Benantzio Laskibar, Egaperen sorreran ezinbesteko eragilea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko api. 7a, 02:00

Benantzio Laskibar 1935eko azaroaren 22an jaio zen Zumaian. Lau anaia-arrebetatik, bigarrena. Apaiz egindakoan Urnieta izan zen bere destinoa. Bertan egin zituen 9 urte, eta ezinbeztekoa izan zen bere lana Egape ikastolaren sorreran.

Sotana zintzilikatu eta Pakita Lizarribar urnietarrarekin ezkondu zenetik Bilboko Santutxu auzoan bizi da. Bi alaben aita da. Aiurriri kontatu dizkio bere bizipenak.

 

Nolakoa zen zure haurtzaroko Zumaia?
Benantzio Laskibar: Tren geltokiaren auzoko kale-baserri batean jaio nintzen, eta auzo hartan giro euskalduna bazen ere, Zumaiako kalean erdal giroa zen nagusi. Kalean euskaraz egiteko beldurraren beldurrez.

Eta bertako eskolaz zein oroitzapen dituzu?
B.L.: Txikitan monjetan ibili nintzen, dena erdaraz zen. Ez nuen tutik ere ulertzen. Han ikasi nuen katoia irakurtzen buruz, zer esaten nuen jakin gabe. Goizetan eskolara bidean, Guardia Zibilaren kuarteletik pasatzerakoan haien “Cara al sol” kantatzeko orduarekin kointziditzen zuenetan guk ere kantatu behar izaten genuen, kalean geldituta.

Eta handik zein eskolara pasa zinen?
B.L.: Gogoan dut Zamorako Toro herritik ekarri zituztela “Padres Mercedarios” ordenekoak, nonbait Zumaian zibilizazioa sartzeko. Ni ere Mercedarioetara joan nintzen. Aurrez Maristak zeukaten eraikinera etorri ziren. Maristak kanporatuak izan baitziren. Han egoten nintzen eskolan isil-isilik. Errekreoan euskaraz egiteagatik zigortzen ninduten: “Contra la pared”. Jolas garai gehienak paretari begira pasa nintuen. Notak oso txarrak izaten ziren, eta gogoan dut aitak, galdetzen zidala, nola ekarri litezkeen hain nota txarrak. Halako batean ausartu nintzen egia esatera: “Aita, han, erdaraz egiten digute eta nik ez dut ezer ulertzen. Eta gainera, errekreo denboran beti zigortuta egoten naiz.” Egun berean aita joan zen Zarautzeko La Sallekoekin hitz egitera eta hara pasa ninduten 8 urterekin. Han, dana euskaraz eta gero erdaraz egiten zidaten eta oso nota onak ateratzen hasi nintzen.

Noiz erabaki zenuen apaiz izan behar zenuela?
B.L.: Bagenuen osaba bat apaiza zena, “osaba obispoa” deitzen genion. Zumaiako Artadi eta Oikia auzoetako erretorea zen. Agian, haren eraginez, edo baliteke misiolari izateko burutazioak ere izaten nintuelako. Hori ulertzeko garaiko giroan jarri behar da.

Eta non hasi zenituen apaizgintzako ikasketak?
B.L.: Saturraranen hasi nintzen, eta han egin nituen 3 urte. Ondoren, Donostiako seminarioa inauguratu zuten eta bertan egin nituen beste 7 urte.

Nolakoa zen Saturraranen topatu zenuen giroa?
B.L.: Oso ona, bazeuden lau irakasle euskaldun peto-petoak zirenak, besteak beste, euskal kantuak erakusten zizkiguten. Bat bagenuen berezia zena (Don Andoni) ondarrutarra bera, barkuan ere ibiltzen ginen harekin, hori bai kostako herrietakoak ginenak soilik. “Siete playas” deituriko hondartzatxo bakarti batzuk badira handik, eta haietara ere joaten ginen berarekin. Orduan hondartzan gorputza nahiko estalita ibili beharra zegoen, batez ere seminaristak, eta harekin joandakoan biluzik bainatzen ginen. Gauetan izarrak ikustera ere eramaten gintuen, hondartzan etzanda jarri eta Casiopea non zegoen erakusten zigun. Bazuen izar multzo bat: “La delantera del Athletic”. Han hasten zen, Iriondo, Panizo, Zarra aipatzen.

Saturrarango apaiztegia, aurrez emakumeen kartzela ere izandakoa zen...
B.L.: Bai, eta Saturraranen egon ginen urteetan ez ginen enteratu han emakumeen kartzela izan zenik, pentsa norainoko zentsura zegoen. Harritzen nau Don Andonik ezer esan ez izanak. Askoz beranduago jakin nuen hantxe bertan, 1938-1944 urteen artean, kartzela egon zela, eta 116 emakume eta 56 haur bertan hil zirela. Jakin nuen, inguruan bizi ziren askok ere ez zutela jakin berandutxo arte ondoan katzela bat izan zutenik.

Nolakoa zen eraiki berria zen Donostiako seminarioa?
B.L.: Donostiara joan ginenean giroa erabat aldatu zen. Guretzat infernua zen. Han errektorea frankista zen, eta dena erdaraz zen. Jolasteko lekurik ere ez genuen bertan. Tarteka, sotanak jantzita, Ondarretako hondartzara futbolean jolastera jaisten ginen.

Donostiak zer oroitzapen dakarzkizu?
B.L.: Oroitzapen on bakarra daukat, Jose Antonio Agirre 1960an hil zenean. Artzain Onaren katedralean bere aldeko meza bat egin zuten, eta seminariotik talde bat ihes egin eta meza hartara joan ginenekoa. Handik gutxira jakin zuten, izugarrizko bronka bota ziguten eta “markatuta” geratu ginen, baina ez zen hortik pasa eta gustura geratu ginen. Hori bai, denboralditxo batean errekreorik gabe izan ginen.

Behin apaiztuta, non izan zen meza berria?
B.L.: Zumaian, Eguberri eguna zen. Gutxitan bezala egin zuen elurra. Ordurako gaixo zegoen gure aita ere Zumaiako elizaraino eraman zuten. Ikaragarrizko ilusioa egin zion. Ondoren, Zumaian bertako Uranga hotelean bazkaldu genuen. Jende dexente etorri zen.

Aita aipatu duzu. Gerra garaian asko sufritutakoa izan al zen?
B.L.: Nazionalista ezaguna zen. Lizarran kartzelan egon zen hiru urtez eta fusilatzekotan ere eduki zuten. Zumaiako parrokoa, frankista zen baina beste hainbat baino gizatasun gehiagokoa, eta gure osaba apaiza laguna zuenez, haien bitartez moldatu zuten dena, aita heriotz zigorretik libratzeko. Gerora jakindu zuen nor izan zen salataria, eta gainera, pertsona hori nire meza berrira etorri zen muin ematera. Lizarrako bizipenez hitz egiten zuenean kapitan frankista bat nola goraipatzen zuen harritzen ninduen. Dirudienez, gizalege osoz jokatzen zuen, eta bere menpe zituen agintariak ere horretara behartzen zituen.

Zein izan zen Benantzio apaizaren lehenengo destinoa?
B.L.: Urnieta. 26 urterekin. Ordurako bi apaiz zeuden bertan, Dionisio Telleria parrokoa, eta Jose Inazio Zugasti. Sakristiako ate aurrean zegoen Maria enea etxean Jose Inazio eta biok bizi ginen, parrokoa berriz, gaur ere erretore-etxea bezala ezagutzen denean. Derrigorrezkoa zen neskamea edukitzea, eta aurrena bana jarri baziguten ere, berehala biontzako bakarra izatera pasa ginen.

Nolako Urnieta aurkitu zenuen?
B.L.: Baserri girokoa, eta Zumaia baino euskaldunagoa, herrigunea bera oso txikia zen, dena baserria zen. Ondoren, Urraka auzoa nola eraiki zuten ezagutu nuen, Arantzibia ingurua ere bai.

Zein izaten zen zuen lana garai haietan?
B.L.: Udaberrian baserriz-baserri joaten ginen: Soroak animaliak, etxeak, ura...., dena bedeinkatzen genuen. Askotan monagillo batekin joaten ginen. Herriko baserriak hiru zatitan banatuta geneuzkan, hiru apaizon artean. Gogoan dut oilaskoak eta abar ematen zizkigutela. Nire Lambreta motoarekin ibiltzen nintzen. Baina nire kuttunak gaixoak ziren, eta haiei bisitaldia egiten asko ibilitakoa naiz. Tarteka ospitalera joaten banintzen ere orduan, ia gaixo denak etxean egoten ziren. Noiz edo noiz meza ere ematen nien logelan bertan. Orduan apaizak sotanarekin ibiltzen ginen baina nik laister utzi nuen sotana, oraindik etxean badaukat ere. Inauterietarako eskatzen didate.

Zenbat meza izaten ziren igandetan?
B.L.: Goizeko 06:30ean aurrenekoa, 06:00tan hasten ginen konfesatzen, 08:00tan, 10:00etan eta abar. Eguneroko mezak berriz, bi: Bat parrokin eta bestea mojatan.

Hiletak goizean egiten ziren garaia ezagutu al zenuen?
B.L.: Bai. Hamaiketan izaten zen hileta, eta ondoren, hamaiketakoa edo bazkaria. Gero arratsaldera pasa eta guzti hori galdu zen.

Gaia aldatuz, aipatuko al zenizkiguke Egape ikastolaren sorreran izan zenituen bizipenak?
B.L.: Euskal giroa zabaltzko premia ikusi zen herrian, batez ere, erdaldun multzo handi bat etorri zenetik. Hasierako bileretan parte hartzen zutenak herrigunean bizi zirenak ziren. Baserriko jendea ez zen arduratzen, ez zuten beharrik ikusten, aldiz, herrian bizi zirenak horren beharra sentitu egiten zuten. Bertako jendea ere erdaraz ari zela ikusteak sortu zuen ondoeza. Horrela biltzen hasi ginen: Maria Kaxeta, Antselmo Unanue, Sabina Arruarte, Manuel Igerategi, Xabier Larretxea eta beste hainbat. Ordurako inguruan ikastola batzuk martxan ziren eta Urnietak ere berea behar zuela erabaki genuen. Lekua? Has gintezkeela sakristian, eta ondoren “Zentruan” moldatuko ginela. Irakasleak nondik ekarri?

Eta ikasleak? Erantzun zaileko mila galdera. Gauza da, nola edo ala martxan jartzeko modua egin genuela.
Badirudi energia handiko taldea osatu zenutela.

B.L.: Bereziki indar handia zuten Xabier Larretxeak eta Sabina Arruartek, haiek nolabait guztien animoa goian mantentzen zuten. Lokala lortzeaz arduratu nintzen ni. Parrokoak gauza horietaz ez baitzuen ezer jakin nahi izan.

Eta lortu zenuten ikastola martxan jartzea.
B.L.: Hasieran legeztatu gabe izanik ere, lortu genuen abiatzea. Gehiena harritzen ninduena gurasoek gurekiko zuten konfidantza zen. Umeak gure esku nola uzten zituzten, ezer egon gabe, inongo etorkizunik gabe. Guk ere ez baikenuen argi proiektuak etorkizunik izango ote zuen, ala ez.

Legeztatu gabe izanik, garaiko Guardia Zibilen bisitaldiak jasoko zenituzten?
B.L.: Urduri ibiltzen ginen beti. Etengabe etortzen ziren, ea non zen ikastola hori galdezka. Eta behin baino gehiagotan umeak Zentrotik hartu eta sakristian ezkutatzen nituen. Noizbait armairuetan ere sartu izan nituen. Proiektu hura salbatu beharra genuen. Txibato propioak ere bagenituen, bat, Martxeli Gorriti: “Don Benantzio, badatozela!, Bestea, Terexa Isasa, karamelu saltzailea, San Juan plazako iskin batean egoten zena. Hura ere, adi-adi egoten zen, eta Guardia Zibilak ikusi orduko abisua pasatzen zigun. Hori aurreneko urtean izan zen gehien bat, gerora, pixka bat normalizatzen joan zen dena. Hori bai, denbora batean, Andoaindik etortzen ziren azterketak umeei egitera, edo bestela, umeak hara eraman behar izaten genituen azterketak egitera.

Ikas-materiala nondik lortu zenuten?
B.L.: Andoaindik eta Hernanitik ekarritako zerbait. Kalera ere askotan ateratzen genituen, Xoxoka aldera eta abar. Dirua lortzeko denetik egiten zen: Tonbolak, taberna..., neu ere, apaiz nintzelako edo, lan horretan aritzen nintzen batekin eta bestearekin hitz eginez, gremio ezberdinei lanak eskatuz; baita gurasoei umeak gurera ekartzeko eskatuz ere.

Elbira Zipitriaren laguntza ere jaso zuen proiektuak.
B.L.: Hark ideiak ematen zizkigun. Akordatzen naiz behin Xabina eta biok Donostiako bere etxera joan ginela. Oso gogor hartu gintuen, dardarka atera ginen. Alde batetik animatzen gintuen, baina bestetik, oso arau zorrotzak jartzen zituen.

Poz handiaemango dizu 50 urte geroago Egape nola dagoen ikusteak?
B.L.: Bai, ez dut oraingo berri zehatzik, baina badakit martxa onean doala, eta orduko esfortzuak merezi izan zuela ikustea ederra da. Irailean sortzaileoi egin ziguten omenalditxora hurbildu nintzen Urnietara. Alde batetik urduri, baina bestetik nirekin akordatzen direlako pozik.

Eta halako batean sotana betirako erantzi eta Pakita Lizarribar urnietarrarekin ezkontzeko ordua iritsi zitzaizun.
B.L.: 1971n izan zen, Bilbon. Tasio Erkizia gure lagunaren etxeko sukaldean ezkondu ginen. Esanda genuen zein elizatan ezkonduko ginen, eta argazkilariak eta abar bertaratu ziren. Alferrik. Parrokiko apaiza konpintxatuta baikenuen, ezkontza etxean egiteko. Zeresan handia eman baitzuen garai hartan gure harremanak.

Nolako jarrera erakutsi zizuten urnietarrek?
B.L.: “Ume mimatua” izatetik “deabru hutsa” izatera pasa nintzen Urnietan. Tasio ezagutzen genuen, eta haren bitartez etorri ginen Bilbora.

Zein izan da zure lanbidea?
B.L.: Santurtzin portuan hasi nintzen zamaketa lanetan. Gogorra izan zen, deitzen joaten ziren zerrenda eskuetan, eta sarritan han geratzen ginen lanik gabe hurrengo barkuaren zain. Gero, pintura fabrika batean aritu nintzen, eta ondoren, jubilatu bitartean, Formica Españolan.

Santutxuko Karmelo ikastolaren sorreran ere lanean aritutakoa zara.
B.L.: Bai, adreiloak jartzen eta denetik. Zortzi orduz lan egin ondoren, beste lau ordu bertan ematen nituen lanean.

Nolakoa da Santutxuko giroa?
B.L.: Nongoa sentitzen naizen galdetzen badidazu, Santutxukoa esango dizut. Bilbo erdira apenas jaisten garen, eta Zumaira ere gutxitan joaten naiz. Geroz eta giro euskaldunagoa somatzen da, baina ikasten dutenei kalean egitea kosta egiten zaie.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!