Lappa musika taldea Liburuaren egunean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko api. 8a, 02:00

Iñistorra euskaltzaleen biltzarrak, liburuaren eguneko ospakizunen harira, kontzertua antolatu du Urnietako Saroben. Lappa taldeko kide diren Eneko Bustillo eta Eneko Bola Zulaikaren hitzak jaso ditugu.

Apirilaren 29an izango da, arratsaldeko 19:00etan hasita. Urnietako Lappa eta Lear taldeak arituko dira, eta baita Donostiako Bi zaldi bikotea ere. 

 

Noiz sortu zen Lappa taldea, nortzuk osatzen duzue, eta zein izan da orain arteko ibilbidea?

Eneko Bustillo: 2010eko udan hasi ginen, erdi txantxetan edo. Hasieran nik konposatzen nituen kantak, baina Enekok asko inspiratzen ninduen eta batera abesten genituen kantak bere koadrilaren lokalean. Orain arteko ibilbidea: duela urte bat elkartu, hiru entsegu egin, kontzertu bat eskaini eta maketa bat grabatzeko 7 ordu inguruko (askaria barne) saioa egin.

 

Deskribatu zuen taldea eta egiten duzuen musika.

Eneko Zulaika: Zoriontasuna. Estilo orokorra pop/rock bezala definitu daiteke, baina baditu metal astuneko ukituak, edota reggaetoia. Letrek beste dimentsioa ematen diote Lappari. Badaukate halako “intringulisa”.

 

Zeintzuk dira zuen erreferentziako taldeak?

E.Z.: Enekok Ken Zazpi atsegin du. Egia esan, Lapparentzat ez dugu erreferentzia propiorik bilatu, denetarik entzuten baitugu. Bizitzako beste aspektu askotan bezala, ez dizkiegu ateak ixten gauza edota bizipen berriei.

E.B.: Enekoremorek –nahi duenak izen horrekin bilatu Google-n– musika bortitza atsegin du, indarra duena, baina Lappan bere alde xarmangarriena ateratzen du. Ez da broma gero!

 

Norenak dira zuen abestien letrak, ze hizkuntzatan, eta zer gai jorratzen dituzue?

E.Z.: Gehienak Enekorenak dira. Haurtzaroko hainbat trauma eta eta egungo gabezia sexualetatik abiatzen da letrak konposatzerako orduan.

E.B.: Gazteleraz eta euskaraz abesten dugu, nahiko parekatuta. Naturala zaigu, eta kanta gehienetan bi hizkuntzak agertzen dira.

E.Z.: Gaiei dagokionez, hasieran soilik umore beltza erabiltzen zuen Lappak. Gero, denuntzia sozial gisa berreraiki genituen kantak, eta gure aurpegietan poztasun keinua marraztu zen, hasiera batean apur bat perbertsoa ere bazen, egia esateko.

 

Ze publiko motari zuzendua dago zuen musika?

E.B.: Lapparen musika oso alaia da, melodia atseginak sortzen ditugu, estribillo "pegadizo”ekin. Baina letrek pisu handia dute eta nahiko ilunak direla esango nuke.

E.Z.: Pertsonez gain, animaliek ere ondo jasotzen dituzte armonia hauek. Nire untxiak buztana mugitzen du "Nuntzaude" abesten dudan bakoitzean, eta ez da txantxa! 

 

Hainbat taldeetan ibiliak izanik, talde honi ibilbide luzea aurreikusten diozue edo momentuko zuen musika zaletasuna asetzeko sortutakoa da?

E.B.: Ibilbide luzea aurreikusten diot. Hori bai, lan intentsitatea egoera pertsonalaren araberakoa izango da. Bizkaia aldean bizi naiz orain, eta ez horrela ez da erraza talde dinamika hartzea.

E.Z.: Ni hainbat taldetan egon naiz jada, musika nire bizitzaren alderdirik garrantzitsuenetariko bat bilakatu delarik. Etorkizunera begira, ez dakit zehazki zer esan ere.

Jotzean eta abestean zoriontsuak gara. Eta horrek irauten duen bitartean, aurrera!

 

Bukatzeko, gonbida itzazue herritarrak apirilaren 29ko kontzertura hurbiltzera.

E.Z.: Nire ustez, arratsalde-pasarako aukera ederra izango da kontzertura gerturatzea.

Larunbat arratsalde baterako plan ezin hobea da. Lear eta Bi zaldi taldeek musika landua eta fina eskainiko dute. Gurekin, agian, tomateak botatzeko aukera izango dute! (kar kar).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!