Zuberoako Maskaradetako argazki erakusketa zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko api. 8a, 02:00

Atzo arratsaldean, Jonmikel Insausti argazkilariak 1993 urtetik 2007ra Zuberoko Maskaradetan diapositiba formatuan ateratako argazkien erakusketa zabaldu zen Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegian :

Argazkiak

Erakusketa guztiz gomendagarria. Gelara sartu orduko, argazkien kolore bizi eta ederrek begia jotzen dute. Argazkietan Maskaradetako pertsonaia eta gertakari nagusi guztiak biltzen ditu Lazkaon jaio eta Zumarraga-Urretxun bizi den argazkilariak. 1993 urtean bertako lagun baten bidez sortu zitzaion Zuberoara gerturatu eta Maskaradak gertutik ezagutzeko aukera. Orduan ia hegoaldeko ikuslerik ez zela dio,"egun zorionez jende gehiagok ezagutzen du festa berezi hori". Jonmikelek urtez urte jarraitu du Zuberoako neguko festetara gerturatzen, bere ustez, festa berezi horren mamia ulertzeko behin baino gehiagotan ikusi behar baita. 

50 argazkik osatzen dute bere bilduma, baina Zizurkilgo liburutegian erakusgai jarritakoak erdiak baino ez dira; gainerakoak Alkizako Urmara museoan jarri ditu. Maiatzaren 7ra arte egongo dira ikusgai batean zein bestean eta data horretatik aurrera, Zizurkilgo zatia Alkizara eramango du. Erakusketa osorik ikusteko, beraz, bi zatiak ikustea gomendatzen du.

Erakusketako argazki zaharrak izanagatik ez dute gaurkotasunik galdu eta merezi du bisita egiteak. Maiatzaren 7an Maskaradak Aiztondon jokatzea oso berezia izango dela azpimarratu du Jonmikelek, ondo nabarmenduta dauka hitzordu hori bere egutegian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!