Maskarada eta natura

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko api. 14a, 02:00

Konturatu orduko maiatzaren 7a iritsiko da, Aiztondoko Maskaradaren eguna. Maskaradaren sinbologia azaldu du Edu Zabala adituak.

Zuberoako maskaradan bi indar daude jokoan, aurrez aurre: Ordena eta kaosa, gizakia eta Natura. Borroka horri erantzuten saiatzen da antzezpena, ohiko elementuak eta ez hain ohikoak plazaratuz. Gizakiak Naturaren aurka borrokatzen du, norgehiagoka bizian; lehenak Natura bereganatu nahi du, zaldia, zamaltzain atzeman eta zikiratu ondoren, ferratuta, etxeko atarian gobernatzeko. Naturaren indar basatiaren sinboloa etxekotu dugu, gure nagusigoa erakutsi diogu, norgehiagoka horretan. Diotenez, bortuetan libre bizi den zaldi zuria bereganatzen duena betirako biziko da, izan ere gure mitologian abere hori Herioren mezularia baita; beraz, batzuentzat erronkak, arriskuak, merezi du baldin eta horrela betikotasuna lortzen duten.

Amalurra esnatuz
Zamaltzainaren taldeak dantza eta jauzi egiten du, Amalurra kolpatzen behin eta berriz, dotore, gero eta gorago, gero eta gogorrago zanpatuz lurra, neguko lozorrotik esna dadin. Gauza bera egiten dute beste jauzi-dantzekin Afrikako masai leinukoek, adibidez, euria erakartzeko erritualean. Bi kontinente, bi kultura, funtsezko dantza bat, bere ñabardura guztiekin; erritual baten aurrean, erritual zahar, apaindu baten aurrean gaude, beraz, bai han eta bai hemen.
Baina bada Zuberoako maskaradan taldeka, arrapaladan gizakion plazan sartzen den indar basa, garai batean negu gorrian egiten zuten bezala. Goseak akuilatuta jaisten ziren janari bila, etxabereen bila, letaginak erakutsiz; kontrolaezinak ziren, otsoak ziren, kauterak dira.

Kauterak
Beldur horri beste modu batean erantzun zaio maskaradan, hots, builaz, zalapartaz, anabasaz; baina zergatik ote? Esango nuke kauterak pertsonaiarik maitatuenak, dibertigarrienak direla maskaradaren antzezpenean. Piztiek maitasuna, miresmena eta gorrotoa sortu digute beti; batzuetan, gure mitologian edo antzezpenetan, gutxiesten saiatzen gara, barregarri utziz, buhameek hartza dantzatzerakoan egiten duten bezala; besteetan, ordea, beraien indar erasotzailea erakusten dugu, Altsasuko momotxorroak kasu.
Itzul gaitezen Zuberoara baina. Naturaren indar basak, kauterak dira, bere funtzio nagusia balizko ordena hankaz gora jartzea delarik. Kabana, Pitxu eta bere kideek, abere apaingarriz mozorrotuta, piztiren bat ekar diezagukete gogora; otsoak, gizotsoak agian? Norbaitek sakrilegiotzat jo dezake elkarlotze hori baina taldeka uluka, aurika, builaka datozen beltz horiek, bere isatsarekin, erraz eraman ahal gaituzte basoan bizi ziren pizti horiengana.

Pitxu
Badute gutxieneko ordena bat, Kabanaren eskuetan dagoen zurdaren bidez betetzen saiatzen direna, baina ez da aski; piztiek, anabas, bortizkeria horren barruan, halako batean Pitxu gizotso gazteena hil egiten dute eta zein etorriko zorigaiztoko otsoa berpiztera eta gizakia, berriz ere. Zalaparta eta tripa erauzte batez apaindurik, halako batean, berpizten dute Pitxu algaraka, builaka, zalaparta etengabean: Hildako bati, naturaren seme basati bati, bizitza itzultzeko gai izan gara; Jainko bihurtu dugu geure burua; esan dezakegu, beraz, naturak ezartzen digun azken muga, Heriotza alegia, zaldi zuri hori, maskaradan harrapatu, zikiratu eta ferratu dugun hori gainditu dugula edo gainditu nahi dugula, urtero, Zuberoan errepikatzen, antzezten dugun erritual horren bidez.
Jaiotza-heriotza, erditzea-erailtzea, ordena-anabasa, gorriak-beltzak, negua-udaberria, hori guztia eta gehiago antzezten dute zuberotarrek urtero, urtarriletik apirilera, herriz herri bere, gure kulturaren sorgin-gurpila martxan jartzeko, herritarrak neguko lozorrotik ateratzeko, euskal gizartea berpizteko, musika, dantza eta berba lagun dutelarik. Ho, Pitxu, ho!

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!