Herriartekoa

Aiztondoko taldeak, Herriarteko bertsolari txapelketan aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mai. 27a, 02:00

Otsailean ekin zion bideari Gipuzkoako Herriarteko txapelketak. Amasa-Villabonako Am..ona taldea eta Asteasu-Zizurkilgo Karidadeko Benta, bigarren fasean ari dira.

Hogeita hemezortzi taldek hartu du parte Gipuzkoako Herriarteko txapelketan. Hiru talde izan dira eskualdeko ordezkari; Andoaingo Punttuka, Asteasu-Zizurkilgo Karidadeko Benta, eta Amasa-Villabonako Am…ona. Andoaindarrak lehen fasean kanporatuta geratu baziren ere, egindako lanarekin pozik eta gustura agertu ziren. Karidadeko Benta eta Am..onakoek, berriz, aurrera darraite txapelketan.
Pozik eta lanerako prest daude Aiztondoko bertsolariak. Ander Goikoetxea Am...ona taldeko bertsolaria da. “Lehen faseko saioak ordubete ingurukoak izan dira, arinak eta freskoak. Oso bertsozaleak ez diren entzuleentzat, saio errazak eta dinamikoak izan dira. Bertsolariontzat, agian, berotzeko denbora gehigirik ematen ez duen formatua da. Bi bertsoaldi eginda, kopletan hasi, eta saioa amaierara iristen da. Lehen bertsoaldia erdipurdikoa ateratzen bazaizu, ez duzu gauzak hobetzeko margen handiegirik. Entzuleentzat, berriz, oso saio gustagarria da eta oso giro polita sortu da”, adierazi du.

Prestatutako agurrak
Am…ona taldeko Beñat Iguaranen iritziz, txapelketako saioek hobera egin dute erdi-paretik aurrera. “giroa berotzen joan da eta bertsolariok ere lan hobea egin dugu saioaren amaiera aldera. Txapelketa txikia izanagatik, jende asko mugiarazi du. Jai giroan egindako saioak dira eta hori asko eskertzen du entzuleak”. Karidadeko Bentako Unai Mendizabalek garbi du, agurreko bertsoek zerikusi handia dutela jendea erakartzeko garaian: “Jendea zain-zain egoten da, zer ikusiko. Agurra prestatzeak lan handia ematen du, baina jendeak oso gustura hartzen du. Gure kasuan, 80 pertsona inguru gerturatu zen Asteasuko saiora, eta Zizurkilgorako txartelak agortu egin zitzaizkigun. Oso harrera polita izan du txapelketak, baita oso bertsozale ez direnen artean ere”.

Plazan, berri
Oihana Iguaran, Beñat Iguaran, Amaia Agirre eta Ander Goikoetxea dira Am..ona taldeko bertsolariak. Laukote horretan, Ander Goikoetxea da plazan gutxien abestutakoa: “Zaletasuna gisa izan dut beti bertsolaritza, baina oso gutxi aritu naiz jendaurrean. Tolosaldeko txapelketan parte hartu nuen eta Herriartekoan parte hartzera ere animatu nintzen. Gustura ari naiz. Aitzakia horrekin, gainera, entrenamendu asko egiten ari naiz, eta lagun berriak egiteko bidea ere eman dit”.
Haritz Mujika asteasuarra Karidadeko Benta taldean ari da bertsotan. “Taldekako txapelketa izateak babesa eskaintzen dio bertsolariari. Plazan aritzeko ohitura gutxi duenarentzat errazagoa da babes horretan abestea”. Beñat Iguaranek gaineratu duenez, “talde aurkariekin sortzen den giroa ere oso polita da. Elkarrekin afaldu edo bazkaldu eta umore onean ibiltzen gara. Denok irabazi nahi dugun arren, festa giroa sortzen da saioetan eta hori oso polita da”.

Otaegi bertsolari
Joseba Otaegi aizkolari zizurkildarraren beste alderdi bat ezagutzeko aukera eskaini die askori txapelketa honek. “Saioetara gerturatzen den jende askok aizkolari gisa ezagutzen du Joseba, baina ez dakite bertsotan ere badakienik. Harrituta geratzen dira saioetan ematen ari den mailarekin. Plazagizona da, berezkoa du hori Josebak eta maila ederrean ari da txapelketa honetan”, azaldu du Unaiek.

Bertsozaletasuna piztu
Herrietako bertsozaletasuna sustatu eta aktibatzeko helburua du Herriarteko txapelketak. Unai Mendizabal zizurkildarrak garbi du: “Urte osoan zehar bertso saioak antolatzeko jendea aktibatzea zen helburuetako bat. Horregatik, talde bakoitzak, antolaketa lanak bideratuko dituen norbait behar du. Gure kasuan, Mikel Maiz asteasuarrak hartu du ardura hori. Horrelako jendea bertsoaren munduan sartzeko oso baliagarria izan da txapelketa”. Am…ona taldekoen kasuan, Iñaki Lizaso gai-jartzaile lanetan ikustea izan da sorpresarik handiena: “Bertsoaren mundura gerturatu da txapelketari esker. Gai-jartzaile lanetan ondo eta gogotsu ari da”.

BERTSO SAIO ERABAKIORRAK
IGANDE HONETAN
Am..ona taldekoek Irun eta 26 + (Abaltzisketa, Amezketa, Anoeta, Berastegi), taldeen aurka aritu beharko dute. Karidadeko Bentakoak, aldiz, Oñati eta Ereñozuren aurka arituko dira. Haritz Mujikaren esanetan, “zenbait ariketatan ez gara nahi bezain eroso sentitzen. Pertsonaia izkutuaren jolasa sartu dute, puntukako saioa ere nahiko irristakorra izan daiteke… Horrez gain, agurra ez da puntuagarria bigarren fase honetan. Lehen fasean, horrek lasaitasun puntu bat ematen zigun. Agurra prestatuta eramateak, saioa goitik hasiko zenaren ziurtasuna ematen zigun”. Eskualdeko bi taldeek igande honetan, apirilak 9, bigarren faseko azken saioak jokatuko dituzte. Saio horietan lortutako puntuazioak erabakiko du finalaurrekoetarako sailkatuko diren ala ez.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!