Arizmendi irabazle, aizkora apustuan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko api. 23a, 02:00

Jon Arizmendik Unai Etxeberria mendean hartu du Zumea plazan gaur jokatu den aizkora apustuan. Enborrak ebakitzeko erakutsitako teknikari esker hasiera-hasieratik jarri da aurretik lanean Arizmendi. Jendez gainezka jarri da Zumea plaza Andoaingo bi gazteen arteko desafioa ikusteko.

[Argazkiak] [Bideoa]

Arizmendik 18:58ko denbora behar izan du kanaerdiko lau enbor ebakitzeko; Etxeberriak berriz, 25:38. Aurkariak baino ia zazpi minutu gehiago behar izan ditu Etxeberriak lau kanaerdiko ebakitzeko, baina lan polita egin du. Badu meritua mutilak, ez baita ahantzi behar orain bi hilabete eta erdi hartu zuela aizkora eskuetan lehenbiziko aldiz.

Afaria zeukaten jarrita jokoan, baina datu horren gainetik azpimarratu behar da aizkorarako eta herri kiroletarako zaletasuna zabaldu dutela bi gazteek gaur arratsaldean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!