Aizkora desafioa Zumea plazan, larunbat honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko api. 21a, 02:00

Unai Etxeberria ‘Etxebe’ eta Jon Arizmendi Andoaingo gazteen arteko aizkora desafioa iragarri dute Zumea plazan, larunbat honetarako. Nork lehenago ebaki lau enbor kanaerdikoak, asmo horrekin plazaratuko dira bi gazteak Santa Krutz jaien atarian. 

Gazteen arteko desafioak biziberritzeko bidean daude Andoainen. Jon Arizmendi eta Egoitz Gorostegik egin zuten apustua 2016ko Santakrutzen hasieran, eta egundoko ikusmina piztu zuen deialdiak. Arizmendi irten zen garaile, erakutsi zuen teknika bikainari esker. Aurtengoan Arizmendi bera eta Unai Etxeberria pilotaria izango dira aurrez aurre.  
Aste santuko oporraldian oraindik ez da sumatzen giro askorik, ezta baten edo bestearen aldeko iritzi trukaketarik eta apusturik ere. Zumea plaza ikuslez lepo jarriko dela aurreikusi daiteke. 
Lau kanaerdikoak ebakitzeko ordu erditik jaistea espero dute biek ere. Arizmendik Joseba Otaegi Zizurkilgo aizkolaria izango du erakusle oraingo honetan ere; Etxeberriak, berriz, Jexux Mari Lasa Legorretako aizkolari ohia. 
Mendi lantegiko lankide dira bi gazteak eta baita Otaegi bera ere, eta lan eremu horretan kokatu behar dugu aizkorarako zaletasuna eta saltsa. Mekanikoen zaindari den San Eloi egunean aizkora apustua egiteko ohitura dute bertako langileek, ostera denak bazkaritara joateko. Azken bi urteetan Arizmendik eta Otaegik hartu izan dituzte aizkorak, elkarren aurka jarduteko.
 
Unai, hasIberria
Pilotalekuetan da ezaguna Unai, eta aizkora gauza berria da berarentzat. Abentura berri batean sartzearen zergatia argitu du: “Beti erakarri izan nau aizkorak, eta ahal dudan guztietan ikusi izan dut zuzenean. Probatzeko arra sartuta neukan aspalditxotik, eta bai iazko Santakrutzetako desafioak eta baita lantokian Arizmendik eta Otaegik egin izan dituztenek grina hori areagotu egin zidaten”.
Nonbait, Arizmendik Etxeberria maiz xaxatu izan du lantokian “biok jokatu behar diagu hurrengo apustua” esanez. Bada, Etxeberriak, erronkari heldu nahian-edo, orain bizpahiru hilabete aizkora eskuetan hartzera animatu zen, familian gertukoa duen Jexux Mari Lasak lagunduta. Arizmendik berehala eduki zuen lankidearen asmoen berri. “Asteburuan probatzera zihoala esan zidan, eta larunbat hartan bertan mezua bidali zidan, desafioa luzatuz. Bere burua horren seguru ikusi bazuen, ziur aizkorari segituan hartu ziola tamaina”.
Arizmendik aitortu duenez, iaz Gorostegirekin edukitako lehiaz geroztik makina bat mutil etorri zaizkio desafioka. “Horiei nik esaten diet lehenbizi probatzera etortzeko etxera eta gero hasiko garela hitz egiten. Baina normalki ordu txikietako hizketa batean geratu izan dira denak, inork ez dio heldu erronkari zoritxarrez, eta horrexegatik Unairen erantzunak poztu ninduen”.  
Kirolaria da Unai, eta fisikoki ondo prestatu egoteak ez dio kezkarik sortzen. Bai, ordea, teknikak. “Berria da niretzat, eta konturatuta nago zein garrantzitsua den ondo mozten jakitea. Eman eta eman aritu zaitezke, baina ez baduzu kolpe egokiarekin asmatzen, jai duzu. Azken bi hilabeteetan saiatu naiz aizkora eskuetara ohitzen, eta odoletan jarri zaizkidan arren segi behar izan dut gutxieneko teknika harrapatzeko premiak estututa”.   
Arizmendik arrazoi ematen dio bere aurkariari, teknika ezinbestekotzat jotzeko orduan. “Jendeak telebistan ikusten ditu aizkolariak, eta iruditzen zaio astapotroen kontua dela, indarrarekin dena egin dagoela. Baina oker dabiltza; horiei Larretxea, Mindegia eta besteak jartzen dizkiet adibide gisa; gorputzez ez dira atletikoak eta urteetan ondo sartuta dabiltza. Baina punta-puntan badabiltza, berez daukaten teknikari esker da. Beste batzuek ezpala hamar kolpetan ebakiko duten bezala, horiek nahikoak dituzte lau kolpe”.

Jon, beteranoa
Etxeberriaren aldean, bi faktore ditu alde Arizmendik: jada eskarmentu txikia edukitzea plazetako apustutan, eta urte eta erdi eramatea aizkora munduan murgilduta. 
Hirugarren faktore bat ere erantsi beharko genioke Arizmendiri: jada ez dela erretzailea. Izan ere, apustua lotu eta agudo utzi zion zigarroak erretzeari. Modu xelebrean utzi ere: “Egun batean, lantokitik irten, eta auto barruan hor ari nintzen zigarroa liatzen. Unai etorri zitzaidan, eta hara zer bota zidan: Hik horrela ez diak irabaziko!. Zigarro hura erre nuen, baina ez nuen gozatu, eta hartu nuen amorruarekin erretzeari utzi nion. Aitortu behar dut Unairen aholkuak on egin didala”.
Arizmendik gorputza larunbateko desafiorako prestatuta ikusten du. Hobekuntzak nabaritu ditu teknikoki Joseba Otaegirekin hasi zenetik, eta hauspoak ere lehen baino hobeto erantzuten dio.
Biek ere pronostiko berbera entzun dute inguruan dabilen jendearen ahotatik, hots, Etxeberria zertxobait aurretik ikusten dela larunbateko norgehiagokan. Usteak uste, honako desioarekin egin dute bat: “desafioa lehiatua izan dadila, eta bai guk eta baita ikusleek ere gozatua hartu dezagula”.
Azken batean, txapela batek zein besteak jantzi, argi dagoena da aizkorarekiko eta herri kirolekiko zaletasuna zabaltzen doazela poliki-poliki andoaindarren artean, eta pozgarria da hori. Santa Krutz jaien baitan hilaren 28rako iragarri den giza-probak hazkunde horixe berresten du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!