Noiz sortu zen Lear taldea, nortzuk osatzen duzue, eta zein izan da orain arteko ibilbidea?
Andrea Legarra: Irenek eta biok betidanik jo izan dugu etxean. Gitarra jo eta kantatu, eta 2016ko uztailean Xauxar tabernan antolatzen dituzten "Asteazken sozial" horietako batean jotzea eskatu ziguten, eta baiezkoa eman genuen. Orduan, Maialeni aipatu genion eta berak kaja joko zuela esan zigun. Horrela, kanta batzuk prestatu eta lehenengo emanaldia egin genuen. Geroztik hainbat tokitan jo izan dugu, hala nola, Firestonen, Añorgako gaztetxean, Durangoko gaztetxean, Igorreko herrikoan, Ordiziako gaztetxean, Gasteizko gaztetxean…
Nolakoa izan dela esango zenukete herritarrek egindako harrera?
Irene Legarra: Oso ona, beroa, goxoa! Euren harrera eta animoei esker sortu da Lear!
Nola deskribatuko zenukete zuen taldea, eta egiten duzuen musika?
A.L.: Umoretsua batik bat. Ondo pasatzeko egiten dugu. Leku desberdinetara joan, bertako jendea ezagutu eta gozatzeko asmoz jotzen dugu beti. Eta musikari dagokionez, bertsioak jotzen ditugu gehienbat, nahiz eta baditugun bizpa-hiru kanta gureak. Ez dugu estilo zehatzik egia esan, gustatzen zaizkigun kantak jotzen ditugu modu akustikoan, bai euskaraz, bai gaztelaniaz zein ingelesez; Berri Txarrak, Mormore, Afu, Izaki Gardenak, Russian Red, La otra…
Zeintzuk dira zuen erreferentziako taldeak?
Maialen Miranda: Ez dugu erreferentziazko talderik… Gustatzen zaizkigun kantak hartu eta gurera moldatzen ditugu. Musika entzuteko garaian bakoitzak bere gustuak ditu. Denetarik entzuten dugu hirurok.
Norenak dira zuen abestien letrak? Zein gai jorratzen dituzue?
I.L.: Gaiari dagokionez ez dugu gai zehatzik jorratzen. Gustatzen zaizkigun kantak aukeratzen ditugu, baina bai saiatzen garela maitasun erromantikoa eta horrek dakarren “autodestrukzioa” jorratzen dituzten kantak saihesten, nahiz eta batzutan melodia gustatu, eta egungo gatazka edo borroka sozialetaz hitz egiten duten kantak aukeratzen. Gureak diren kantetan, adibidez, gizarteari buruz hitz egiten dugu, eta horrek gizaki bezala bilakatu gaituenaz.
Talde honi ibilbide luzea aurreikusten diozue edo momentuko zuen musika zaletasuna asetzeko sortutakoa da?
A.L.: Egia esan ez gara inoiz horretan pentsatzen jarri. Oso ondo pasatzen dugu, bai elkarrekin eta baita besteentzat jotzen ere. Eta helburu horrekin jarraitzen dugu.
Musika gustatzen zaigu, eta horretaz gain garrantzitsua iruditzen zaigu emakumeok eszenatoki gainean ere hartzen ari garen lekua. Ez gara heteropatriarkatuak modelatutako emakume “perfektuak”, ez gu, eta ez beste inor, eta ez gara horregatik lotsatzen ezta kikiltzen eszenatoki batera igotzen garen bakoitzean, jendea begira dagoela jakinda ere. Guzti hori plazaratzeko aukera dugu jotzen dugun bakoitzean, presentzia hutsarekin eta kantuen bidez zabaltzen dugun mezuarekin ere. Horrek motibatzen gaitu gehienbat.
Zergatik hurbildu behar dute urnietarrek apirilaren 29ko Sarobeko kontzertura?
I.L.: Guri dagokionez, herrian antolatzen diren gauza guztietara daude herritar guztiak gonbidatuak. Ondo pasatzeko gogoz badaude behintzat, eta Liburuaren egunaren harira antolatutakoa ondo pasatzeko horietakoa izango da.