Nolakoa izango da uda honetarako aurreikusita duzuen bidaia?
Iñaki: Gure bidaia Portland hirian hasiko da eta mendebaldetik ekialderako bidea hartuko dugu. Oraingoz Portlandrako hegaldia soilik hartuta goaz, gainerako guztia odisea bat izango da.
Garbiñe: Amerikarrak oso zorrotzak dira hegaldietan gauzak sartzeko garaian eta Tandem bizikleta neurri berezi batzuetako kaxatan eraman behar dugu. Bizikleta normalak baino luzeagoa izatean, eragozpen hori izaten dugu askotan busera igotzeko garaian ezezkoa esaten baitigute. Aitzakia ona da bai ala bai pedalei eragiten jarraitzeko.
Nola hasi zineten Tandem-ean ibiltzen?
Garbiñe: Santiago bidea izan zen gure lehen bidaia. Motxila eta beharrezko guztia bizkar gainean hartu eta gustua hartu genion. Horrela pixkanaka inbertsio handiagoa egiten hasi ginen.
Zein izango da zuen egunerokoa AEBtako bidaian?
Iñaki: Ibilbidean hartuko dugun gehienezko altuera 3.157 metrokokoa izango da, “Hossier pass” pasagunea. Handik Yellowstone eta Gran Teton parke nazionalak zeharkatzeko asmoa dugu. Oso politak omen dira, eta parkean bertan lo egiteko asmoa ere badugu.
Garbiñe:Gure eguna goizean goiz jaiki eta kafetxo batekin hasten da. Egunero 100 kilometro egiteko asmoa daukagu, 7 orduz. Bazkaltzeko bidean zerbait erosi (platanoak, ogia, txokolatea, barrita energetikoak…) eta aurrera. Afaria, hori bai, eserita.
Gelditu gabe, beraz?
Garbiñe: Ez dugu denbora sobera izango. Boiseko euskal komunitatean geratzeko asmoa badugu. Gero sentsazioen eta nekearen arabera ibiliko gara. Denera 7.000 kilometro dira eta jakin badakigu egun guztiak ez direla berdinak izango.
Non egingo duzue lo?
Garbiñe: Amerikanoak oso abegikorrak direla esan digute. Etxeko lorategietan eta kiroldegi edo suhiltzaileen parkeetan lo egiteko aukera badela diote.
Iñaki: Egia esan egingo ditugun etapak nahiko luzeak dira eta badakigu egun gehienetan kanping dendan lo egitea egokituko zaigula, mendian edo parkeetan.
Zeinen arabera aukeratzen dituzue zeharkaldiak?
Garbiñe: Errazenetik hasi ginen: Santiago bidea, Loirako gazteluak, Canal du Midi,... Gero Errumania ezagutzera joan eta ia-ia Europa osoa zeharkatu genuen.
Iñaki: Itsaso Beltzetik etorri ginen, 4.000 kilometro denera.
Bidaietako pasadizo ugari izango duzue, beraz...
Garbiñe: Maparekin gindoazen batean hurrengo kanpalekurako 20 kilometro geratzen zirela aurreikusi genuen eta ilunabarrean abiatu ginen. Ilun zegoen eta hondar asko zegoen bidexka batean sartu ginen. Gure bizikleta pisutsuarekin hondarrak ez zigun aurrera egiten uzten. Orduan bultzaka hasi eta bat-batean eltxo eta euli piloa hozkaka hasi zitzaizkigun, herri txiki batera heldu ginen arte.
Iñaki: Bertan taberna beldurgarri batean sartu eta tabernaria emakume bati deika hasi zen. Eta horrela amaitu genuen zuhaitz baten gainean zegoen etxe zahar batean lotan.
Garbiñe: Horrelako egoeratan ez larritzen ikasten duzu. Arazo guztiek irtenbidea dute, eta lehenago edo beranduago beti agertuko da laguntzeko prest dagoen norbait.
Zer espero duzue bidaia honetatik?
Garbiñe: Gehienbat lekuak eta jendea ezagutzea da gure helburu nagusia. Bi hilabeteko esperientzia honetan horrela ibiltzeko moldatzen bagara, bi urte barru Hego Amerika aldera joateko plana egingo genuke. Hura ere bidaia luzea izango litzateke.
Zaletasuna lanarekin uztartzeko zer moduz moldatzen zarete?
Garbiñe: Ni orain eszedentzia egoeran nago eta Iñakik soldatarik gabeko aste bat hartu behar izan du udako oporrekin batera pentsatutako bidaia egin ahal izateko.
Adunan irakasle izanda, umeek ba al dakite tandem batean ibiltzen zarela, Iñaki?
Iñaki: Gure zaletasunaren berri badute, bai. Bloga ere erakutsi diet. Hiru urte daramatzat Adunan eta egunen batean bidaien inguruko proiekturen bat egiten badugu, nire bidaien inguruan hitz egitea pentsatuta daukat.
Iñaki Pagolaren bloga:
www.tandembidaiak.com