Eskubaloiko jokalarien egonaldia Andebolmania nazioarteko txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko api. 19a, 02:00

UKE eskubaloi sailak laugarren aldiz parte hartu du Andebolmania nazioarteko txapelketan. Oportotik gertu dagoen Sao Joao da Madeira herriko ADS klubak antolatu du eta aurtengoan inoiz baino talde eta jokalari gehiago bildu ditu, 150 talde eta 2400 jokalari Iberiar penintsulatik, Madeiratik eta Frantziatik etorrita.

Urnieta KEren bidaia kronika:

Jokalari, entrenatzaile eta senideen artean, 150 urnietar baino gehiago izan dira lau eguneko txapelketaz eta antolatzaileen abegiaz gozatu ahal izan dutenak: "UKEko espedizioak 7 talderekin parte hartu zuen infantil, kadete eta jubenil mailetan, neska zein mutiletan. Kirol arloan aipatzekoa da bigarren urteko infantil neskek lortutako hirugarren postua 17 taldek osatutako lehiaketan. Finalerdietan Perestrelo talde portugaldarraren aurka galdu zuten arren, hirugarren postua eskuratu zuten ADSri nagusitu ostean.

Gainontzeko taldeek aurtengo edizioan aurrekoetan izan dena baino maila altuagoa sufritu zuten. Lehenengo urteko infantil neskek, talde oso indartsuen aurka lehiatu arren, ia egunero bi partida izan zituzten. Nekea handia izan arren, azkeneko txapelketa egunean meritu handiko berdinketa eskuratu zuten Hernani Bren aurka eta lehiaketa 15. postuan amaitu zuten.

Infantil eta jubenil mutilek hamazazpigarren postuan amaitu zuten 24 taldek osatutako lehiaketan. Infantilen kasuan hirugarren postua eskuratu zuen Lisboako Sporting bezalako talde oso indartsuen aurka jokatu zuten ligaxkako fasean. Jubenilek berriz ez zuten hain ligaxka gogorra izan, baina hain jokalari gutxiko taldea edukita garaipena eskuratzea zaila izan zen. Hala ere, mutilek itxura ona eman zuten partida bakoitzean.

Jubenil neskak ere ez ziren libratu txapelketaren maila altuaz eta ligaxkan torneoko garaile izango zen Lecaren aurka jokatu zuten. Hala ere, garaipen eta berdinketa bana eskuratu zituzten eta hamaseigarren postuan amaitu zuten 18 taldek osatutako lehiaketa.

Kadete taldeei dagokionez, neskek hamabigarren postua eskuratu zuten 16 taldek osatutako lehiaketan. Ligaxka fasean Galiziako txapeldun izan den Carballalen aurka jokatu zuten, torneoan bigarren postua eskuratuko zuen taldea. Dena den, urnietarrek jarrera bikaina erakutsi zuten talde indartsuagoen aurka.

Mutilek berriz 31. postuan amaitu zuten 34 taldek osatutako torneoan. Hauek ere ligaxka gogorra izan zuten, tartean txapeldun izango zen Seis do Nadalen aurka jokatu baitzuten. Hala ere, talde indartsuagoen aurka lehiatzen jakin izan zuten.

Eskubaloi sailetik positiboki baloratzen da Andebolmaniako laugarren parte hartze hau, bai kirol zein bizikidetza arloetan, berriro ere ikusi ahal izan baita UKE eskubaloiko talde guztietan dagoen giro bikaina.

Eskubaloi sailetik hilabete luzez bidaia prestatzen jardun duen guraso taldeari eskerrak eman nahi zaizkio bere lan eta ardura handiagatik. Entrenatzaileen lana ere eskertu nahi da, kirol arloaz gain jokalariak zaindu dituzte eta torneoko egun guztietan zehar".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!