Leitzaran Bisitarien Etxea zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko api. 6a, 02:00

Gaur aurkeztu dute 2017 urterako Andoaingo Udalaren turismo eskaintza, Leitzaran bailarari lotutakoa. Larunbat honetan irekiko da eta azarora bitarte egongo da zabalik. Bitarte horretan hainbat ikastaro, irteera eta zerbitzu eskainiko dizkie bertara hurbildu eta Leitzarango bailara naturalaz gozatu nahi duen andoaindarrei zein kanpotik datozenei.

Jon Zulueta Andoaingo Udaleko Enplegu, Sustapen ekonomiko eta Gazteriako zinegotziak eta Idurre Lucas Bisitarien Etxea kudeatuko duen Bizibiziki enpresako arduradunak aurkeztu dute aurtengo eskaintza.

Idurre Lucasek Bisitarien Etxeak egiten duen eskaintza zertan oinarritzen den aipatu zuen lehenengo eta behin: “Iraunkortasuna eta irisgarritasuna “slow adventure” edo “abentura lasaia”ren filosofia bultzatuz, bertako kultura eta ondarea eskaintzaren osagai bilakatu nahi da. Horrek esan nahi du turismo aktiboa edo abentura-turismoa ez dugula ulertuko adrenalinan oinarritutako zerbaiten gisara; garapen lokalean eta iraunkortasunera bideratuko da arreta. Hortaz, eskaintza ez da ekintza bera egitea, baizik eta ekintza horrekin helburu ezberdinak lortzea. Adibidez, orientazioa egiten denean, inguruan ditugun baliabideei emango diegu garrantzia, edo-eta barneratzea zein funtzio eduki zuen kanalak berak. Era horretara, ekintza horiek egiteko behar den denborari emango zaio garrantzia, pertsona erreferentzia bilatuz eta ez ekintza bera”.

Eskaintzei dagokionez, iaz martxan jarritakoei jarraipena emango zaie eta beste zenbait erantsiko zaizkie. Ibilbide tematikoak, orientazioa eta kanaliga aipatu ditu, besteak beste. Etxeak eskainiko dituen zerbitzuen artean, berriz, bizikleten alokairua eta transfer zerbitzua (bizikletak Andoain eta Leitza eta Lekunberri artean garraiatzeko aukera) daude.

Informazio osatua, www.leitzaran-andoain.eus orrian topa daiteke.

 

Turismo Mahaia

Jon Zuluetak gogorarazi duenez, agintaldi honetan hainbat apusturi heldu dio Andoaingo Udalak. Horien artetik bi aipatu zituen: “Bisitarien Etxea berriz ere irekitzea, eta eskaintza eraginkorra egitea da lehenbiziko apustua, eta bigarrenik, Turismo Mahaia osatzea”.

Mahai hori aste honetan bertan jarri duela martxan Udalak iragarri zuen Zuluetak. Hiru ezaugarri izango ditu, batik bat: “herri izaera eta turismo ereduaren arteko oreka bilatzea; iraunkortasuna lortzea, bere zentzurik zabalenean, alegia, gizartearen, ekonomiaren eta ingurunearen ikuspegitik. Eta hirugarrenik, herritarren eta bisitarien arteko harremanak sakontzea”.

Irekia izango da Turismo Mahai hori. “Udal ordezkariek, udal teknikariek, eragile pribatuek eta interesa duten herritarrek osatuko dute”. Apirilean espero da lehen bilera egitea mahai horrek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!