Egia eta justizia eskatu dute frankismoaren biktimentzat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko api. 10a, 02:00

Frankismoak Andoainen eragin zituen biktimen aldeko ekitaldia burutu da gaur eguardian Alfaro Plazan. 1936ko kolpe militarraz geroztik Andoainen erail zituzten 25 lagunen aldeko lore eskaintza egin da, beren familiarrei ohorezko aurreskua dantzatu ostean.

[Argazkiak]

Hona hogeita bost lagun horien izenak: Kruz Aldasoro, Jose Amilibia, Migel Amondarain, Secundino Anton, Jose Arana, Faustino Aldaz, Antonio Aranzabal, Pio Arzallus, Bonifacio Etxebeste, Patxi Fernandez, Nemesio Fernandez, Ambrosio García, Juan Antonio Irulegi, Casiano Izquierdo, Jose Lasa Barandiaran, Jose Mari Monge Castillo, Bautista Martinez, Gregorio Martinez, Antonio Melendo, Julio Melendo,  Esteban Olalde, Sixto Prestamero, Blas Rubio, Biktor Sarasketa, eta, Migel Urretabizkaia.

Jon Etxeberria eta Alez de Lucas txalapartariek eman diote hasiera emanaldiari, deia eginez. Aipatu herriko hogeita bost erailei lore eskaintza egin zaie ostean, eta Unai Barrutia Urki dantza taldeko dantzariak aurreskua dantzatu die haien familiarrei, Jon Ander Belamendia txistulariak jarritako doinupean.

Jon Beloki bertsolarik bi bertsolari abestu ditu segidan.

Hauxe urtero egite hutsak

badauka nahiko kemena.

Hemen atzean pareten dago

haien guztien izena

eta urtero oroitzen degu

haien denen oroimena

hauxe delako egin daitekeen

omenaldirik onena (bis).

 

Gauza asko daude mugimenduan

ondo pentsatzen jarrita.

Gaurko honetan ospatzen degu

guztiek Errepublika.

Eta armak uztear daukagu

ta bueltan dabil Korrika.

Aurreikusten det, eta etorkizuna

datorkigu bai polita (bis).

 

Musika Banda Errepublikanoak ohiko errepertorioari ekin dio (Eusko Gudariak, Internazioanala, O de la Chao, A las barricadas, Ekaitza…), eta Irlandako Nazioarteko brigadistak omentzen dituen Viva la Quince Brigada abestia gehitu du aurtengoan.

Hiru pertsona gogoratuz

Oroituz elkartearen izenean Lurdes Arteagak hartu du hitza. Urtero omenaldi ekitaldian parte hartu izan duten eta aurten hil diren hiru pertsona eduki ditu gogoan lehenengo eta behin. hain zuzen ere, Musika Banda Errepublikanoko zuzendari izandako Fernando Uribesalgo, bandako abeslari Felicitas Irigoras, eta Juliana Arana. Azken horrek bi anai errepresio frankistaren biktima izan ziren; Manuel frontera eraman zuten behartuta, berak nahi ez zuen kausa baten alde borroka zezan, eta bertan gaixotuta hil zen.. Beste anaia, Joxe, desagertarazi egin zuten gaua batean. Oroituz elkarteko Arteagak adierazi duenez, Julianak beti mantendu zuen bizirik bi anaiekiko oroitzapena, baina demokrazian 40 urtez bizitu izan arren, ez zuen lortu jakiterik anai desagertua nortzuk erail zuten eta non dagoen bere gorpua.

Lurdes Arteagak adierazi du Juliana eta bera senideak frankismoak eragindako biktimak hirugarren mailako biktimatzat hartzen direla oraindik. “Milaka eta milaka kilometrotara, Argentinara jo beharra daukate egia eta justizia eskatzera, Espainiako justiziak ez duelako ezer jakin nahi”.

Salatu duenez, maila eskaseko ezaugarriak erakusten Espainiako demokraziak. Adierazi duenez, 1936an frankismoak erail zituen Sekundino Anton, Faustino Aldaz, Patxi Fernandez, Migel Urretabizkaia eta beste hainbat andoaindar oraindik ofizialki gaizkileak eta terroristak izaten jarraitzen dute Espainiako justiziarentzat. Espainiako klase politikoak ez duela borondaterik agertu sententzia horiek baliogabetzeko, gehitu du. Aldiz, “mozal legea” bezalako legeak ezartzen jarraitzen duela, eta horrekin, esaterako, “Erorien Bailara”n dagoen gurutzetzarra kritikatzeak epaileen aurretik igaro beharra ekar zaitzakeela.

Franco hil ostean erreforma politikoa, eta horrekin amnesia eta biktimei isiltasuna eta ahaztura ezarri zitzaiela salatu du. “Trantsizio politiko hark inpunitatearen alfonbra gorria jarri zien 1936an kolpe militarra eragin zuten politikoei, epaileei, militarrei, poliziei eta oligarkei, eta egun, horiek eta euren oinordekoek agintzen jarraitzen dute”.

Autokritika eskatu die trantsizio politiko hura balioetsi zuten alderdi politikoei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!