Hiztegiak hitz nahikorik ez du Imanol Ansaren jardunean. Jendaurreko lanak hitzontzia izatea ekarri omen du. Oso gaztea da, 21 urte, baina zer kontatu asko du, hainbat alorretan. Ez dira asko, adin horretan, ikasle, langile eta kirolari profesionalak direnak. Bibolin-jotzaile ere izana da, "baina utzita daukat egun, denbora faltagatik". Ansa anaietan gazteena Setien sagardotegian egiten duen lanagatik da ezaguna Urnietan. Txotxero, zerbitzari, sukaldari..., eskatzen diotena egiten du, eta noski tratu handia du jendearekin.
Galarreta pilotalekuan ere gero eta ezagunagoa da. Erremontista profesionala ziur aski pilota jarduera zailena da. Galarretak distira izan zuen behinola. Garai ilunxeagoak bizi ditu egun, baina han kantxan aritzen direnek beste kirolariek adina sakrifizio egiten dituzte. Ansak lan fisiko zorrotza egiten du urte osoan, Unai Legarreta herrikide eta prestatzailearen aginduak jarraituz. Frontoian etxean baino gusturago sentitu izan da betidanik Imanol: "Txikitatik frontoian sartuta egon naiz, aitak oso gustuko zuelako. Txiki samarra nintzen eta indar askorik ez nuenez, eskuz jokatzen nuenean sekulako jipoiak jaso eta desmoralizatu egin nintzen, utzi arte. Futbolean murgildu nintzen gero, eta gustura, talde lanean, baina asebete gabe".
Aitak erremontean probatzeko esan zion, "bera ere txikitan ibilia zelako. Ander Goikoetxea urnietarra ere bazebilela enteratu nintzen, probatzera joango ote ginen galdetu eta hara joan nintzen. Segituan jabetu nintzen kirol hura gustukoa nuela. Hasiera gogorra egin zen, lehen pilotakadetan ez nintzelako frontisera iritsi ere egiten. Gero teknika ikasi nuen, eta jabetu nintzen indartsua izan gabe ere bidea egin nezakeela".
Erremonteaz, esaldi hau iltzatuta geratu zait: "Gozamena da pilota ze abiadurarekin ateratzen den sentitzea"... Eta lehen egun haiek nolakoak izan ziren? "Ufa! 15 urterekin izan zen. Goikoetxearekin probatu nuen egunean aitarekin joan nintzen Galarretara, eta txikiegia nintzela esan zidan Igor Sarasua entrenatzaileak. Xesto bat eman, eta urtebetera bueltatzeko esan. Txikia nintzela onartu nion, baina 15 urte nituela jada. Astean pare bat entrenamendu egiten hasi nintzen, aitarekin, bera lanetik ateratzen zenean. Laxaro Oiarbideri deitu, frontoia ireki eta ordubete sesioan. Asteartero edo asteazkenero eta igandetan baserrian bazkaldu eta gero. Urtebetera Galarretara itzuli nintzen. Entrenatzaileak esan zidan, debutatu ondoren solasean aritu ginen egun batean, hara iritsi ginen berrogeiren bat mutiletatik norbaitek debutatzekotan nik egingo nuela, konfiantza zuelako niregan". Denera lau mutil pasa ziren, lau urteko epe horretan: "pazientziarekin hartu genuenak". Batzuk bi aste irauten zuten, besteek hilabete pare bat... Imanolek afizioagatik eta aitagatik iraun zuen. Orain fede handiagoa duela onartzen du: "Gaztetan ez hainbeste, baina aitak baietz eta baietz esaten zidan".
Agustin Ansa etengabe agertzen da Imanolen berbetan. Bere aita zen, Aranoko semea. Buruko minbizi batek eraman zuen, bi hilabete eskasean. "Hilzorian zegoenean, artean debutatu gabe nengoen, baina bi urte eginak entrenatzen, eta agindu nion, 'zuregatik debutatuko dut'. Egun hartan poza kristorena izan zen. Pena handia, halaber, ikusi ez ninduelako. Ikaragarri gozatuko zuen". Abenduan 5 urte bete ziren Agustin hil zela. Oroitzapenak borborka ditu Imanolek: "Nik 15 urte nituen, Xabier anaiak 16. Erlazio handia neukan, bere afizio guztiak nire egin bainituen: ehiza, erremontea... Txikitan erremontean ibilitakoa zen, baina ez zen profesionaletara pasa soldaduska eta lan kontuengatik. Berak lortu ez zuena nire bitartez lortu nahi izan zuen, eta halaxe izan zen".
Lurdes ama goraipatzen du, trantze hartan: "Harri bat izan da, oso gogorra. Ahalegin ikaragarria egin behar izan zuen bat-batean, jota zeuden bi gazterekin etxean... Gu baino gehiago sufritu du, ziur. Zaindu gaitu gu, baita amona ere eta familia aurrera atera du. Miresten dut. Amak zenbat laguntzen didan lana eta erremontea uztartzen, ordutegiaren arabera askotan partidatik berandu iristen naizelako. Edo lehenago joan behar eta berak ordezkatu upeletan, otorduetan… Oraintxe hasi da pixka bat lasaitzen, independente izaten hasi garenean".
Aita hil zenean ehiza uztekotan egon omen zen Imanol bera, erremontean trebatzeko ilusioa galdu..., baina osaba Bartolo agertu zen: "Nirekin bolkatu zen erremontean, eta aitak utzitako hutsunea hartu. Zorretan nago osabarekin".
Galarretan aritzen den ia guztietan, amona Maritxu, lehengusinak eta izeba-osabak harmailetan izaten ditu babesa ematen. Kantxara ateratzen denean, aurkezpenean, haientzat izan ohi da bere agurra.
Ikusle exigenteak Galarretan
Galarreta beti izan da diru apustuak egiten zen tokia eta dirua zegoenean topera zegoen. Orain, sos faltan, jende gutxiago bertaratzen da. Telebistarik ere ez dago, eta erakusleiho hori gabe publizitate gutxiago, jende gutxiago, erremontistentzat soldata apalagoak... Erremonteaz bizi al daiteke? "Nik garbi daukat ez dela ofizioa niretzat. Koadroko pilotari guztiek lana egiten dute. Esperantza badut, egoera hobetuko dela. Izan ere. hobetu da, iaztik. Afizio bat da, gustukoa dudana, eta horregatik segitzen dut, baina etorkizunera begira ez da bermerik eman diezazukeen ogibidea".
Erremontea jarduera zaila da, bakarren bati erremontista edozein dela entzun izan badio ere: "Etor dadila probatzera, ea zer dioen probatu ondoren. 15 urterekin hasi nintzen probatzen, serio entrenatzen, eta 19 urterekin egin nuen debuta. Eskumuturrarekin egin beharreko joku berezi horretan trebatzea ez da erraza. Pilota oso azkar ibiltzen da, segundo erdi bat mundua da, eta jokaldiari aurrea hartzen ikasi beharra duzu, bestela jai. Erremontea ulertu egin behar da, pilotak bote handia egiten baitu. Paretan gurutzatu eta zazpi eta erdi kuadroan sartzea da gakoa, hori irakasten digute. Hori kristoren kolpea ematea baino garrantzitsuagoa da. Kokapena ere erabakigarria da, azken unea arte itxaroten baduzu, akabo".
Galarretan egon den edonork daki pilota ziztu bizian ibiltzen dela, eta erremontistek kontuz ibili beharra dutela. Noizbait beldurra sentitu izan duen galdetuta... "Bai, arriskutsu samarra da. Izterrean kolpe asko hartu ditut, mingarriak. Handiena Pasaian, bularraldean eman zidan pilotak, eta ahotik odola botatzen hasi nintzen. Erietxean amaitu nuen".
Unibertsitatetik upelera
Ikasle ona izan zen txikitan Imanol. Orain, balekoa. "Dena aprobatzen dut, hori bai. Etxean anaia zaharra ikasle fina izan da, eta nik ere berdina egin behar, noski". Bi urteko zikloa egin zuen, delineazioa, eta orain, Magisteritza ikasten ari da. Ikasgelatik etxera, bazkaldu, entrenamendua, eta handik sagardotegira, upel artera, ziztu bizian. Urtarriletik Aste Santura bitartean txotxero aritzen da aste egunetan, Eugenio osaba gidari dela. "Kristoren harremana dut berarekin. Eugenio bigarren aita bat bezala izan da niretzat. Hari aitari kontatuko ez nizkion kontuak kontatuko nizkioke: 'katxondoagoa' da, eta sagardoaren munduan oso sartuta dago".
Txotxean oso gustura egoten da Imanol. Astegun edo asteburua izan, oso lan ezberdinak omen dira. "Astean zehar denetarik egiten dut: txotxean egon, zerbitzatu, tortillak egin... Saltsero samarra naiz, eta jendearekin edukitzen den tratu hori gustuko dut. Askok esan izan didate, txotxero hiztuna naizela, eta ez nagoenean faltan botatzen nautela". Eta tabernariak duten ligatzeko erraztasun hori sumatu al du upeltegian? "Bueno, eskaintzaren bat edo izan dut, neska koadrila gazteren bat etorri, eta Hernanira beraiekin joateko esanez. Badakizu txotxero hitzak hitz joko bihurri samarra daukala".
Iskanbila gutxi izan ditu: "Neurtzen ez duen jendearekin. Guk bertako jendearekin egiten dugu lana. Ez dugu autobusetan kanpotik etortzen den jendea hartzen, hori da gure politika. Gure helburua ez da nola edo hala betetzea, are gutxiago kanpoko jendearekin. Guk konpromisoa Urnieta eta inguruko jendearekin daukagu, eta betetzearen truke, ezagunak, bezero onak kalean uztea bada, ez da egiten".
Imanol eta Xabier anaia sagardotegian egotea inportantea dela uste du: "Jende asko eramaten dugu, herrian asko mugitzen gara-eta". Upel guztiak irekitzen dituzte, eta bezeroari garbi utzi nagusia txotxeroa dela, berak erabakitzen duela ze upel ireki, zein ez, ezin dela upelik kolpatu. "Upel tokia sagardotegiarena da, eta bezeroak hori ulertu behar du, nagusia zu zarela ulertu. Bezeroari nahi duen guztia edaten uzten diogu, baina lurrera botatzen badu, kargu hartzen diogu. Sagardoa lurrera botatzen baduzu, sagardoa gutxiesten duzu, eta hori sagardoegile batentzat onartezina da, lan handia egin duzulako sagardo hori lortzeko".
Lehen hilabetea, hilabete eta erdia azkar joaten omen da, baina bigarren hilabetetik aurrera kontua luzatzen hasten da: "Etxean denbora gutxi, otorduak azkar-azkar... Jaiki, unibertsitatea, bazkaria, ziztu batean entrenatzera, handik sagardotegira, afaldu eta lanean hasi..., eta hurrengo egunean berriro!".
Egun, sagardotegiak jatetxe bilakatu dira ia-ia. Imanol Ansak ere onartzen du: "Jende gehiago mugitzen da janaria, lokala eta goxotasunagatik, sagardoagatik baino". Halere, "Setieni sagardoa gustuko duen jendea komeni zaio. Gaizki dago nik esatea, baina Eugeniok sagardoa egiteko oso esku ona duela esango nuke, eta guregana sagardoagatik jende dezente etortzen da. Gu tradizionalak gara, eta ordaintzerakoan ere, gauzak garbi: gutxi jaten duenak, merkeago; gehixeago jaten duenak, garestiago".
Batetik eta bestetik, sos kontuetan etxean eskatu gabe moldatzen da Imanol. "Amarekin bizi naiz, eta dena amak ordaintzen du. Gastatu ez dut asko egiten, eta Galarreta eta sagardotegian diru puska bat irabazten dut. Lagun asko sosik gabe dabiltza, eta alde hortatik hobexeago nago".
Trukean, tarterik bilatu ezinik dabil: "Arratsalderen bat libre badut, mendira joaten naiz, edo lagunekin geratu. Faltan botatzen dudana? Ezin dudala arrisku handirik hartu, erremontista naizelako. Lagunak palan edo pilotan jokatzeko geratzen badira, nik ezin izaten dut, txarra delako erremontista batentzat. Udan lagun arteko futbol partidan ezin naiz aritu. Edo astebeterako planak, hara edo hona joateko. Ezin dut, abuztuan ere entrenatu egiten dugulako. Profesionala naiz, eta zaindu beharra daukat".
Etorkizuna
Eugenio osabak 56 ditu, dagoeneko. Jende askok esaten omen dio Imanoli 'zuk hartu beharko duzu sagardotegia'. "Setien utzi beharrak pena ikaragarria emango lidake, baina Magisteritza ikasten ari naiz eta bizitzan ahalik eta ate gehien ireki behar dira. Kanpotik oso polita ematen baitu besteen jardunak. Ezagutzen dut sagardotegia, nola sufritzen duen Eugeniok, ze lana dagoen, eta zer pentsatua ematen dit. Ez dut baztertzen sagardotegia hartzea, baina ikusiko dugu". Lanbideren bat aukeratzekotan, ze apustu egingo luke? "Egun erremontea, etorkizunean Setien. Erremontea da nire erronka orain. Sagardoa nola egin eta beste, hori ere asko atsegin dut. Martxan dagoen negozioa da osabarena, eta horrek ere asko laguntzen du. Xabier anaia ere hor dago".
Suhiltzaile izateko oposaketak prestatzen ari da Xabier Ansa anaia, eta bien arteko harremana horrela ikusten du: "Lagun bat gehiago da, aholkua eskatzen dioten lehena, amari baino lehenago, batez ere apuroa ematen didanean. Xabierrek ez du sagardoa edaten. Ni gehiago inplikatzen naiz sagardogintzan, baina elkarren osagarri garela esango nuke. Lana egiteko, ez biak nagusi izateko. Bat nagusi, eta bestea langile, ikuspuntu bakarra izatea hobe. Nik komertzial lanean gehiago egin dezakedala uste dut. Xabier serioagoa da, zuzenagoa negozio bat eramateko. Ingeniaritza ere bukatu du, eta oso pertsona konprometitua da".
Urnietak sagardoarekin duen harremanaz zera pentsatzen du: "Urnieta izena Hernani eta Astigarragakoarekin batera azaldu beharko lukeela esaten diot osabari, indarra har dezan. Jendeak ez daki Urnietan bost sagardotegi ditugula, eta jakin beharko litzateke. Sagardoa prestigioa ematen duen zerbait da".
LABURREAN
ERREMONTISTA. Galarretara bertaratzen diren zaleak oso exigenteak dira. Dirua jokatzen dute, eta euren iritzia ozen ematen dute. "Niri 'chiquitin' esaten didate... Zer egin? Onartu. Han daudelako gaude gu kantxan, eta ordaindu edo dirua sortzen duten momentutik, haiek errespetatu besterik ez zaigu geratzen. Gogorra da, igual egun txarra daukazulako, baino eutsi egin behar".
MOTZEAN
- Urnietako beste sagardotegi bat: Hurrengo galdera.
- Urnietan ez dagoen sagardotegia: Lizeaga eta Rufino, aurten.
- Herriko gustuko txokoa: Buruntza.
- Zer gustatzen zaizu Urnietan? Tokia egina daukadala, dena eskura, maitatua sentitzen naiz.
- Eta faltan? Parranda, mugimendu gehixeago.
- Etorkizunean Urnietan ikusten al duzu zure burua? Bai, eta hemen ez bada, ba gertu.
MUSIKA. Afizio bitxia izan zuen gaztetan: bibolin-jotzailea. "Oso gustukoa nuen. Elizan-eta jotzen nuenean, hara bertaratzen zirenak isil-isilik jarraitzen zituzten nire doinuak, baita Gabonetan baserrietan barrena eskean joaten ginenean ere. Solfeoa bost urte ikasi nuen, eta bibolina oso gustuko nuen, gozatu egiten nuen. Baina..., denbora asko eskatzen zuen, eta beste aukera batzuk sortu ziren. Berreskuratu nahi nuke, egunen batean, afizio gisa".