Eskolarteko txirrindularitza lasterketa, Danenaren eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko api. 21a, 02:00

Ander Altuna zizurkildarra Danena txirrindulari taldearen sortzaile eta bultzatzailea da. Lehen lasterketa antolatu dute, larunbat honetan Joxe Arregi plazan abiatuko dena arratsaldeko 16:30ean hasita. Abiatzeaz eta helburuez hitz egin du, bere ibilbidea errepasatzearekin batera.

Abian jarri berri duzue Danena txirrindulari taldea. Zer moduz hasi zarete?
Otsailaren amaieran jarri genuen taldea martxan eta uste baino hobeto abiatu gara. Bailara mailan, Villabonako Irrintzi taldea izan zen azkena. Neroni izan nintzen Irrintzi taldeko azken txirrindularietako bat, hiru besterik ez ginen geratu bukaerarako. Orain, berriz ere txirrindularitza taldea sortzea erabaki genuenean, bost ume baino gehiago lortuko ez genituela pentsatzen nuen, baina hasi orduko zortzi ume baditugu. Jendea gogoz dagoela sumatzen da eta laster hamabost ume izateko moduan izango gara. Gu otsailean hasita, ume gehienek euren agendak edo eskolaz kanpoko ekintzak antolatuta zeuzkaten. Hainbat umek hurrengo irailean hasi nahiko luketela esan didate dagoeneko. Oso harrera ona eduki du gure eskaintzak.

Helburu garbi batekin sortu duzu taldea. Zein da zehazki asmo hori?
Taldea sortzeko ideia herrian planteatu nuenetik, helburu garbia nuen. Gipuzkoako txirrindularitza eskola gehienak errepideko txirrindulari eskolak dira eta gurea beste zerbait izatea nahi dut. Kanpoan ibili izan naizenean, hemen errepidean bakarrik zentratzeagatik jende asko galtzen dugula konturatu naiz. Suitzan adibidez, haurrek ia debekatuta daukate errepidean bizikletan ibiltzea. Errepidekoaren ordez, mountain bikea, triala, BMX..., aldaera ezberdinak lantzen dituzte. Urte bukaeran, mailaz pasatzeko gai ote diren ikusteko azterketa moduko batzuk egiten dizkiete txirrindulari gazteei eta bakoitzaren trebetasunen arabera, adin bereko umeak maila ezberdinetan sailkatzen dituzte. Errepidean lehiatzen hasteko, mailarik altuenera iritsi behar dute. 10-12 urteko infantil eta kadeteei uzten diete errepidean hasten. Hemen, ordea, hasieratik errepidean hasten gara. Gure taldearen sorrera errepideko denboraldiarekin egokitu delako hasi gara modu horretan, baina datorren irailetik aurrera, beste era bateko egutegia osatu dugu. Iraila-urrian mountain bikea landuko dugu; azaroa-abenduan ziklokrosa, –Jokin Alberdi gure artean denez–. Urtarrilean belodromora joango gara, –pistan Euskadiko selekzionatzailea naizela eta Izarne Maioz taldeko entrenatzailea bertan dabilela aprobetxatuz–. Otsailean triala tartekatuko dugu, –Irene Caminosek lagunduta–, eta martxotik ekainera errepidean ibiliko gara berriro. Aldaera guztiak probatzeko aukera eskaini nahi dugu, bakoitzak erabaki dezan zein duen gogokoen; probatzeko aukerarik gabe ez baitago jakiterik.

Eskaintza erakargarria gaztetxoentzat...
Bai. Gipuzkoako hainbat herritatik deitu didate gure taldearen berri galdetuz. Baina gure eskaintza Aiztondo bailarara mugatu dugu.

Zein adin tarteko txirrindulariak biltzen dira Danena taldean?
2003 eta 2008 urteen artean jaiotako neska-mutilak dira. Momentuz neska bakarra dugu taldean eta aurrera begira neska gehiago erakartzea gustatuko litzaiguke, nahiz eta badakigun kosta egiten dela. Esan bezala, taldeko begiraleetako bat Izarne Maioz asteasuar txirrindularia da, berriki jubeniletan Gipuzkoako txapeldun izan dena eta hori zortea da guretzat, eta erreferente haurrentzat.

Izarne Maioz eta Jokin Alberdi, punta-puntako entrenatzaileak dituzue taldean...
Bai, alde horretatik ezin gara kexatu.

Nola bideratzen dituzue entrenamendu saioak?
Astearte eta ostegunetan Otaño eskolan elkartzen gara eta eguraldi ona denean, 10-15 kilometro arteko ibilaldia egiten dugu bizikleta gainean. Eguraldi txarrarekin, Otañon bertan geratzen gara ginkanak eta teknika saioak egiten. Tolosaldea eta Goierri bailarako beste txirrindulari taldeekin lasterketak egiten ditugu. Andoainen izan zen denboraldiko lehena eta apirilaren 22an Zizurkilen egingo da Eskolarteko txirrindulari lasterketa.

Txirrindulari taldea aurrera ateratzeko borondatea ez ezik, laguntza ekonomikoa ere beharko da...
Jasotzen ditugun laguntzekin dauzkagun haurren beharrei erantzuteko adina daukagu, baina taldea handituz gero, laguntza eta azpiegitura handiagoa beharko genuke. Une honetan, Egarri tabernak, Zizurkilgo Udalak eta beste laguntzaile batzuek diruz lagundu arren, babesle handiago bat beharko genuke taldea indartzeko.

Danena txirrindulari taldeak izugarrizko izena eta arrakasta izan zuen iraganean...
Bai, baina hori oraintxe bideraezina da gure kasuan. Hala ere, Danena futbol zelaia berritu denetik, indar handia hartzen ari da kirol elkartea. 250 ume dabiltza futbolean, atletismoan ere gero eta jende gehiago. Txirrindularitza taldea sortu berria da, baina bidea irekitzen hasi gara pixkanaka. Iraganeko Danenak talde profesionala eduki zuen, baina garai hartan errazagoa zen, beste ezer ez zegoelako. Egungo egoeran, bideraezina da hori Euskal Herrian.

Zein litzateke etorkizunerako erronka?
Haurrei herritik atera gabe, formakuntza osoa emateko aukera izatea, benjaminetatik hasi eta jubenilak arte.

___

Bizikletari estuki lotuta

Villabonako Irrintzi txirrindulari elkartean egin zituen Ander Altunak txirrindulari gisa lehen urteak; sei urte, hain zuzen ere.

Taldea desagertu ondoren, kadete zelarik, Beasainera joan zen Loinaz taldera eta, Zarautzen urtebete igaro eta gero, Goierrin egin zituen afizionatu mailako hiru urte Ordiziako taldean. Euskadiko bi txapelketa irabazi eta Espainiako txapelketatan domina batzuk lortu zituen, pistan batez ere. “Txirrindularitzatik biderik ez zegoela ikusi nuenean Madrilera joan nintzen IVEF ikasketak egitera. Beti txirrindularitzari lotuta jarraitu nahi izan nuen eta Madrilen nengoela ere, Goierrikorekin kolaboratzen jarraitu nuen zuzendaritzan. Ikasketak bukatu ondoren, Tolosako goi errendimenduko zentro batean aritu nintzen lanean eta itxi zutenean, Orion zabaldu genuen beste bat”. Iazko urtarrilean Euskadiko selekzioarekin, selekzionatzaile lanean hasi zen errepidean nahiz pistan eta epe laburrean Suitzara lanera joateko aukera izan zuen, UCI Union Ciclista Internacional nazioarteko erakundera. Handik bueltan, Orioko enpresan lanean jarraitu zuen, baina Suitzan ikusi eta ikasitako hainbat esperientzia abian jarri asmoz, Orioko lana utzi eta bere kasa aritu da txirrindulariak prestatzen. Besteak beste, Jokin Alberdiren prestatzailea da, Izarne Maiozen selekzionatzailea. Maila guztietako txirrindulariekin aritzen da lanean, tartean baita hainbat profesionalekin ere.

Orain urrats handiagoa eman eta Alegian goi errendimenduko enpresa bat zabaltzekotan da, kirol medikuntza, elikadura nahiz txirrindularitzari lotutako beste hainbat arlo jorratzeko asmoz. Dudarik gabe, Ander Altunaren pasioa da txirrindularitza. “Horixe da gehien gustatzen zaidana. Txirrindulari izan nintzen urtetan eta, nire garaian, zer edo zertara iristeko aukerak izan nituen, baina moztu egin zizkidaten aukera horiek arrazoi bat edo besterengatik. Denborarekin aukera haiek mozteko arrazoiak ezagutu nituen eta nire kirolariak ahalik eta urrutien irits daitezen lortu nahi dut orain, muga guztiak baztertuta. Beti haien gainean egoten saiatzen naiz”, azaldu du. Euskadiko selekzioarekin ez ezik, UCIko kideekin ere harremanetan jarraitzen du, “aurrera egiteko nahitaezkoa baita horrelako erakunde baten babesa izatea”. Gainerako txirrindulariak prestatzen aritzeaz gain, ahal duenero hartzen du bizikleta oraindik ere, haurrekin edo bere gisara, pedalei eraginez gozatzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!