2005ean egin zuen azken jasoaldia plazan, baina ordurako Urtzi seme nagusiak lekukoa hartua zion. Iraitz eta Beñat etorri ziren gero.
Gaur Urtzi eta Beñat ari dira plazaz plaza, baina nahi luketena baino gutxiago. Ezkor dira harrijasotzea eta herri kirolen inguruan. Luixmari Telleriarena da sententzia: "Baserria desagertzen ari da, eta baserriarekin batera desagertuko dira herri kirolak ere". Nortasun agirian Telleria sendiko kideak lasartearrak direla dio. 1986a arte Urnieta zen eremuan bizi ziren, Urnietatik Lasartera doan bidean, Kaxkarro gaina pasa eta kilometro eskasera. Han dago Elkezabal Txiki baserria. Luixmari aitak azkar botatzen du: "Auzoko biztanleok Urnietan geratzeko bozka eman genuen, baina badakik, hemen politikak agintzen dik, eta orduan Lasarte-Oria herria sortzea komeni huan". Luixmarik harreman handiagoa du Urnietarekin. Urtzi eta Beñat semeek ere bai, nahiz eta urnietar edo lasartear izan, garrantzirik ematen ez dioten. Beñatek lagunartea Urnietan du. Urtzik lana Lasarten, baina erosketak Urnietan egiten ditu. Esku-eskura dituzte bi herriak. Pasadizo kurioso bat badu Urtzik, lehen jaunartzea prestatzeko katekesia egiten zuenekoa: "Urnietako elizara joaten nintzen, baina orduko apaizak, Don Jose Ignaciok, Lasartera joateko aholkua eman zion amari, gertuago nuelako".
Urtzik (31 urte) behi etxalde batean egiten du lana. Beñat langilea da (21 urte). Luixmari aita (55 urte) behi esne kontrolatzaile aritzen da, ganadua identifikatzen. Eta lanak uzten dion aldiro, harriari begiratzen dio. Harriak lotzen baitu Telleria familia. Edo familiak harria. Nondik begiratzen zaion. Harriaren kontua noiz eta nola hasi zen ondo asko gogoratzen du Luixmarik. Urtzik eta Beñatek ere askotan entzun dute istorioa etxean, baina adi entzuten dituzte aitaren esanak: "Etxean kontra nituen, zeren eta nire garaian herri kirol kontu guztia apustuekin-eta lotuta zegoen. Eskolatik nentorren egun batean Joxemari Indianokoa ikusi nuen pentsu zaku bat altxatzen. Orduan 50 kilo zituzten. Nik 12-13 urte nituen. Probatzen hasi nintzen haiekin. Baba zakuak astunagoak ziren, 75 kilokoak. Zaku haiek halako bi helduleku zituzten, eta erlojuen pisuak jartzen nizkien, 10 kilo gehiago pisatu zezaten. Horrela ibiltzen nintzen". Beti erronka. Beti pisu gehiago.
Halako batean baserriko horma batetik harri handi bat atera zuen: "Arrastaka, karretillan, nola edo hala... ni baino handiagoa zen, moldatu nuen, eta harekin, egurrean". 16 urte izango zituen. Osaba siestan zegoela egiten zituen lanak, "Ze enteratzen bazen...". Pisatu nuen mandioan zegoen baskula zaharrean, eta 101 kilo. A ze poza nirea! Kabitu ezinik nengoen! Tolarera eraman eta han gorde nuen. Horrela hasi nintzen. Jertse zahar bati maukak moztu, sagar zaku batekin halamoduzko txaleko bat egin, eta segi! 60 kiloko bat ba nuen, 73ko beste bat... jaso, bota... beti osaba siestan zegoela. Ni 60 kilo ere ez nintzen izango. 118 ere jaso nituen 16 urterekin".
Halako batean osaba batek Luixmariren jardunaz entzun zuen. Ollamarko Juanito Goenaga Luixmariren izebaren koinata zen, eta San Pedrotan egin ohi zuten bazkarietan enteratu zen zertan zebilen Luixmari. "Handik sortu zen Urnietako plazan egin genuen proba. Proba, edo pikea edo... 1978a zen. Roke Urruzola Elutxetakoa eta Juan Usabiaga Zuatzetakoa izan nituen aurkariak. Herrikoen arteko txapelketa antolatu zuten. Federazioa eta guzti etorri zen! Etxean zer esan? Ikustera ere ez ziren joan... Ez kasorik, ez ezer. Hura ondo atera zen, irabazi egin nuen, 62 kiloko harriarekin. Irabazi nuen pike huragatik trofeorik ere ez zidaten eman. Zuzenean etxera etorri nintzen, untxiak gobernatzera. Gero jakin nuen, izebaren bidez, gaizki esaka aritu zirela nire kontura, botaka-eta aritu nintzela proba bukatu ondoren... dena gezurra".
100 kiloko harria
Hurrengo urtean errepikatu egin zen dema hura, 100 kiloko harriarekin, San isidro egunez. Don Jose eta eta Don Jose Ignacio apaizak lekuko. "100 kiloko harria jasotzeko indarrik ez nuela esaten zuten... entrenatzen hasi ziren, baino inork ez zuen altxa. Herrikoa izan behar zen jasotzailea, txapelduna izateko, eta 100 kilo altxa behar. Nik bakarrik altxa nuen, eta Berastegiko morrosko bat ekarri zuten, propio. Hari ere irabazi nion. Garai hartan 100 kilo jasotzea sekulakoa zen. Orain 100 kilo jende askok altxatzen du, seme biek aise. Garai hartan nire adinarekin inork ez. 55 aldiz jaso nuen 100 kiloko harria hiru minutuko bi txandatan. Nik orduan orain semeek egiten dituztenak egin izan banitu, bueno..." Oroitzapen aberatsak, Luixmarik dituenak, urte asko pasata ere. Azkena plaza atera zela, 2005ean. 27 bat urte egin zituen egurrean. Zehar-kalteak ere sufritzen omen ditu gaurdaino: "Gerrietatik-eta, batez ere".
Tamainako lorpenak gauzatuta, harriak jasotzetik bizi ote zen Luixmari Telleria? "Ke ba!", erantzuna. "Gure garaian Ostolazarengatik-eta esaten zuten, apustuen bitartez etxeak eta erosten zituela... ni ez. Ni hemengo erreka zuloetan ibiltzen nintzen altxatzeko moduko harriak bilatzen! Gustuko zaletasuna zen, batez ere. Karnetik ez neukan, harriak bilatzen nituen, lehengusuari traktorea eskatu, eta segi. Bi semeak ez, hiru izan ditut. Iraitz beste semea ere hasi zen, baina plazan nerbioak kontrolatu ezin eta utzi egin zuen".
Luixmari maisu,
Urtzi eta Beñat ikasle
Espero zitekeen zerbait zen, baina hiru seme izan, eta hirurak harriari heltzea ere ez da oso ohikoa. Urtzik eta Beñatek segitzen diote aitaren bideari, egun, eta hala nahi dutelako. Aitak ez omen zien behartu: "Guk hala erabakita hasi ginen. Jakina, etxean zer ikusten duzun...". Urtzi oinez ikasi orduko hasi zen harriekin! Luixmarik kendu dio hitza: "Dena eramaten zuen bizkarrera: baloiak, Colacao poteak...". Ama lotsarazteraino supermerkatuan: "Dena bizkarrera eramaten nuen, eta jendea gure bueltan batzen zen. Fenomeno ezaguna izan zen Lasarte eta Urnieta inguruan. Nire bila etortzen zen eskolara, erosketa batzuk-eta egin, eta ni ba gauzak altxa eta altxa...".
Luixmarik semeek beste bideren bat aukeratu izan bazuten ere babestu egingo lituzkeela dio. Eta pozik dago, "garai batean nik irakatsi nielako, baina orain ni ari naizelako haiekin ikasten entrenamenduetan-eta". Gazteen bikoteek ere badakite zer dagoen. Harria bikotea baino lehenago ote dago? "Ez, ez, hainbesteraino ez. Bikotearekin hasi aurretik bazekiten zertan ibiltzen ginen", dio Urtzik. Luixmarik kasuren bat ezagutzen omen, 'edo ni edo harria' egoeran egon izan dena...
Eskola kirol garaian pixka bat alboratu zuen harria Urtzik: futbola, eskubaloia, bizikleta... diziplina batzuk probatu zituen, baina ez zen moldatzen: "Lagun artean nengoelako egiten nuen, eta 12 urterekin buru-belarri hasi nintzen harriekin”. Dagoeneko 20 urterako doa harriak jaso eta jaso (31 ditu orain). Denetik pasa omen du. "Urte oso onak, beste batzuk txarrak. Azkenekoak nahiko ondo, nahiz eta apustu bat galdu genuen". Esne behi etxalde batean lan egiten du, 06.30an hasi, 13:00ak arte, eta arratsaldean berriro, 15:00tik 18:30ak arte. Eta gero entrenamenduak datoz. Batzuetan gimnasioa, besteetan harriak... eta beti, edo ia beti, zintzo demonio. "Gustatu egiten zaigu, bizi egiten dugu, eta horregatik egiten dugu. Sosik ez du ematen, baina xomorroa sartua daukagu, eta ezin harririk gabe bizi. Entrenatzen ez dudan egunean eguna arraroa egiten zait”. Oharkabean, Beñat eta Iraitz anaia gazteagoen eredu izan da. "Lagundu diet, baina gehienbat aitak izan du ardura hori". Bi anaia gazteak Urtzi baino handiagoak dira fisikoki, eta markak-eta Urtzi baino gazteago hausten hasi ziren.
Beñat oso gaztea da, 21 urte baino ez ditu: "7-8 urterekin hasi nintzen. Aita eta Urtzi ikusten nituen eta horrela hasi nintzen, suabe. 13 urte arte pilotan ere ibili nintzen, eta 15 urterekin lehen txapelketan parte hartu nuen. Luixmarik isiltasuna eragin du berriro, bere analisiarekin: "Abilidade handiena Beñatek dauka gurean, baina juergista samarra da. Beñati ikusten zaio gaitasuna baduela, harria nola botatzen duen lurrera, jaso eta gero". Nola neurtzen da abilidadea harri jasotzean? "Ez da kiloetan neurtzen, jasoaldietan eta erlojuan baizik", dio Luixmarik. Urtzik eta Beñatek jasoa dute 200 kiloko harria. 200 kilo! Idatzi egin baino askoz errazago egiten da. Herrialdeko txapelketetan 200ekoa, 175eko zilindroa, 150eko kubikoa eta 125eko bola jaso behar dira 3 minututan. 80 kilo baino gutxiago pisatzen du Beñatek: "100 eta 125 kilokoekin moldatzen naiz ondoen".
Erakustaldietan-eta denetarik egiten dute. Biak, bakarka... Luixmari alboan izaten dute ia beti. Zer sentitzen du Beñatek plazan harria bizkarreratzen dutenean? "Niretzat zaletasuna da bultzatzen nauena. Hobby bat da. Lagunartean anbiente pixka bat sortzeko aitzakia, ba futbolaren inguruan sortzen den bezala. Neurri apalagoan, baina antzera". Harri jasotzearen inguruko afizioa apala da Luixmari aitaren ahotan: "Baserria bukatzen ari den heinean ari da herri kiroletako afizioa bukatzen. Guk gure garaian bati edo besteari heltzen genion: aizkora, harria... beti desafioka ibiltzen ginen: 'ez ziok potrorik' eta halakoak... orain ez dago halakorik, gazteek ez dute guk geneukan ekimenik, ezta gutxiago ere. Orain dena da karrera autoak, futbola, dozenaka kirol... Orain dela 30 urte ez zegoen halakorik!".
Harri garestiak
Harriak eskatu egiten dira, egun; Bergaran, hain zuzen ere. Apustua egiteko eskatu dute azkena: 1.050 euro ordaindu dute. "Eta eskulekuen konpontzea, 200 bat euro", Urtziren azalpena. Bizitzeko ematen duen galdetzeak lotsa pixka bat ere ematen du. "Ezta... Erakustaldiko 150 ordaintzen badigute kontent! Bizkaia aldera bada, ba gehixeago. Iaz 7-8 bat erakustaldi egingo nituen, harri bat ordaintzeko nahikorik ez". Asko jaitsi omen da plazaz plaza ibiltzearena. Txapelketetan ere parte hartzen dute, baina horietan ez dago dirurik. Urtzik irabazi duen sari mamitsuena Albizuri txapelketakoa izan zen, 1.200 euro jaso zituen: "Kalkulatu mediku, masajista, laguntzaile eta gasoil gastuak eta berehala jabetuko zara hemen poltsikoratu ez, jarri egin behar dela".
Baina, ezin utzi. Xomorroa oso sartuta dute: "Niretzat norberak bere mugak gainditzea bezalakoa da harria berdintzea. Gaur bi jaso eta bi hilabetera lau jaso, hobekuntza sentsazioa ikaragarria da", dio Beñatek. Luixmariren ustez, "futbolean horrelakorik neurtzea ez da hain erraza. Harrian neurgailu hori badago". Eta hobetzen segitzeko tartea dutela sinisten dute, beraz ez galdetu noiz utziko duten harria txokoan betirako, erantzunik ez baitute.
Aimar Irigoienen itzala
Luixmari Telleriak ez du bere burua entrenatzailetzat hartzen. "Entrenatzaileak futbol taldekoak dira. Nik titulurik ez dut. Nik lagundu egiten dut, eta dakidan apurra erakutsi". Plazaz plaza Aimar Irigoien handiari aholkuak eman eta eman ezagun egin dira Telleriatarrak. Tratuan, hartu-emanean nola hasi ziren entzun eta barre algarak entzun dira Zelai-Eder etxean: "Juergan ezagutu ginen, Oialumen", dio Urtzik. Aimarri aita hil zitzaion, etxean bakarrik geratu zen, eta harri handiekin hasi nahi zuela esan zidan. Horrela hasi zen kontua".
Aimar astean bitan etortzen da Hondarribitik Lasartera. Gimnasio berri bat eraikitzen ari dira Zelai-Ederren, eta beheko solairuan dituzten dozenaka harriak txukun-txukun jarri nahi lituzkete. Aimarrek meritua ematen dio Telleriatarrei: "Hauengatik izan ez balitz honezKero harriak utzita neuzkan". Luismarik beharrezkoa den egurra ematen omen dio, baina garbi dio errezildarra fenomeno bat dela: "Adunako apaizak lagundu izan balio ere, egurra emango lieke aurkari denei. Mutil honek berezko gaitasuna du, artista da. Gainera, gu ere ez ginen hain ezagunak izango Aimarrekin aritu izan ez bagina. Aimarrek jende asko erakartzen du, komunikabideak...".
Aimarrek kontrapuntua: "Luixmarik eta bere semeek dena eman didate, naizen dana. Txapelketa eta apustu garrantzitsu guztietan laguntzen didate". Harreman ona dute elkarren artean, eztabaidarik gabe, eta ondo moldatzen dira. "Bakoitza bere kabuz ibili izan bagina baino hobeto gaude elkarrekin". Jarrai dezatela, beraz, elkarrekin.