AEKren eskertza Andoaingo herriari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko api. 7a, 02:00

"AEK-k Andoaingo herria, Andoaingo herritar euskaltzaleak zoriondu nahi ditu, KORRIKA 20ri hain harrera bero, jendetsu eta hunkigarria egin diolako". 

Oharra:

"Horrelako harrera beroa ez da hutsetik sortzen, aldez aurretik dozenaka lagunek egin duten lanaren ondorio da, eta horiei eskerrak ematea ezinbesteko egiten zaigu.

Hasteko, azken hiru hilabeteetan gurekin lanean eskuz esku aritu diren Korrika batzordeko kideak eskertu nahi ditugu. Haien ideia, ekarpen eta laguntza gabe ezinezkoa izango litzaiguke Korrikaren inguruan antolatu ditugun ekimenak burutzea.

Andoaingo Udalari, herrian ekimen horiek egin genitzan bitartekoak eskaini dizkigulako maila ekonomikoan, teknikoan zein humanoan. Korrikako kilometroak lagundu dituzten gizarte talde, kirol taldeak, enpresak… ere ezin ditugu atzean utzi, hauek baitira benetan Korrika egiten dutenak. Dozenaka andoaindarrek ahalbidetu dute euren taldeetan Korrikako kilometro bat laguntzea, dela talde moduan, dela norbanako moduan, talde barruan, diru bilketa egiten... Herriko denda, taberna eta enpresak ere eskertu nahi ditugu, laguntza eske joan garenean eskuzabal hartu gaituztelako.
Ezinezkoa da lagundu diguten guztiak banan bana izendatzea, norbait atzean uzteko arriskua hartuko baikenuke. Andoainen, Korrika dela eta, laguntza, parte hartze eske joan garenean, ia ate guztiak zabalik aurkitu ditugu. Beraz, uste dugu Andoaingo herria, Andoain zorionduta, denak kontuan hartzen ditugula".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!