Iturrioz baserriko Antonio

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko api. 15a, 02:00

Baserriko bizimodura eta herri-kiroletara estuki lotutako testigantza bizia da Iturrioz baserriko Antonio Iturriozena. Iragana gogora ekarri du, Karrika lau baserrik bakarrik osatzen zutenetik hasita.

Baserrian zaildua, baserriko bizimodu zalea, korrikalaria, segalaria, trontzalaria, idi pareak gobernatzen maisu, golf zalea, hizketarako egokia, umore zalea… Interneten Youtuberi esker mundu zabalean ezaguna izateko bidean jartzea falta zitzaion Antoniori kasik, eta hori ere lortu zuen 2015ean…
Antonio Iturrioz 1941eko urtarrilaren batean jaio zen, Karrika auzoko Iturrioz baserrian. Baserritar eta kirolzale izateak herri-kirol ezberdinak probatzea ekarri zion gaztetan. Korrikalaria, segalaria, trontzalaria... Korrika egitea modan ez zegoen garaietan, galtza-motzak janzteko lotsak kendu eta Andoaingo jaietako makina bat lasterketatan hartu izan zuen parte. “Usabelartza eta Bertxingo larretan betizuak edukitzen genituen, eta haien atzetik harrapatu ezinik ibili behar izaten zen korrika, eta halaxe zaildu nituen izterrak. Goiburun, Zinko Bordako soroan bazen ehun metroko zirkuitua, eta ukuiluko lanak eginda hara joaten nintzen entrenatzera. Baserri hartako familia gustura arrimatzen zen ni ikustera; ‘atzo baño azkarro habil gaur!’ esaten zidaten, eta nik ‘hoixe nahi nik’ erantzuten nien arnas-estuka”.  
Etxean, Antoniok zintzilikatuta dauka 1948ko San Krutzetako lasterketa batean ateratako argazkia. “Hamazazpi urte nituen orduan. Bi itzuli egin beharrekoak Sorabillan barrena, hamar kilometro denera. Bost korrikalari baino ez ginen atera; inork gutxik egiten zuen lasterka orduan, eta gutxiago animatu horrelako lehiaketetan jende aurrean, barregarri geratzeko beldurrez. Alde ederra dago orain, edozein ikusten da-eta”.
Nolanahi ere Goiburu eta Sorabillako auzo-jaietan egin zituen erakustaldi gehienak lasterka. Ez alferrik, bi auzo horien erdian kokatzen baita bere bizilekua, eta haiengana lotu izan da beti gertutasunez eta sentimenduz. “Auzoko gazteak elkarrekin korrika apustuan jartzea zen festa haietan jendea erakartzeko modurik errazena. Nire boladan, Goiburun, Inaxio Zinkunegi, Migel Uranga, Joxe Aizpurua, Joxe Mari Mendiola… izaten ziren; Sorabillan, berriz, Agustin Zubeldia, Felipe Sarasola… Elkarren artean erreleboka, edota bestela, bikotea Irizarren kontra, horrela izaten zen. Igandeko mezatik irten, eta huraxe zen dibertsioa jendearentzat. Ez zen gehiago behar!”.

Trontza, lehiarako aitzakia
Oiek ez diyek potroik gui irabazteko, berriz jayo biar diyek gu baño geiyo izateko. Arrazoi hori nahikoa pizgarria izan da beti euskal kiroletan norgehiagoka sonatuak antolatzeko, eta halaxe gertatu zen behin Goiburuko jaietan; ez korrika, trontzan baizik, eta Antonio tarteko zela. “Gazteen artean bazela seta, eta trontzan saioa organizatu zen egun batetik bestera. Larunbatean basora joan karroarekin, haritz bat ipurditik moztu, eta plazara harekin! Joxe Mari Mendiola Axindegi eta Joxe Ramon Oiartzabal Iztuitza, Pedro Ugartemendia Antzizar eta neronen kontra. Igandean, mezatik aterata hura jende pila bildu zen Goiburuko plazan! Ez kartelik ez bandorik ez zen behar izan han, jendeak gazteen sesioa galdu nahi ez inondik ere! Dirua eta zeozer gehiago jokatu izan bagenu bezala aritu ginen jota su lanean; diru apustua jendartean izan zen”.
Gaztetan indarra, osasuna, kirolzaletasuna eta desafiorako grina elkartzen ziren Antoniorengan, eta zirikatu izan zioten behin edo behin jokorako. “Segan ere ederki aritzen nintzen, eta behin Hernanitik heldu zitzaigun desafioa. Nik gogoz egingo nuen aurrera, baina amak atzendu ninduen: ‘etzadi atea, eskandaluako bidia dek-eta; hortik etzeok gauz onik! Auzuan eta nunai ateako zaizkik kontrariyuak’ . Orain pentsatzen jarri, eta hobe hala izatea”.

Iturriozeko idiAK famatu
IZAN ZIRENEKOak
Urtetan iraun zuen ohitura izan zen idi parea gobernatzea Iturriozen. Garraiorako eta goldean aritzeko gobernatzen zituen ezin gogokoago Antoniok. “Pentsa, etxean nahikoa garo eduki azpitarako, eta gehiagoko nezesidaderik ez eduki arren, idi parea eta gurdia hartu eta Usabelartzako parajeetaraino joaten ginen aita (Joxe Inaxio) eta biok. Kapritxoagatik! Izan ere, garo denboran, Udalak herri sailak zozketatzen zituen, loteak izaten ziren. Bada, goizeko lau terdietan abiatzen ginen gora; aita gurdi gainean etzanda jarrita eta neu akuiluarekin. Hura zen bidaje puska! Ortzaikako karobi parean trenbidea pasa, eta behetik gora zuzen San Estebango plazara atera arte. Txertoetatik berriro behe aldera, Unanibiako zubira. Trentxiki azpitik pasa eta Malotik gora berriz ere Idoiagara. Eta azkenik Usabelartzaraino. Han gurdia zamatu, eta ostera etxera. Eguerdiko 14:00etarako etxean”.
Ibilera trakets haiek etxean bilobei kontatzea merezi duela aipatuz gero, azkar du erantzuna Antoniok: “Deskuidatzen bazara ‘zuek mokoloak zineten’ erantzungo dizute eta ez zaie arrazoirik faltako”.
Juanita Ollo hernaniarrarekin ezkondu eta lau seme-alabako familia eduki ondoren, 36 urterekin Inquitexen lanean hasi zen. Artean, baserriko martxa izan zuen eguneroko kontua Antoniok. “Goizeko lau t’erdietan jaiki, eta zazpi t’erdiak arte saioa egin belazean, etxera etorri eta ganadua gobernatu, jetzi eta ostera goldera. Arratsaldeetan maiz, idiekin lurrak goldatzeko eskatzen zidaten herriko baserritarrek eta zeregin horretara abiatzen nintzen. Andoaingo baserri auzoetako baserri ugaritan ibilia nago horrela”.
Etxeko argazki bilduman baditu bi bereziki gordetzen dituenak: idi parearekin agertzen da bera, horietan. “Bata, Karrikako errepide nagusian atera zidan Tolosako argazkilari batek, autoan zihoala egokituta; aita eta biok Usabelartzatik garoa zamatuta gentozela harrapatu gintuen. Bestea, Aita Larramendi herrian omendu zutenean 1966an; Lizar Makileko dantzariek karroza atera zuten euskal gaiekin dotoretuta, eta hura eraman zuen desfilean gure idi pareak”.

OROITZAPENAK Guardia zibilen metrailetapean
Karrika auzoa Iturrioz baserriaz gain, Istuitza, Istuitza Torre, Asindegi, eta Gurmendi baserriek soilik osatzen zuten garaietan jaio eta hezi zen Antonio, eta gertu-gertutik bizi izan zuen gerora heldu zen auzoaren urbanizatze prozesu guztia. Iturrioz baserria, lur sail handi baten jabe izatetik, guztia galdu zuen 60ko industrializazio eta emigrazioaren fenomenoarekin batera. Amorruak eta atsekabeak bustitako oroitzapenak datozkio gogora Antoniori: “Oria ibaia eta gure baserriaren arteko erribera guztia ez zela produktiboa deklaratu zuen herriak, eta derrigorrezko desjabetzea ezarri ziguten. Guardia zibilek, metrailetarekin bularrera apuntatu eta ‘¡Ustedes fuera!’ agindu ziguten. Han joan ginen arreba, aita eta hiruok negarrez etxera! Etxeak eraikitzeko kontuan Andoainen baziren premia gehiago zeukaten lur sailak, baina batzuren batzuei ez interesatu, nonbait!”.
Baserriko martxa murrizten joan zen harrezkero Iturriozen. Nolanahi ere, Antonio ez zen erraz uztekoa lurrari itsatsitako bizimodua, jaio zenetik ezinbesteko izan zuena alegia, eta Goiburuko Goiko Borda baserriari heldu zion. 76 urte beteta dituen honetan, oraindik ere ez du egunik igarotzen hara goiz eta arratsaldero igo gabe. “Behiak larrean botata dauzkat, eta oiloak eta konejuak edukitzen ditut. Bi zakur ere bizi dira bertan bata guardian egoteko, eta bestea, Xarpa izeneko arratoi-txakurra, ogitartekoa erdibana jateko! Semeak etortzen zaizkit laguntzera, eta gustura sentitzeagatik etortzen naiz, ez ezer irabazteagatik. Gaur egun, baserriak ez du ezer ematen; arazoak besterik ez, garbitu egin behar delako. Ganadua orain 30 urte bezala pagatzen da, esnea debalde dago, eta pentsua garesti! Zein gazte ariko da baserrian, ez dago bizitzerik-eta?”.
Goiburuko baserri paraje hura zenbat maite duen adierazteko, ondorengo konparazioa egin du Antoniok: “Donostiako Boulevardean milioiak balio dituen etxea eskaini niri, eta ezetz esango nieke. Nahiago dudala hemengoa; paradisua da niretzat hauxe! Kapritxoa dudanean ere, badaukat golfean jokatzeko aukera; lur sailera erortzen diren pilotak hartu, eta makilarekin aritzen naiz ttak eta ttak, txuloan sartu nahian”.

Idi famatuak
1966an Aita Larramendi omendu zuten Andoainen. Euskal gaien karrozatik tira egiteko bere idi parea erabili zuten.

Film laburra
Antonio Iturrioz “Andoain laburrean” izeneko film laburren lehiaketako protagonista nagusi bilakatu zen 2015ean. Izan ere, bere lekukotza jasotzen zuen bost minutuko “Goiko Borda” filmak bereganatu zuen lehen saria orduan. Andoaingo Zine eta Bideo eskolako Beatriz Lara, Iñigo Salaberria, Ander Beizama, Borja Subiza etra Irving Bonet izan ziren egileak. Antoniok ez zion izurik agertu kamerari txanda hartan, eta ederki aritu zen aktore planta bikaina erakutsiz.
Filma ikusgai dago Youtuben; nahikoa da “Andoain laburrean 2015: Goiko Borda” idaztea, sarean topatzeko. Oihartzun handiko filma da inondik ere.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!