Beñat Senperena: “Bigarren nazional mailan jokatzea sekulako lorpena litzateke”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko api. 22a, 02:00

Gaur 19:00etan Urnietako kiroldegian play-offeko lehen partida. Beñat Senperena bigarren denboraldia osatzen ari da senior taldean (Urnieta, 19 urte). 

Elkarrizketa:

Lesio larri bat jasan zuen jubeniletako azken urtean, baina bi denboralditan seniorren taldeko aginte-makila hartu du. Bera da zentrala, kapitaina kantxan. Iosu Pagola, Ander Berrotaran, Eneko Urruzola eta Iñigo Perez boskotearekin talde banaezina osatzen du. 

Igoera fasea jokatzeko lorpena ezustekoa izan al da zuretzat?
Udan, Egoitz Karracedo ‘Karra’ren etorrerarekin-eta, zeozer lor zitekeela ikusten zen. Baina zaila zen. Berrota eta Iñigo ere sartu berriak ziren (Ander Berrotaran eta Iñigo Perez), ekipoa egin gabe zegoen guztiz. Partidak irabazten hasi ginen, baina sorpresa izan da.

Noiz hasi zinen sumatzen aukera benetakoa zela?
Lehen itzuli bukaeran edo. Sailkapenean 2. edo 3. gindoazen, eta bigarren itzulian bi partida bakarrik galdu ditugu, Ordizia liderraren eta Urolaren aurka. Horrek indar handia eman digu.

Zein izan da emaitza onaren gakoa?
Entrenamendu onak, eta jendeak bere lana serio egin izana. Iazko denboraldian ihes egiten ziguten partidak irabazi egin ditugu denboraldi honetan. Galtzen joanda ere ez dugu bururik jaitsi, eta partidak irabazi ditugu azken hamar minutuetan. Gure artean ere oso kimika ona daukagu, eta hori nabaritu egiten da.

Zer suposatzen du 19 urteko gazte batentzat igoera fase baterako sailkatzeak?
Poztasuna. Horretarako jokatzen duzu, gauzak ondo egiteko asmoz, eta aukera izatea beti da inportantea.

Sakrifizio asko egiten al dituzu eskubaloian jokatzeko?
Ez, gustura egiten dudalako. Tira, eskertuko nuke denbora libre gehixeago asteburuan, baina ez zait batere astuna egiten.

Zer aldatu da zure lehen urtetik, iazkoa, aurtengo denboraldira?
Maila mantendu dut, eta horregatik pozik nago. Esperientzia irabazi dut. Niretzat jubeniletatik senior mailara aldaketa handia izan zen, batez ere erritmo aldetik. Lesio larri batetik nentorren, eta pixkanaka sartu nintzen taldean. Egun beste jokalari bat gehiago naiz.

Minutu gehien jokatzen dutenetakoa zara.
Zentral gutxi gaude-eta [Beñat bera eta John Sanchez ‘Jonky’]. ‘Jonky’k askotan eskuin alboko postuan jokatzen du. Nire ustez Jokin Jimenez entrenatzailea gustura dago nire lanarekin. Gogo handia jartzen dut, horixe da gakoa.

Zentralak erantzukizun handia izaten du eskubaloi talde batean. Presiorik sentitu izan al duzu?
Ez. Natural ateratzen zait egiten dudana. Nik ere akatsak egiten ditut, eta erabakiak askok hartzen ditugu, ez nik bakarrik.

Hobetzekorik ba al duzu?
Bai, eraso jokoan batez ere. Agintzen ikasi, ze jokaldi agindu, aurkariaren defentsa aztertu, beti ezin baita jokaldi bat egin. Defentsan ere zer hobetua badut.

Bost lagun igo zineten jubeniletatik batera: Eneko Urruzola, Iñigo Perez, Iosu Pagola, Ander Berrotaran eta zu zeu. Beti elkarrekin zaudete.
Hasieran ni, Eneko eta Iosu bakarrik igo ginen, Iñigo eta Berrota jubeniletan geratu baitziren. Gu berriak ginen taldean, eta hasieran pixka bat geure kasa genbiltzan, nola sartu aztertzen. Jokalari beteranoak zeuden, Gorka Urigoitia kapitaina, adibidez, 40 urterekin. Taldean sartu arte halamoduz ibili ginen. Talde dinamikan sartu ondoren ederki moldatu ginen. Denboraldi honetan bostak elkarrekin gaude berriro, eta oso ondo ari gara. Bostok ibilbide osoa elkarrekin egin dugu, elkar ondo ezagutzen dugu: gure mugimenduak, alde onak, txarrak... Nik errendimendu hobea ematen dut Eneko albokoan baldin badago, edo Iosu hegalekoan ari bada. Arazoren bat izan dugunean-eta gure artean babesa bilatu izan dugu.

Zer suposa dezake Urnieta bezalako talde batek Bigarren nazional mailan jokatzeak?
Kristoren lorpena. Talde hobeak etortzea herrira, jendeak eskubaloia beste begi batzuekin begiratzea... Oso lagungarria litzateke gure eskubaloiarentzat. Gazteek ere erreferentzi gisa hartuko lukete, denak futbolera joan beharrean. Txikienentzat akuilu ona izan liteke senior taldea 2. nazional mailan aritzea.

Nola ikusten duzu igoera fasea? Igoera ematen duten bi postuetako bat lortzeko aukerarik ba al du UKEk?
Bai. Garrantzitsua da igoera fasera konfiantzaz lepo iristea. Bigarren itzuli osoa bi partida bakarrik galduta osatu dugu, eta nire ustez Ordizia liderra ere mendean har dezakegu. Lehen erronka seiko ligatxotik lau onenen artean sailkatzea da, eta gero finalerdi bat irabaztea. Posible dela uste dut.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!