Ixiar Ansa, Galardiko hezitzailearen erretiroa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko api. 10a, 02:00

Ixiar Ansak oraindik orain hartu du erretiroa, 39 urtez Galardi Udal Haur Eskolako lehenbizikoetako hezitzailea izan ostean. Lan munduan erretiroa hartu arren ez dago geldirik egoteko. 

Aitortu duenez, gizakia aberasten duten zaletasun ugari ditu zain, eta ez hori bakarrik, Andoaingo kultur giroan bere hondar alea jartzeko gogoz sentitzen da.  

 

Zer moduz izan zen lantokian egin zizuten agurra?

Ixiar Ansa: Bi agur egin dizkidate, dena esatera. Galardin bertan lehenbizikoa; festa txikia antolatu zuten lankideek haurrekin batera, eta gozatzeko eta hunkitzeko tenorea eduki eman zidaten: aurreskua, kantua, oparia… Emozioz beterikoa izan zen, betirako gogoan hartzeko festa 39 urtez bertan lanean aritu eta gero. 

Hurrena, Udal langileekin egin ohi den bazkaria etorri zen; hunkigarria izan zen hura ere. Izan ere, 2010az geroztik Haur Eskolako zuzendari izan naiz eta urte horietan Udaletxeko langile askorekin harreman zuzena edukitzea egokitu zait. Halako agurra jasotzea, benetan estimatzeko gauza da.

 

Etorkizunean denbora gehiago edukiko duzu zure gauzetarako… 

I.A.: Lasaitasun pixka bat eskatu diot nire buruari hasteko eta behin, baina makina bat zaletasun eta ideia badauzkat: irakurketa, zinea, kultur kezkak asetzeko ikastaroaka, oinezko ibilaldiak, bidaiak… Oreka bilatu beharko dut, ez nedin gehiegi estutu. Lau haurren amona banaiz, eta hori ere ezingo dut ahaztu.

 

Haur eskolan urteak eta urteak pasa eta gero, orain biloben zaintzarako gogorik geratzen al zaizu?

I.A.: Bai noski, gustukoak baititut haurrak! Nolanahi ere, nahiago dut horien ondoan bizi, gertutasuna erakutsi eta edozein ezusteko gertatzen zaien okasiorako laguntza eskaini.

 

Andoaingo kultur giroan murgilduta ibili izan zara beti…

I.A.: Bai, eta horri eutsi nahi diot, ahal izanez gero sakonduz. Pertsona ekintzailea sentitzen naiz, eta Andoaingo gizarteari ekarpenak egiteko gogo biziz nagoela erretiroa heldu zait. Oraintxe badaukat pentsamenduan elkarte bateko kide eragile gisa hastea.

 

39 urtetako ibilbidea aztertzeko denbora emango zizun honezkero, eta zer eman dizun hausnartzen hasi… 

I.A: Pertsonalki gehien aberastu nauten bi arlo aipatuko nituzke. Batetik, lan giro bikaina ezagutu dut betidanik Galardin, eta eskertzekoa da hori; ezinbestekoa esango nuke hezkuntza proiektu batek aurrera egiteko. Bestetik, haurrekin etengabe jardun beharra egokitu zait, eta horiek transmititu dizkidaten sentimendu eta emozioak apartekoak izan dira. Haur horien atzean familiak egon dira, eta horiekin harreman estu eta pozgarria eduki dut, gainerako hezitzaileen antzera; kasu batzuetan gainera, geure besoetatik pasatakoak gerora guraso bihurtu direnean hona ekarri izan dituzte beren haurrak; ez dakizu zenbateko poza ematen duen belaunaldien transmisio horrek!

 

Bokazioko lana al da Haur Eskolako hezitzaile izatea?

I.A.: Ezinbestekoa da haurren garapen kognitibo eta emozionala, eta hezitzaileak zeharo inplikatu beharra dauka arlo horretan, jai du bestela. Haurra besoetan hartzen duzun une beretik, atxikimendu afektibo eta emozional handia sortzen da bien artean. Egunez egun haurrak erakusten duen garapen pertsonalaren eragile, lekuko izateak satisfazioa eta harrotasuna ematen ez badizu, esango didazu… Gainera, langintza honek birziklatzeko prest egotea eskatzen dizu: arlo pedagogikoan ematen diren berrikuntzak eta proposamenak jarraitzea, gizartean ematen diren aldaketa soziologikoak kontuan hartzea…

  

“Galardi Haurtzaindegia” aipatzen jarraitzen dugu maiz… 

I.A.: Bai, egia da kontzeptu hori oso barneratuta daukagula oraindik. Kosta egiten zaigu Galardi Haur Eskola dela onartzea, eta  Andoaingo herriari hezkuntza proiektu bat eskaintzen diola. Bere historian atzera egiten badugu, esan behar da 1977an sortu zenean, helburu asistentziala eman zitzaiola ofizialki, beste herrietan zeuden antzeko proiektuei bezala. Emakumeak lan munduan mozketarik eduki ez zezan jartzen zen arreta orduan, eta Galardiren Udal zerbitzua haurtzaindegi gisa eraiki zen, haurrak zaintzeko leku gisa soilik, alegia. Oker ez banago, diru laguntzak Espainiako Lan Ministeriotik jaso ziren lehen urte haietan. Gauzak horrela, hasiera-hasieratik aldarrikatu nahi izan zen haurraren eboluzio pertsonalean zenbateko garrantzia duen 0-3 urte bitarteko biziaroak. Besteak beste pedagogiak bere garrantzia zeukala, hezitzaileek formakuntza profesionala eta titulazioa behar zutela… Borrokatu behar izan zen, baina ikuspegia aldatzea lortu zen, hots, hezkuntza sistemaren aitormen ofiziala jasotzea. 

Aspaldiko urtetan Galardi Udal zerbitzua da, eta Eusko Jaurlaritzaren menpeko hezkuntza sisteman kokatzen da. Bertako hezitzaileak Udal langileak dira, nahiz eta udal langileei lotutako lan hitzarmenean eranskin baten moduan jaso.

 

Gaur egun Galardik 0tik 2 urte bitarteko eskaintza dauka. Zenbat haur daude?

I.A.: Berrogeita hamarren bat haurren bueltan ibiliko da, eta bederatzi hezitzaile eta laguntzaile dira horietaz arduratzen direnak. Eboluzio bat egonda matrikulazioen arloan. Galardik 0-3 urtetako eskaintza zuenean eskaera handia izaten zen eta itxaron zerrendan egotea ere egokitzen zitzaien haurrik txikienei. Orain urte batzuk 0-2ko eskaintza jarri zenean, hilabeteetako haurrentzako plazak gehitu ziren. Azken urteetan matrikulazioa kopurua beste fenomeno berri bat bizitzen ari da, gizartearen aldaketa soziologikoekin eta krisiarekin zerikusia duena. Azken batean Galardiren eskaintza ez da derrigorrezkoa, eta familiek faktore gehiago hartzen dituzte kontuan aukera horri heldu ala ez erabakitzerakoan: guraso batzuk gehiago baloratzen dute haurraren lehen bizialdia gertu-gertutik bizitzea, lan munduko baldintzak ez dira lehen adinakoak, soldata bajuak…  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!