Kirmen Uriberentzat, 2016ko 111 Akademiaren Saria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko api. 21a, 02:00

Akademiakideek idazle ondarrutarraren Elkarrekin esnatzeko ordua eleberria izendatu dute iazko obrarik gogokoena. Maiatzaren 11n Andoaingo Bastero kulturgunean jasoko du saria:

111 Akademiako akademiakideek hautatu eta izendatuta, Kirmen Uribek idatzi eta Susa argitaletxeak plazaratutako Elkarrekin esnatzeko ordua eleberriak jasoko du 2016ko 111 Akademiaren Saria. Hiru bozketa txandetan garatu da aukeraketa prozesua, urtarrilean hasi eta apirilaren 17an amaitu dena. Lehenengo txandan, 2016an gogokoen izan zuten liburuaren alde bozkatzeko eskatu zitzaien 197 akademiakideei, eta lehen txanda hartan saridun izendatzeko behar zen botoen %30a lortu zuen obrarik egon ez zenez, akademiak ohiko prozedura jarraitu eta beste bi bozketa txanda egin zituen. Hirugarren eta azken txandan Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eta Pello Lizarralderen Elur bustia izan ziren bi finalistak, eta Uriberen lana suertatu da garaile.

Gauzak horrela, orain irabazleari saria ematea baino ez da geratzen. Maiatzaren 11n ospatuko da 2016ko 111 Akademiaren Saria ezagutzera emateko ekitaldia, Andoaingo Bastero kulturgunean, arratsaldeko 19:30ean. Beste hainbat gonbidaturekin batera, bertan izango da, noski, Kirmen Uribe idazle protagonista ere. Hitza eta musika uztartuko dira ekitaldian zehar eta irakurzale orori gerturatzeko deia luzatu diete antolatzaileek.

 

Elkarrekin esnatzeko ordua
Egiazko pertsonaiek eta gertakariek osatzen dute Kirmen Uriberen hirugarren nobelako kontakizuna: Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren askatasun egarria eta erresistenzia politikoa.

Gerra galdua zelarik Euskal Herrian, Karmele erizain ondarrutarrak eta Txomin musikari bilbotarrak Eresoinka taldean ezagutu zuten elkar, Paristik, Belloy jauregian; eta han topo egin zuten aspaldiko lagun batzuek ere, Antonio Gezala margolariak eta Manu Sota idazleak.

Alemaniarrek Frantzia okupatu baino lehen Letamendi-Urresti senar-emazteek ihes egin zuten Caracasera, baina Agirre lehendakariaren agindu batek atzera bueltan ekarri zituen Bilbora 1943an, zerbitzu sekretuetan faxismoaren aurka borrokatzera.

Espioitza, klandestinitatea, tortura, kartzela, heriotza, exilioa..., familia baten bizipenak jasoz, kronika nobelatua osatu du idazleak, XX. mendeko gure historiaren atal berezi bat.

Jarraian, Uribek 2016ko azaroan liburua aurkeztu zuenetik 111 Akademiak jaso dituen iruzkinetako hainbat pasarte:

-‘Kirmenek liburu honetan erabiltzen duen kontakizun-kronika estiloa erakargarri egin zait. Ipuin batean bezala jarraitzen duzu istorioa eta, aldi berean, Euskal Herriko historiaren zati bat sakonki ezagutzen ari zara, hain modu errazean...’.

-‘Hein batean, Ken Folleten Century trilogiarekin lotzen dut, beti ere euskal historian kokatuta eta errealitate kutsu handiagoarekin’.

-‘Hasieran kostatu zaidan arren, lortu dut Letamendi-Urrestitarren munduan murgiltzea, eta gozatu egin dut irakurketarekin’.

 

Urtez urte Beterriko Liburua / 111 Akademia Sariak
1996 Joxean Agirre. Elgeta
1997 Ur Apalategi Iridin. Gauak eta hiriak
1998 Koldo Izagirre. Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri
1999 Lourdes Oñederra. Eta sugeak emakumeari esan zion
2000 Ramon Saizarbitoria. Gorde nazazu lurpean
2001 Joseba Sarrionandia. Lagun izoztua
2002 Anjel Lertxundi. Zorion perfektua
2003 Bernardo Atxaga. Soinujolearen semea
2004 Pako Aristi. Gauza txikien liburua
2005 Juan Kruz Igerabide. Hauts bihurtu zineten
2006 Karmele Jaio. Amaren eskuak
2007 Jokin Muñoz. Antzararen bidea
2008 Anjel Lertxundi. Zoaz infernura, laztana
2009 Irati Jimenez. Nora ez dakizun hori
2010 Ur Apalategi Iridin. Fikzioaren izterrak
2011 Harkaitz Cano. Twist
2012 Ramon Saizarbitoria. Martutene
2013 Miren Agur Meabe. Kristalezko begi bat
2014 Mikel Peruarena. Su zelaiak
2015 Katixa Agirre. Atertu arte itxaron
2016 Kirmen Uribe. Elkarrekin esnatzeko ordua

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!