Otaño zizurkildar bertsolaria hil zen tokira. Zazpiak Bat euskal etxeak besoak zabalik hartu zuten taldea eta bertan izan zen azken Bertso pilota saioa. Ezker pareteko frontoi bakanetako batean, ordurarteko pilota partida guztiak trinketetan izan baitziren.

Bitxikieria gehiago ere izan zen: Alejo izeneko gazte batek hartu gintuen Rosariora iritsi eta berehala. Euskal arbasorik gabe, euskara ikasteko grina izan eta euskaraz ikasitakoa. Luxu bat izan zen Rosario, euskaraz, bere eskutik ezagutzea.

Rosarion eman diogu amaiera bertsopilotaren Argentinako birari. Parana ibaia bezain zabala izan da ikusitakoa eta korronte beraren indarrez bultzatzen gaitu itzultzera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!