Aurelio aitak portugaldarra izaten jarraitzen du, hemen ez baita inoiz nazionalizatu. Beatriz eta Silvia jaio zirenean, Portugaleko kontsulatura joan zen haurrak inskribatzera, baita bere bi abizenekin inskribatu ere: Dos Santos Ruivo (nahiz eta Portugalen seme-alaben lehenengo abizena amarena izan). Bi alabek, adin nagusitasuna lortzean, amaren abizena bigarrentzat jarri zuten euren agiritegi ofizialean.
Aureliok eta Maitek alabak eskolaratzeko garaian, gurasoek Egape ikastola aukeratu zuten. Aiurri, Maite amarekin eta Silvia alabarekin bildu da.
Nolakoa zen gaztetan atzean utzi zenuen Castillejo de las Casas herria?
Maite de los Santos: Nekazal herri txikia. Mugan egonik kontrabando asko zegoen. Portugaldar asko etortzen zen denboraldi baterako nekazal lanak egitera. Portugaldarrak langile onak izatearen ospea zuten eta edozertarako deitzen zitzaien. Mugaren alde bietara espainola eta portugalera ondo ulertzen genuen.
Noiz etorri zinen Urnietara?
M.d.l.S.: 1972. urtean. Bakarrik etorri banintzen ere, aurretik etorritako anaia bat hemen bizi zen. Osabak eta beste hainbat familiarteko ere ordurako hemen ziren. Toraxen lanean hasi nintzen. Aurelio, senarra ere ordurako hemen zen. Hernaniko Orbegozon lan egiten zuen. Biok auzokoak izanagatik hemen ezagutu genuen elkar. Nire gurasoak Portugalgoak, Aurelioren herri berekoak ziren, eta umetan askotan joaten ginen hara. Gogoan dut hango umeek harrika hartzen gintuztela "españolitas iros para España" esanaz. Pentsatzen dut harriak botatzen zizkiguten haien artean egongo zela nire senarra ere.
Zure burua Urnietan ikusten zenuen ezkondu zinenean?
M.d.l.S.: 1975. urtean ezkondu ginen eta beti argi izan dugu Urnietan bizi nahi genuela. Hernaniko Orbegozo enpresa itxi zenean, senarrak Gasteizera joan beharra izan zuen lanera. 16 urtetan aritu zen han lanean. Gasteizen etxebizitza bat alokatu zuen beste batzuekin eta astea bertan egiten zuen, asteburuan Urnietara itzuliz. Geroago, bus bat alokatu zuten eta egunero etxeratzen zen lotara.
Silvia dos Santos: Gure hainbat familiarteko Orbegozoko indemnizazioa hartu eta Portugalera itzuli zen. Beste batzuk Gasteizera joan ziren bizitzera. Gure aitak ere erabaki bera har zezakeen, baina hemen geratzea erabaki zuen. Aitari erruz eskertzen diogu gu Urnietatik atera ez izana.
Garai hartako Urnietan Azkorte eskola publikoa, Presentación de Maria ikastetxea eta Egape ikastola zeuden aukeran, eta zuei ere iritsi zitzaizuen erabakitzeko unea...
M.d.l.S.: Orduan monjetara uniformearekin joaten ziren, eta hori ez genuen atsegin. Eta bestetik ikusten genuen hemen bizi eta lan egiteko euskara beharrezkoa izango zutela, eta gerora horrela izan da. Beraz, Egapera eramatea erabaki genuen. Senarra eta biok oso harro gaude beraiek euskaraz hitz egiten dutelako.
Kanpotik Urnietara bizitzera etorritakoen artean ohikoa al zen jarrera hori?
M.d.l.S.: Hemen zeuden portugaldar familiak, bat edo beste kenduta, haurrak ikastetxe publikoan inskribatzeko joera zuten.
Silvia, zein urtetan hasi zinen ikastolan?
S.d.S.: 1979an. Bi ahizpak batera hasi ginen, Beatrizek hiru urte zituen eta neuk bi. Orduan hirurekin hasten ginen baina nik ere joan nahi nuen eta onartu egin ninduten. Hasiera hartan Azkorte ikastetxean eta Zentroan –Orain Sarobe dagoen tokian– izan ginen, Lizardi kaleko eraikina egin zen bitartean.
Silvia nola baloratzen duzu zuk gurasoek ikastolara bidali izana?
S.d.S.: Ez daukat behar adina hitzik eskertzeko. Ikastolara joan izanak eta euskaraz jakiteak berez ez dizkit lanerako ateak ireki, lan bakoitzerako beharrezko diren ikasketak egin behar baitira, baina, gu euskaraz jakiteaz harro gaude.
Ikastola atzean utzitakoan, ondorengo ikasketak zein hizkuntzatan egin zenituen?
S.d.S.: Ikastolaren ondoren institutuan euskaraz jarraitu nuen, gero, unibertsitatean psikologia karrera gaztelaniaz egin nuen. Euskarazko hiztegi teknikoa konplikatuagoa da.
Maite, haurrak ikastolan izanik, euskara ikasteko saiakerarik egin al zenuen?
M.d.l.S.: Bai, ikastolak berak antolatutako ikastaroetan ibili nintzen pixka batean. Elizaren ondoan, zinearen azpiko gela batean aritzen ginen Arantxa andereñoarekin.
Lagunartean zein hizkuntza erabiltzen duzu?
S.d.S.: Gazteago ginenean, kalean eta lagunartean erdaraz hitz egiten genuen, orain helduagoak garenean euskaraz gehiago aritzen gara. Haurreskolan lanean hasi nintzenean, berreskuratu nuen euskara. Portugalera joaten naizenean, ilobarekin euskaraz hitz egiten dut, eta asko harritzen dira. Esan beharra izaten diegu hemengo hizkuntza dela. Jakinmina pizten zaio askori. Zalantzarik gabe, hizkuntza berezia da gurea.
Haurreskolan egiten duzu lan, eta euskara duzu lan tresna...
S.d.S.: Horrela da. Amara auzoko haurreskolan ari naiz lanean. Haurrei naturalki hitz egiten diet euskaraz.
Haurrak ekartzen dizkizuten gurasoen artean zer-nolako jarrera ikusten duzu?
S.d.S.: Oso ona. Gurasoen artean oraintxe bertan badaude euskaraz ikasi duten kataluniarrak, euskaltegira doan egiptoar bat eta abar. Urnietan bertan ere, Kebab-eko pakistandarrari telefonoz deitu eta euskaraz erantzuten dizu.
Silvia zer eman dizu euskarak?
S.d.S.: Txikitan bi ahizpok euskaraz hitz egiten genuen gurasoek zerbait jakitea nahi ez genuenean. Serio jarrita, badago esaldi bat “euskalduna naiz eta harro nago" dioena, eta horrelaxe sentitzen naiz ni. Hizkuntzak jakitea premia bat da, eta txikitatik portuguesa ere modu naturalean hitz egiten dudan moduan, ez dut ulertzen hemen bizi den hainbat jendek gaur egun beraien seme-alabentzako A eredua eskatzen jarraitzea. Ez zait buruan sartzen.
BITXIKERIA
1991. urtean Castillejo de las Casas eta Vale da Mula herrietako biztanleak ados jarri ziren, gune horretan Espainia eta Portugal banatzen dituen Turones ibaiaren gainean zubi bat eraikitzeko. Espainia eta Portugalgo gobernuen baimenik gabe egin zuten, herritarren diruarekin ordainduta. Bertatik traktoreak eta autoak pasa zitezkeen. Zubia eraisteko agindua emanagatik ere, bertan geratu zen. Handik urte gutxitara Europaren aginduz bota egin zuten.