Taldea bera eta kluba osatzen duten kide guztiak olatuaren aparrean dabiltza egunotan. Ez alferrik, 6.500 biztanleko herri batek 2. nazional mailan ordezkaritza izatea mugarri historikoa bailitzateke. Are gehiago iragan gertura jauzia egin eta taldea nondik datorren gogoratzen bada. Senior mailako eskubaloi taldea dinamika txarrean murgildu zen hamarkada hasieran.
Bittor Rodriguez taldeko atezaina da, kapitain izandako jokalaria urtetan, eta klubeko beteranoenetakoa. 13 urte daramatza senior mailan, eta beste inork baino hobeto daki taldeak eraman duen bidearen inguruan: "Urte asko daramatzagunontzat, bigarren nazional mailara igotzeko aukera kristorena da, izan baitira urte batzuk partida bakar bat bera irabazten ez genuela. Orain dela 5 edo 6 urte, noski, inork ez zuen halakorik espero. Gipuzkoako bigarren mailan geunden, entrenatzera hamar lagun joaten ginen denboraldi osoan partida bakar bat irabaziz...".
Jakina, galdera egin, egin behar, baina erantzuna jakina da. Halako lorpen bat etorriko zela pentsa al zitekeen orduan? "Bai zera! Ezta erotuta ere".
Une kritiko bat gogoratzen du atezainak: "Zirt edo zart egin beharreko unea izan zen. Orain dela lau denboraldi, Jokin Jimenezek taldeko gidaritza hartu aurretik. Batzartu ginen David Belver, Jesus Ibañez eta ni neu. Ea zer egin nahi genuen, zer eskatu geniezaiekeen entrenatzaileei... Eta hemen jarraitzen dugu. Urnietan beti izan dugu garbi talde baten moduan egin behar genuela lan, gazte jendea senior taldera iristeko helburuarekin, eta emaitza on honek erakusten du hala egin dela azken urteetan".
Konpromisoa eta lana, denboraldi honetako bi zutabeak. Senior taldeak 18 fitxa ditu, eta Jokin Jimenez entrenatzaileak deialdia egin eta jokalari batzuk kanpoan utzi behar izaten ditu jardunaldi atari bakoitzean. "Hori ez zen aspaldi gertatzen Urnietan", dio Rodriguezek. "Aro ona bizitzen ari gara, orain dela bi denboraldi jubeniletatik lauzpabost gazte iritsi zirelako. Jende konprometitua, serioa, bloke ona da. Horiek behar zen bultzadatxoa eman zioten taldeari".
Jokin Jimenez jokalaria izan zen aspaldi, klubaren sorreran, hiru hamarkada atzera. Senior taldearen birmoldatzean erantzukizuna hartu zuen bizkar gain, entrenatzaile kargua onartuta: "Taldeak gabezia asko zituen orain hiru urte. Garrantzitsuena, ez zutela joko molde edo estilo finkaturik, ez helbururik. Pixkanaka taldea eraikitzen joan ginen, defentsa on batekin, eraso jokaldi landuekin. Gipuzkoako Bigarren Mailan jokatu behar genuen, baina Lehen Mailan lehiatzeko gonbitea egin ziguten. Eskaintza onartu genuen, baina maila galdu genuen azken jardunaldian".
Berreraikuntza lanak luze joko zuela bazekien entrenatzaileak, eta 2. urtean berriro Lehen Mailan lehiatzeko eskaintza jaso zuen Urnieta KEk. Bigarren urtea askoz hobea izan zen: "Seigarren postuan sailkatu ginen, eta itxura askoz hobea eman. Postua bera baino, garrantzitsuagoa izan zen oinarriak indartzea, taldea sendotzen jarraitzea. Besteak beste, Donibane liderraren kantxan berdinketa lortu genuen, beste inork lortu ez zuen emaitza. Horren fruitua iritsi da denboraldi honetan, 2. nazional mailan aritzeko play-offa jokatzeko lorpenarekin".
Bidea arantzaz betetakoa izan omen da: "Bai, nik neuk eta Andoni Urbistondo laguntzaileak ondo dakigu. Baita bigarren urtean talde teknikoan laguntzen hasi zen Patxi Morandeirak ere. Talde batek helburu jakinik ez duenean, lana serio egiten ez duenean, dinamika aldatzea ez da erraza. Kirol talde bat baino, Gipuzkoako kantxetan hara eta hona ibiltzen zen lagun talde bat zen seniorren taldea. Emaitzari, jarrerari garrantzia handirik ematen ez ziona. Nik ardura hartu aurretik hitz eman zidaten berriro lehiatu egin nahi zutela, eta borondate hori funtsezkoa izan da". Borondate horretan gazteen etorrerak suposatu duen bultzada nabarmentzen du Jimenezek, Bittor Rodriguez atezainak bezala, "jubeniletan zeudenetik lana egiteko konpromiso handia erakutsi zutelako".
Jokalari ohi batekin ere gogoratu da Jimenez: Gorka Urigoitia. "Pasa den denboraldi bukaeran hartu zuen erretiroa, 40 urterekin, eta ezin izan du denboraldi on hau bizi. Bere eskarmentua eta borrokarako grina oso lagungarriak izan zaizkigu". Egoitz Karracedoren etorrera ere neurrian baloratzen du. Karracedo urtetan aritu da Usurbilen, nazional 1 mailan, "eta Urigoitiaren lekukoa hartu duela esango nuke, gidaritzari dagokionez". Entrenatzaileak bizitza osoa taldean daramaten jokalari zenbait ere izan ditu gogoan: "Jon Sanchezek bost urte daramatza dagoeneko seniorretan, eta erreferente bilakatu da. Zer esan Bittor Rodriguez eta Iosu Irigoien atezainei buruz, niretzat kategoriako atezain bikote onena da, orekatuena...".
Jokalariez gain, lau pertsonek osatzen dute talde teknikoa, eta hori ere garrantzitsua da entrenatzailearen ahotan: "Patxik jubenilek senior mailara egin zuten jauzia zaindu zuen, haien entrenatzailea izan zelako maila horretan. Atezainen prestatzailea ere bada, bera atezaina izan zelako. Urbistondok laguntzaile eta delegatu lanak egiten ditu, eta denboraldi honetan Juanma Morales fisioa hasi zaigu laguntzen. Bere ekarpena ikaragarri nabaritzen da. Astean behin saio fisiko bat egiten dugu, eta jokalariek, edozein arazo fisikoren aurrean arreta ezin hobea jasotzen dute. Laurak ondo moldatzen gara, bakoitza bere lanean".
Igoerako play-offa
Gipuzkoako txapeldunorde izan da Urnieta KE. Ordiziaren aurka bakarrik eman du amore, bitan. Igoera fasea Pazko asteko asteburuan hasiko da. Gipuzkoako lau taldek eta Bizkaiko bik parte hartuko dute. Denek denen aurka, itzuli bakarrean. Urnieta, Ordizia, Errenteriako Ereintza eta Donostiako Egia dira gipuzkoarrak. Sopelako Ugeraga eta Sestao. Urnietako taldeak, Gipuzkoak txapeldunorde izan den heinean, 3 partida jokatuko ditu etxean, eta bi kanpoan. Seiko multzoko lau onenak finalaurrekoak jokatzeko sailkatuko dira. Txapelduna laugarrenaren aurka, eta 2. sailkatua 3. sailkatuaren aurka. Finala jokatzeko txartela lortzen duten bi taldeek 2. nazional mailan aritzeko lorpena gauzatuko dute.
Bittor Rodriguezena da, analisia: "Ez da erraza izango. Ligatxo bat da. Lau onenen artean sailkatuz gero partida bakarrean erabakitzen da dena, eta azkenaldian partida berdinduetan neurri ona ematen ari gara. Nik konfiantza dut. Jokalariok konpromisoa dugu. Iraganean buruz buru aritzen ginen, bakoitza bere kasa, eta entrenatzaileek ere joko estilo eta eredu bat jarri du martxan. Konbinazio ona lortu da, eta azken ahalegina egitea baino ez zaigu geratzen".
Hasiera erabakigarria izanen da entrenatzailearentzat: "Taldeen erdia baino gehiago ezagutzen dugu, Ligan jokatu dugu haien aurka. Ordiziak biak irabazi dizkigu, baina ez dut ezinezko ikusten haiek menderatzea. Beste hirurei irabazi diegu. Bizkaitarrei buruz ez dugu informazio handirik. Lauren artean sartzeko aukera badugula uste dut, bizpahiru partida irabaz ditzakegula". Sailkatzekotan, indar pixka bat gordetzea komeni, finalerdiei begira: "Dena partida bakarrean erabakiko da, eta hor eman behar da neurria. Ondo prestatu behar da liga bukaera guztia".
Etorkizuna
Bidea ez da maiatzeko azken asteburuan bukatuko (orduan jokatuko dira finalerdiak eta finala, Urnietako Gazte Festen asteburuan). Igoera lortu edo ez, denboraldia ezin hobea izango dela dio Bittor Rodriguezek: "Oraintxe, igotzen bagara desplazamendu gastuak asko igoko direla daukat buruan (barrez)... Kirol arloan mugarria da. Edozein arrakastak jendea erakartzen du kiroldegira. Kluba hazi egingo da. Talde nagusia kirol arrakasta lortzeko borrokan dabilela ikustea pizgarria da eskola kirolan dabiltzan gazteentzat, gora iristeko gogoa handitzen du. Onura asko ekar ditzake". Atezainak klubak egun daukan osasunaren erradiografia zehatza egiten du, eskatu gabe: "10 urte dira eskubaloi sekzioa bere kabuz ari dela. 130 kirolari gara, 9 talde denera. Portugalera joaten gara Aste Santu guztietan, Gabonetako Torneoa antolatzen dugu... Jarraipena eman behar zaio arrakasta honi. Urte on bat egin, eta etenik ez egotea, hori lortu behar da, oinarri on bat edukitzea, osasuntsu izateko".
Jimenez entrenatzailea bera eskubaloian jokatzen hasi zeneko urteekin gogoratu da: "35 urteko historian lortu den kirol lorpenik handiena da! Nire belaunaldiarekin gogoratzen naiz: Ander Gil, Martxueta, Otaño..., atzetik etorri zirenekin: Korta, Tomasena, Pagola, Goiko, Jorge... Igotzea jende guzti horri omenaldi bat egitearen modukoa izango litzateke, bidea egin izana eskertzea. Eta bide batez, guk bidea erakustea gazteenei. Klub bateko lehen taldeak behe mailako taldeen ispilu izan behar du, erreferentzi, eta kirol arrakastak beti laguntzen du herriko gazteak erakartzen".