Lehen kulturarteko jardunaldiak Santiago egoitzan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko api. 7a, 02:00

Villabonako Santiago egoitzak, Tolosako Inmakulada Lanbide ikastolarekin batera, atzo arratsaldean antolatu zituen lehen kulturarteko jardunaldiek harrera beroa izan zuten, bertako hainbat egoiliarren ‘Bizitzaren historia’ proiektuaren amaiera gisa:

Argazkiak (Santiago egoitza)

Pilar Bernal Zabalketa GKEko kideak gidatu zuen Santiago egoitzako hainbat egoiliarrek parte hartu zuten mahai-ingurua. Hain zuzen ere, Francisca Rivero, Maria Orkaizagirre, Pedro Alejo, edota Joxe Ibarbiak euren haurtzaroko bizimoduaren eta baserriko giroaren berri azaldu zuten, egoitzako kideen esanetan, “dudarik gabe jaso eta mantendu behar den herentzia kulturala”. Hitzez elkarteko Arantzak, bestalde, Hegoamerikako indigenen komunitateetan lehen pertsonan bizitutako esperientziak azaldu zituen, iraganeko hemengo baserri giroaren eta komunitate haien egungo egoeraren arteko parekotasuna eginez. Besteak beste, Amasa-Villabonako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Arantza Lopezek hartu zuen parte jardunaldietan eta baita Margari Ezkurdiak ere, egoiliarren beste hainbat familiarteko, ekitaldira gerturatu zelarik.

Ondorio gisa, umiltasun eta elkartasun ekitaldia izan zen. Parte hartzaile guztien artean sortutako ikasi-irakatsi ariketa atsegin, dinamiko eta aberasgarria.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!