“Sare sozial ederrena kalea da”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mar. 30a, 02:00

Nahikari Garcia Errealeko jokalari urnietarra, Xabi Solano Esne Beltzako trikitilari eta abeslaria eta Juantxo Arakama Glaukoma taldeko abeslaria Urnietako Gaztelekuan izan ziren joan zen ostiralean sare sozialei buruzko solasaldian parte hartzen. Arrakasta handiko hitzordua izan zen, Gaztelekua txiki geratu baitzen. 

Urnietako Gaztelekuan eta, oro har, Gipuzkoako gaztelekuetan sare sozialen inguruko lanketa egiten ari dira. Hala, hiru pertsonaia ospetsu hauek beraien bizipenak kontatu zizkieten urnietarrei. Herrikidea duten Nahikari Garciaren Instagrameko argazkiak ikusi zituzten; futbolarekin lotutakoak ia denak. “Futboleko partiden ostean igotzen ditut argazkiak normalean. Ia guztietan nire taldearekin agertzen naiz, futbola talde lana delako eta nire argazkiekin hori erakusten saiatzen naiz. Nire inguruko jendeari garrantzia handia ematen diot sare sozialetan ere”, adierazi zuen. 
Xabi Solanok gehienbat Instagrama erabiltzen du, kontzertuak iragartzeko edo kontzertuen argazkiak jartzeko. Juantxok ere Facebooka musikaren inguruko informazioa zabaltzeko erabiltzen du. Hirurek sare sozialak kontu handiarekin erabili beharreko tresnak direla azpimarratu zuten. “Bizitza ideal bat irudikatzen saiatzeko joera izaten du askok, baina saiatu zaitezke ahalik eta argazki errealenak igotzen. Zuek izan sare sozialetan, eta gaur ez ezazue igo bihar damutuko zareten argazkirik”, aholkatu zuten. 
Teknologiako menpekotasunaz ere mintzatu ziren. “Nahiagoko nuke mugikorra gutxiago erabiliko banu”, onartu zuen Solanok. Egoera honen aurrean, Juantxok aspaldiko garaiak gogorarazi zituen, komunikatzeko mugikorrik erabiltzen ez zen une haiek hain zuzen: “Sare sozial ederrena kalea da”. 
Gaur egun kontzertuetan mugikorrak erabat airean edukitzen direla kontatu zuten, jendeak unea aprobetxatu beharrean, gerorako argazkiak edo bideoak egiten dituelako. Hori horrela izanik, esperimentu bat egin zuten gazteekin. Solanok gitarra eta Arakamak mikrofonoa hartuta, inoiz errepikatuko ez zen abesti bat jo zuten. Gazteei mugikorrak gordetzeko eta uneaz gozatzeko eskatu zieten, eta halaxe egin zuten. Gomendio gisa sare sozialak tentuz eta neurrian erabiltzeko esan zuten eta kantuan amaitu zuten hitzaldia. 

Parte hartze handia
Ezbairik gabe hitzordu erakargarria izan zen ostiralekoa, baina parte hartzea espero baino handiagoa izan zen. Gaztelekuko hezitzaileek adierazi dutenez, 11-18 urte bitarteko ehun lagun inguru bertaratu zen. Balorazio oso positiboa egin dute: “Oso positiboa iruditu zaigu sare sozialen inguruan praktika positiboez hitz egitea eta erreferente diren horiek nola erabiltzen dituzten ikustea: gonbidatuetako bakoitzak zein mezu eta irudi transmititu nahi duen sare sozialen bitartez, bizitza pertsonaleko argazkien trataera nola egiten duten, zein informazio jartzen duen…”. Pozik daude teoriaz haratago, saio oso praktikoa izan zelako. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!