Kontatu gabeak kontatu nahian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko api. 5a, 02:00

Idazteko grina betidanik eduki duen idazlea da Rolando Verde, maitasunak orain 24 urte Andoainera ekarri zuen kubatarra. Poesia-liburua kaleratu berri du.

Izenburutik hasita, irakurleari mezuren bat bidali nahi diozula dirudi.
Rolando Verde:
Halaxe da. Inguruko jendearekin kalean edota afarietan, edukitzen ditudan berriketetan nire pentsamendutik zerbait entzuten dute. Baina ez dena. Une horietan kontatu ez ditudan gauza asko jasotzen saiatu naiz liburuan. Baten batek aitortu dit libururi esker eduki duela nire irudimenaren eta sentiberatasunaren berri. 

Zenbat dago zuretik liburuan?
R.V.:
Nire buruarekin zintzoa izaten saiatu naiz. Bizitzako kontu txikiez, emakumeez, adiskidetasunaz, sufrimenduaz, maitasunaz, politikoez…, mintzatzerakoan zintzoa bazara, zintzoa zara hurkoarekin. Irakurri duen beste lagun batek esan didanez, bi pertsona sumatu ditu liburuan: diktatzen duena bata, eta idazten duena bestea. Hortaz, baliteke irakurraldi adina interpretazio egin ahal izatea.

Liburuak azalean prosa poetikoa dela ohartarazten du. Poesia eta prosaren generoen konbinaketaz ari al zara?
R.V.:
Poesia beste modu batera egiteko aukera da. Konturatuta nago oraindik ere indarrean dagoela poesiaren ikuspegi zaharkitua; Espainiako klasikoen garaietatik dator poesia ulertzeko modu zurrun hori, non zortzi, hamar edo ez dakit zenbat silabako esaldiek agintzen duten. Jose Marti filosofo, politiko eta idazle kubatarrak hautsi zuen poesia egiteko estilo hori, eta erabateko eragina izan zuen Vargas Llosa, Garcia Marquez eta makina bat idazlerengan. Batez ere Martiren gogoetetako batek eragin izan dit zirrara: “Guztia dago idatzita klasikoetatik hasita, baina maitasunez idazten den guztia, beti izango da berria”. 

Liburuan zehar, itxura batean prosaz idatzitako kontakizun laburrak sartu dituzu... 
R.V.:
Musika darie kontakizun horiei. Poesia izatez musika denez, saiatu naiz hitzek soinua eraman dezaten, hitzek entzumenean kanta dezaten. Hitz bakoitzak bere sonoritatea dauka, eta azken batean, kontakizun bakoitza hitz mordoek osatzen dute, eta denen artean eskainitako sonoritate bereziko kontzertua entzun daiteke.

Ironia darabilzu maiz, baina behin baino gehiagotan irakurri behar dira testuak, esan nahi duzuna harrapatzeko…
R.V.:
Bigarren zentzu batekin idatzi dut, eta egia da bigarren irakurraldi baten premia dutela testu batzuek. Izan ere, ezin diot uko egin Kubako nire jatorriari, eta ia nahi-gabe irteten zait hangoa den umorea. Kubatar batek segituan ulertzen duena.

Emakumearekiko miresmena askotan adierazten da zure prosa poetikoan… 
R.V.:
Emakumea ez dagoen tokian, akabo bizitza! Egin du gizakiarenak! Emakumea da bizia erditzen duena. Historian zehar gizonezkoa gerrazalea, mozkortia, bankeroa, politikoa, dominatzailea…, izan da. Gainera, emakumeak hain ederrak dira ezen kapaz diren kontinente oso bat seduzitu edo suntsitzeko, Troyako Elenak erakutsi zigun bezala.

Liburuan etengabeak dira zinemari, musikari eta literaturari buruzko erreferentziak...
R.V.:
Asko irakurri, entzun eta ikusitakoa naiz, eta nahi gabe ere irteten zaizkit honi eta hari buruzko aipuak. Zine zale porrokatua naiz, txoratzen nau zine mutuak. Musikari dagokionez, talde ugaritan gitarra jo nuen gaztetan unibertsitateko ikasle izan nintzenean; besteak beste, Pancho Cespedes ospetsuarekin ibili nintzen. Eta literaturaren gainean, zer esan? Klasikoak irakurrita dauzkat, eta Amerikako autoreak ez ezik Ingalaterra, Frantzia eta Errusiakoak ere nahiko ezagunak egiten zaizkit. Kubako etxean 4.000 aleko liburutegi pertsonala osatzera iritsi nintzen.

Zenbat alditan entzun behar izan duzu ea zertan zabiltzan poesia idazten?
R.V.:
Galdera hori baino, jendeak esaten didana da ez duela poesia irakurtzen eta ez duela ulertzen. Egia esanda, konplikatu samarra dago poesia idaztea, baina badirudi are zailagoa dagoela irakurtzea. Gaur egun, jendeak –30 urtetik beherako gazteek batez ere–, watxapez bakarrik idazten du, eta kontu txepelak gehienetan.
Aiurriko irakurlea gonbidatuko nuke liburutegira hurbildu, liburua eskuan hartu eta begiratu bat eman diezaion, patxadaz. Erakargarria egiten bazaio lehenbiziko orrialdetik, eros dezala. 

Jarraitzen al duzu idazten?
R.V.:
Egunotan askotan galdetu didate “behin liburua kaleratuta oporrak hartuko zenituen, ezta?”. Baina liburu berri bat ateratzeko moduan nago oraintxe, egunero-egunero idazten baitut. Boligrafoa eta kuadernotxoa gainean eramaten ditut beti, eta edozein egoeratan datozkidan ideiak paperera eramateko ohitura daukat. 
Ondoren, patxadaz hartu, eta garatu edota zakarretara botatzen dut idatzitako guztia.

Zeuk egindako edizioa da liburua. Zer dela eta?
R.V.:
Argitaletxe ezberdinetara joan nintzen idatziak besapean nituela. Baina jaso nituen erantzunak ikusita, neure kabuz argitaratzea erabaki nuen, horrek dakarren galera ekonomiko guztiarekin. Edonorentzat eskura dagoen salneurria jarri diot (10 euro), nahiz eta jakin galtzen irtengo naizela.
Diseinuaren arloan, Irati Abrego eta Unai Huizi herriko gazteek lagundu didate, eta azalean agertzen den marrazkia Jose Mari Espinena da. Hitzaurrea, berriz, Lander Laborde poetak idatzi du. Azken urteetan bidean ezagutu ahal izan ditudan lauzpabost poetetako bat da. Elkarrekin poesia emanaldiak egin izan ditugu Tolosan, Donostian, Errenterian…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!