Jaietako tradizioari lotutako bi liburu berri idatzi ditu Juan Mari Irustak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko api. 23a, 02:00

Eskopeteroei eta batelei lotutako liburu bana argitaratu ditu juan mari irusta historia zaleak, santa krutz jaien atarian. dagoeneko herriko liburu-dendatan salgai daude.

Elkarrizketa:

Zeuk egin duzu guztia: ikertu, idatzi, maketatu, argitaratu… Eta modu bikoiztuan gainera…
Bai, zaila dago liburuen argitalpenen kontua, eta ez da behar bezala baloratzen historia-liburuen atzean dagoen lana. Ez daukat negozioa egiteko asmorik, eta nire patrikatik ordaindu ditut biak. Gure herriko historiaren zati bat jakinaraztea da nire asmoa, horren gutxi ezagutzen baitugu!
Eskopeteroen kapitaina nintzenean, 2002an, Santa Krutz elkarteko Joxean Jauregik hor bota zidan galdera, ea nondik zetozen eskopeteroak, ez baikenekien. 2005ean erretiroa hartu nuenean, Jauregik berak ikertzen has nendin  animatu ninduen. Agiriak eta informazioa bildu eta bildu, jai egitarauan aipamen txikia egitea zen lehenbiziko asmoa, baina asuntuak liburu baterako tamaina hartu zuen. 

Non du jatorria eskopeteroen tradizioak?
Aintzinako armen alardeetatik datorrena da, inondik ere ez da jaietako apaingarri gisa sortutako zerbait. Gerrate karlisten ostean euskal foruak deuseztatu eta soldaduska behartu zen arte, Gipuzkoan herri bakoitzak bere arma alardea egin behar izaten zuen, Santiago egunaren inguruan. Frantsesen edo ingelesen inbasioaren beldur, diputazioak herriko miliziak mobilizatzea agintzen zuen, 18 eta 60 urte bitarteko gizonezkoak hain zuzen. Hiru bat egunez irauten zuen ospakizuna izaten zen, eta tartean armen inguruko lehiaketak, dantza saioak…, denetik antolatzen zen.

Andoainen eskopeteroak Santa Krutz jaiekin eta herriko banderaren jaitsierarekin lotu izan dira aspaldiko urtetan…
1919an ekin zitzaion tradizio horri, Garagorri alkate zela. Agintariek, eskopetero eta bordon dantzariekin batera, herriko bandera Olajauna etxera jaitsi eta hantxe zintzilikatzen zuten, jaiak amaitu arte. Bertan udalbatza egiteko ohitura ere bazuten. Prozesio erlijiosoarekin batera egiten zen bandera jaitsiera hori. 1934 arte izan zen horrela, Errepublikarekin batera prozesioak kentzen joan baitziren. 1957an berreskuratu zen ohitura hura, Santa Krutz elkartea sortzearekin batera.

Ezpata dantzariak gehitu zaizkio tradizioari azken urtetan. Nola ikusi duzu aldaketa hori?
Primeran egokitu dira ekitaldira. Serio hartu du tradizioa Urki dantza taldeak, eta ikusgarritasuna eta aberastasuna erantsi zaio jaiari.
     
Zeuk 2013an utzi zenuen kapitainaren kargua. Nola ikusten duzu eskopeteroen geroa? 
Santa Krutz eta Zumeatarrako kideek osatzen dute taldea, gaur egun; badago 15 laguneko koadrilla eta hor segituko duena beste hamar bat urtetan. Baina aurreragoko kontua ez dago ziurtatuta. Ez da lan erraza izango tradizioa maite duen gazte jendea inplikatzea.

Herrian sustraituta al dago eskopeteroen tradizioa?
Bai, baina esango nuke batik bat barru-barrutik Kale Nagusiko eta inguruetako pertsona helduek sentitzen dutela. Ez hainbeste gazteen artean.

Zure bigarren liburuak batelen estropaden kronika dakar... 
Egundoko arrakasta eduki zuten Gipuzkoa mailan 1950etik 1984ra bitarte jokatu ziren batelen lehiaketa ezberdinek. Bere eboluzioa eduki zuten, nolanahi ere. Bi laguneko piraguekin hasi ziren lehen urteetan, lauko txalupekin jarraitu zuten hurrengoetan. 
Zumea, Bastero, Etxeberrieta eta Kaletxiki auzoko gazteak lehiatu ziren 1961 bitarte, eta orduz geroztik Gipuzkoako arraun taldeen arteko estropada bilkatu zen. Urte horietan Andoaingo ordezkaritza Santa Krutz eta Errekaburu elkarteek osatu zuten.

Jendetza erakartzen zuten batelek...
Ikaragarria izaten zen! Jendez gainezka jartzen ziren Oria ibaiaren bi aldeak. Kontxako estropadak alde batera utzita, Andoaingo bandera Gipuzkoan oihartzun handiena zuen norgehiagoka izan ohi zen. Egin kontu, Donostiako estropadetan aritzen ziren artekarien erdiak etorri ohi ziren hona, dirua jokatzen baitzen apustuetan. 
Andoainen, betidanik, Santakrutzak Sanjuanak baino herrikoiagoak eta arrakastatsuagoak izan dira: Udaberrian sartu berritan ospatzen direlako, inguruan beste inon jairik ospatzen ez delako… urte haietan batez ere nabaritzen zen aldea. 

Auzotarren arteko lehiaketak, biziak izango ziren inondik ere…
Borroka latza izaten zen auzoen eta auzotarren artean, ur gainean ez ezik baita kalean ere. Jaien aurreko entrenamendu egunetan, egundoko mugimendua egoten zen erreka bazterretan; ikusle ugari biltzen zen, beretarren eta aurkarien indarrak neurtzera joanda. Behin auzo batekoak beste auzo bateko arraunlari bat “erosten” saiatu ziren; arraunlariak berak kontatu zidan hori… Detaile horrek eman diezaguke neurria, zenbateko grinez bizi ohi ziren batelak.  

Makina bat pasadizo bilduko zenituen. Baten bat kontatzerik?
Esate baterako, Zumeako tripulazioari 1956an gertatutakoa. Norgehiagoka hasi aurretik, zaletu batek koñak botila eskaini zien arraunlariei, hura edanez gero arraunean kementsu arituko zirela aginduz. Baina lanean hasi bezain pronto, euforiko zegoen patroiak batela urbazterrera bideratu zuen. Arraunlariak, haserre bizian, elkarrekin sesioan hasi ziren, eta patroiak, atsekabeak jota, putzura bota zuen bere burua!
Beste bat gehiago aipatu beharra daukat. 1963an Peña Santa Krutz elkartekoek egundoko tripulazioa atera zuten. Tartean ziren geroxeago olinpiadetan parte hartu zuen Jexus Mari Leizeaga Ubilluts, eta 15 urte besterik ez zituen Jose Luis Korta. Sailkapen fasean alde handia atera zieten gainerako batelei. Heldu zen azken proba, eta han ere aurre-aurretik zihoazen. Baina hor non ziabogetako bat oker hartu zuten! Epaileek deskalifikatu egin zuten batela, eta orduantxe egundoko istiluak sortu ziren! Irainak barra-barra entzun ziren, eta hainbat ikusle eskutara ere iritsi zen. Dirua jokoan zegoen eta. 

Apar zikinez gainezka etortzen zen Oriak ere eragingo zuen pasadizoren baten bat edo beste…  
Europan zegoen ibairik kutsatuena zela zioten orduan, egin kontu. 1972an bertan behera uztekotan egon ziren, hainbestekoa baitzen aparra! Eskerrak Orioko jendeari! Bi zodiak ekarri zituzten erakustaldiren bat egiteko, eta haiek ibili behar izan zuten ibaian gora eta behera, estropadaren aurretik bidea irekitzeko. 

Batelak aspaldi ezkutatu ziren Andoainen, baina jendeak oso gogoan ditu oraindik ere...
1985ean jokatu ziren azken batelak. Eskola Kalearen eta Makaldegiaren artean zegoen presa eraitsi egin zuten eta akabo batelen festa! Berreskura zitezkeen nahi izatera, Tolosan erabiltzen duten presa puzgarria ezarriz eta horrekin sakonerako ur putzua sortuz, baina garesti irtengo litzateke. Gainera, ez dakit nik zenbateko arrakasta edukiko lukeen operazio horrek, publikoari begira. 
Garaiak aldatu egin dira eta horrekin ere dezente aldatu dira gaurko gazteen jokabidea festa bizitzeko garaian. Jada ez dira kalean bizitzen eta gozatzen, iraganean bezala. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!