Ipuin kontaketa eta eskulan tailerra, giro goxoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko api. 3a, 02:00

Haur eta gazteen literaturaren eguna ospatzen da apirilaren 2an. Hori gogoan, ekitaldi berezia egin zuten Zizurkilen pasa zen ostiralean. Olerkiak eta abestiak ikasteko aukera izan zuten haurrek eta animaliek elkarlanean ilargia nola dastatu zuten ikusi ahal izan zuten. Jarraian, liburuzainen eskutik orri-markatzaileak sortzeko tailerra egin zuten. Haurrek zein gurasoek oso gustura hartu zuten ekimena. Gogorarazi, gurasoak direla ekimen hauen bultzazaile nagusiak.

Argazkiak  (Ombu guraso elkartea)

Haurrengan irakurzaletasuna sustatzeko bidean, behin eta berriz eredu izanik, haur eta gazte literaturaren inguruan antolatzen diren ekintza hauek antolatuz. Irakurtzea bultzatzeko irakurriz,ipuinekin gozatuz,  ipuinetara gerturatzeko gonbitea eginez.

 

Horrelako ekimenek helburu asko betetzen dituzte eta sentsibilitate ezberdinen elkargune dira. Esaterako, ostiralean gertatu zena oso berezia izan zen. Ama erdal hiztun bat izan zen ipuina euskaraz kontatu zuena, lotsak eta beldurrak alde batera utzirik, berea ez den hizkuntza batean aritu zen, ezin hobeto. Ausardia erakutsi zuen eta bertaratu ziren haur eta helduentzat eredu izan zen. Euskararen alde korrika herriz herri dabiltzan honetan ere Zizurkilen euskararen aldeko keinu polita izan zen ostiralekoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!