Gutun lehiaketaren edizio berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko api. 14a, 02:00

Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitatearen haur eta gazte mailako lehiaketa X. ediziora iritsi da. Gutunak aurkezteko epea apirilaren 25ean amaituko da. Edonork har dezake parte lehiaketan. 4 adin tarte bereizten dira: A maila 6-8 urte bitartekoak; B maila 9-11 urte bitartekoak; D maila 12-16 urte bitartekoak eta E maila 17 urtetik gorakoak.

Nire azken negua da. Horixe da aurtengo lehiaketaren goiburua. Aiztondoko kide den Itsaso Gonzalezek esan duenez, “herritarrak euskaraz irakurtzen bultzatzera da helburua, eta hamar urte hauetan helburu hori lortu dugu”.

Parte hartzaile bakoitzak bi lan aurkez ditzake gehienez, bakoitza bi orrialdekoa. Orriaren alde bakarrean idatzi behar da. Lan guztiek jatorrizkoak, argitaragabeak eta euskaraz idatziak izan behar dute. Gutunak bidaltzeko bi modu daude. Bata, posta arrunta. Bi gutun-azal behar dira: txikian izen-abizenak, adina, telefonoa eta helbidea idatzi behar dira; eta, asmatutako ezizena idatzi gutun-azal horretan. Handian, gutuna sartu aurreko gutun-azal txikiarekin batera. Guztia helbide honetara bidali behar da: Muñoa kalea, 36 Behea. 20159 Zizurkil. Bigarren modua, posta elektronikoa da. Bi fitxategi bidali behar dira. Lehena, “egilea” izenekoa norbere datuekin; eta bestea, “izenordea” izenekoa gutunarekin aiztondokogutunak@gmail.com e-mailera.

Epaimahaikideen begia
Juan Kruz Igerabide, Ana Eizmendi, Xabier Artola eta Joserra Beloki arituko dira epaimahaikide lanetan. Estiloa, istorioaren garapena, aurkezpena eta originaltasuna hartuko dituzte kontuan gutunak epaitzeko orduan. Eskuz idatzita daudenen kasuan, kaligrafia ere aintzat hartuko dute. “Eskuz idaztean, jasotzen duenak zure idazteko forma ikusten du; gertutasun bat nabaritzen da”, adierazi du Itsaso Gonzalez Aiztondoko kideak.
Bosgarren epaimahai bat ere egongo da: gutunen irakurleak. Beraiek ere aukera izango dute gutunak irakurri eta beren botoa emateko. Gutunak liburutegietan egongo dira irakurgai. Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitatetik eskerrak eman nahi dituzte epaimahai moduan arituko diren herritar guztiei.

Sariak
Maila bakoitzean bi sari banatuko dira. A eta B mailako lehen eta bigarren sariak diploma eta oparia dira; D mailako lehen saria diploma eta 100 euro, bigarren saria diploma eta 50 euro; E mailako lehen saria diploma eta 300 euro, bigarren saria diploma eta 150 euro. Bestalde, bi pertsonentzako afari bat ere sarituko da Aduna, Alkiza eta Larraulgo idazle hoberenarentzat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!