Beertoki Artisau Garagardoaren Azoka

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko api. 21a, 02:00

Garagardo azokaren bigarren edizioa izango da larunbat honetan, Bearzana pilotalekuan goizeko 11:00etatik gaueko 23:00etara. Azokaren xehetasunen eta egiten ari diren bidearen berri azaldu dute antolatzaileek.

Aitor Otegi, Jon Ander Artola, Eneko Calvo eta Igor Fernandez, garagardoak, gastronomiak eta musikak batzen dituen lagunak dira. Iazko apirilean, Euskal Herriko artisau garagardoa ezagutaraztea helburu zuen lehen Beertoki Garagardo Azoka antolatu zuten Bearzana pilotalekuan. Herritarren nahiz kanpotik etorritako garagardozaleen artean arrakasta beroa izan zuen hitzordu hark eta apirilararen 22an, larunbat honetan, bigarren edizioa burutuko da, 11:00tatik 23:00etara, leku berean. Formatua iazkoaren berbera izango dela adierazi dute antolatzaileek, hainbat berrikuntzekin. Besteak beste, merchandisinga: kristalezko edalontziak, giltzatako txapa-irekitzaileak, kamisetak…, eskainiko dituzte euren leloarekin. Baina berrikuntza nagusia, Beertoki elkarte legal bilakatu izana: kultur eta gastronomia elkartea. “Antzeko azoka bat antolatzeko baimen ugari behar da eta erantzukizuna handia denez, pauso hori ematea erabaki dugu, beste seriotasun batekin lanean aritzeko”, argitu dute. Euren azokari berritasun ukitua eman nahi izan zioten hasieratik. “Ez genuen parranda giroa nagusitzen den beste azoka bat izaterik nahi. Buelta eman nahi genion ideia horri.

Garagardozale eta artisauen arteko gertutasuna bilatzen dugu. Postu guztiek bertan edan edo etxera eramateko botillak erosteko aukera eskainiko dute, 3 eurotan. Haientzat primerako erakusleihoa da Beertoki”. Euskal Herri mailan ez da bertan ekoitzitako garagardoz bakarrik osatutako beste azokarik antolatzen. “Badaude Euskal Herrikoez gain, estatutik edota internazional mailan ekoitzitako garagardo azokak, baina Euskal Herriko garagardoekin soilik egiten den azoka bakarra da gurea”. Azokaren sorrerako filosofiari eusten jarraitzen dute: Euskal Herrian ekoitzitako garagardoa izateaz gain, artisaua izateari, hain zuzen. “Bi baldintza jartzen dizkiegu garagardogileei: Euskal Herriko garagardoa eta artisaua izatea”.

Hamazazpi garagardo etxe
Kantitate aldetik, azokan eskainiko diren garagardo aukerei eutsi egingo diete; iaz bezala, 17 izango dira. Hori bai, guztiak ez dira iazko etxe berdinekoak izango. “Iaz etorri zirenetatik erdiek errepikatu egingo dute, baina gainerakoak berriak izango dira”, zehaztu du Eneko Calvok. Bigarren azoka antolatzen hasi zirenean harritu egin zituen garagardo etxeen aldetik jasotako erantzunak. “Haietako batzuk, gu haiengana joan aurretik etorri ziren gugana azokan parte hartu nahi zutela esanez. Guztira 22 garagardogilek eman du izena aurtengorako, baina iazko kantitatea mantentzea erabaki dugu, gehiegizkoa bailitzateke bestela”, dio Jon Ander Artolak. Garagardogile hasiberri ugari etorriko da aurtengoan azokara euren eskaintza erakustera, iaz ekoizten hasitakoak haietako batzuk. Berri ona da hori antolatzaileentzat. Izan ere, Beertoki Azokara etortzeko, garagardoak marka erregistratua izan behar du, profesionala.

Azokaren eragin positiboa
Euskal Herriko herrialde guztietako ordezkariak ekarri nahi izan dituzte aurtengoan eta, Iparraldeko garagardogileekin saiakera berezia egin dute, “batzuek ezin etorria azaldu ziguten eta beste batzuekin ez dugu harremanetan jartzerik lortu. Azokara Iparraldeko ordezkariren bat ekartzea da gure erronka eta aurten lortu ez dugunez, hurrengo urtean saiatuko gara berriro”, azaldu dute. Antolakuntza lanetan hasi zirenean, Euskal Herriko 16 bat marka erregistratu zenbatzen zituzten gutxi gora-behera. Gaur egun 60tik gora direla azpimarratu dute. “Asko dira, Euskal Herria oso txikia dela kontuan hartuta. Euskal Herrian garagardo asko egiten dela erakutsi nahi diogu jendeari eta kalitate onekoa gainera”, gehitu du Aitor Otegik. Euren ustez, Euskal Herrian asko begiratzen zaio ardoari, sagardoari edo txakolinari, baina garagardoaren kulturarik ez dago errotuta oraindik. “Tabernan ematen digutenarekin konformatzen gara”, diote. Garagardoaren kultura sustatu eta bultzatzea izan da laukotearen helburua euren abiapuntutik eta oso pozgarria da haientzat, Beertokik herriko hainbat tabernatan eragin baikorra izan duela ikustea, “garagardo industrialarekin batera, artisau garagardoa aurki daiteke Villabonako hainbat tabernatan edota Gaztetxean eta hori azokaren ondorio positiboa izan da. Garagardoaren inguruan mugimendua sumatzen da herrian eta izugarrizko poza ematen digu horrek”. Garagardo artisaua produktu garestiagoa dela diote, baina, noski, kalitatezkoa. “Euskal Herriko produktu freskoak kontsumitzearen alde egiten dugun bezala, gauza bera nahi dugu garagardoarekin ere; bertako kalitatezko ekoizpenak bultzatzea”.

Eskerrak babesle eta laguntzaileei
Aurtengorako, ekimena dagoeneko ezaguna denez, babesle gehiago lortu dute. Azoka antolatzeko diru-laguntza iaz baino taberna eta elkarte gehiagok eman dietela nabarmendu dute eta eskerrak eman nahi dizkiete haiei guztiei, “gainerakoan ez baitzen posible izango”. Laguntzei esker, hainbat hobekuntza izango da azokan. Horien artean, garagardo guztiak aurkezten dituen liburuxka. Halako ekimena antolatzeak gastu handiak sortzen ditu eta gastuei aurre egiteko, azokan eskainitako garagardo guztiekin osatutako saskia zozketatuko dute egunaren bukaeran.
Beertoki izena ez dute garagardo azokara soilik mugatu nahi. Urtean zehar beste hamaika ekimen antolatzen baitute: bisitak, katak, bazkariak… “Aurrera begira ere ideia mordoa dugu eta hori guztia laguntzaileei esker gauzatzen dugu. Beertokiren sortzaileak gu laurok bagara ere, azokaren nahiz bestelako ekintzen antolatzaileak askoz ere gehiago gara. Laguntza handia jasotzen dugu”, azaldu dute esker onez.

Garagardogile ere bai
Azken urte honetan, garagardoa egiten hasiak dira Beertoki elkarteko kideak. “Larunbat goizetan lagunartean elkartu eta hamaiketakoa eginez, garagardoa egiten dugu. Oso interesgarria da, oso mundu zabala”, diote. Lau osagai nagusi behar dira etxean garagardoa egiteko: ura, lupulua, legamia eta zereala. Oinarri horretatik aurrera, aukera zabala da. “Sukaldean aritzearen parekoa da gargardoa egitea, joko handia ematen du; egosialdi denborak aldatze hutsarekin emaitza ezberdina jasotzen baita”, Igor Fernandezen hitzetan. Norberak eginiko garagardoak balio erantsia du, noski; pertsonala eta bakarra izatea.

Euren lanetik kanpo, gustuko zaletasuna da elkarrizketatuentzat garagardoa egitea, eta eurek eta ingurukoek dastatzeko egiten dute. Ez dute haratagoko pausorik ematea aurreikusten, “bereziki, oso lan lotua eta sakrifikatua delako. Guretzat, laurok elkartu eta gustura egoteko aitzakia da”. Berriki, eskualdeko hainbat garagardogilek topaketa egin dute Andoainen. Etxean edo lagunartean garagardoa egiten dutenen mugimendua gero eta handiagoa dela diote. “Oso elkartruke polita izan da eta aurrera begira ere elkartzen jarraitzeko asmoa dugu, gure zaletasuna beste batzuekin elkarbanatzeko”.

Garagardo aukera zabala

  1. Gross
  2. Naparbier
  3. Byra
  4. Brew & Roll
  5. Urbanbeer
  6. Basqueland brewing project
  7. Morlaco
  8. La Txika de la cerveza
  9. BorBor
  10. Garagart
  11. Saltus
  12. Baobeer
  13. Mala Gissona
  14. Xorta
  15. Falken
  16. TitoBlas
  17. Boga

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!