Tolosaldeko hondakinen emaitzak hobetzen jarraitzea helburu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mar. 30a, 02:00

Tolosaldeko Mankomunitatearen barrutian, 2016. urtean jaso diren hiri hondakinen berri emateko, prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean Josu Amilibia Mankomunitateko lehendakariak, Patxi Amantegi lehendakari-ordeak eta Gemma Eceiza teknikariak, Tolosako udaletxean:

Mankomunitatea osatzen duten 28 herrien izaera edota ezaugarriak direla eta, eskualdean hondakinen kudeaketa eredu desberdinak garatu direla jakinarazi dute gaur goizean Tolosaldeko Mankomunitateko ordezkariek; eta modu horretan, herrien datu zehatzagoak eskuratzeko aukera izan dutela argitu. Eskualdea 28 udalerrik osatzen badute, horietatik 19 herri txikiak dira, 1000 biztanle baino gutxiagokoak. Biztanlegoaren %71a eskualdeko lau herri handiagotan biltzen da.

Mankomunitateko helburuak eta lan lerroak Europar Batasunak ezarritako hondakinen kudeaketa ierarkian oinarritzen dira. Josu Amilibiak eman du helburu horien berri: “Hondakinen sorrera ahalik eta gehien gutxitzea, prebentzio ekimenak bultzatuz. Hondakinen berrerabilpen programak abian jartzea eta gaikako bilketak handitzea”.

Hiru bilketa sistema 

Mankomunitateak eskaintzen duen zerbitzuaren arabera, eskualdeko udalerriak hiru taldetan banatzen dituzte eta hondakinaren jatorriaren arabera beste hiru taldetan: etxean, industriagunetan edota garbigunetan sorturikoak.

Landa eremuko 19 udalerri biltzen ditu eskualdeak, “herri hauetan bilketa bateratua da eta hain ezagunak diren papera-kartoia, ontzi arin, beira eta errefusaren bilketarako edukiontziez gain, materia organikoaren kudeaketa tokiko konpostajearen bitartez bideratu da. Guztira 3081 familia ditugu programa honetan parte hartzen”, zehaztu du Mankomunitateko lehendakariak. 2016an %58,58an kokatu zen landa eremuko gaikako bilketaren tasa. “Baina materia organikoa herrian bertan kudeatzen dutenez, hori zabortegitik desbideratzen da”. Landa eremuan bataz beste, biztanleko egunean 0,57 kilo hondakin biltzen den bitartean, gainontzeko udalerrietan, orokorrean, 0,86 kilo hondakinetik gora biltzen da biztanleko egunero. “Konpostajea, beraz, hondakinen prebentzioan duen garrantzia nabarmena da. Azpiegitura handirik gabe eta herrietan arduraz egindako lana da eta benetan eskertu eta zoriontzekoa dela uste dugu”, azaldu dute.

Egun, bost udalerri daude Tolosaldeko Mankomunitatearen baitan, atez ateko gaikako zabor sistema bilketari lotuta, eta gaikako bilketaren tasa %72,10ekoa da bataz beste. 2016 urtean Irura (otsailean) eta Amasa-Villabona (irailean) edukiontzi bidezko sistemara aldatu ziren.

Bost edukiontzien bilketa sistema duten eskualdeko herriak, Tolosa, Villabona, Irura eta Andoain dira. Multzo horretan, Andoain da materia organikoaren bilketarako edukiontzia jarri duen azken herria. “Gainerako hiru herrien bataz besteko gaikako bilketaren tasa %72,31koa izan da. Andoaingo udalerrian 5. edukiontzia irailean ezarri da eta urte amaieran lortu den gaikako bilketaren tasa %43,25ekoa da. Andoainen 5. edukiontziaren ezarpen prozesua malguagoa izan dela esan behar dugu, beste udalerrietan ez bezala, borondatezko partehartzea dagoela azpimarratu behar baitugu”, argitu dute, eta urte honetan zehar, udalerriarekin elkarlanean, datu hori hobetzen saiatu behar dela.

Karakterizazioak

2016an, bestalde, errefusa, biohondakina eta ontzi arinen karakterizazioak egin dituzte mankomunitatea osatzen duten herri guztietan. “Honen bitartez, herri bakoitzean hondakinen kudeaketa sistemaren eraginkortasuna baloratu ahal izan dugu, kualitatibo eta kuantitatiboki gai birziklagarri eta konpostagarriak identifikatzea lortu dugu”, zehaztu dute. Karakterizazio guztien artean, materia organikoaren emaitzek sortzen diete kezkarik gehien, “inpropioen presentzia %5a baino gehiago duen materia organikoak konposta egiteko bideragarritasuna galdu baitezake”.

Garbiguneak

Tolosaldeko Mankomunitateak etxeko hondakinen %60,64a jasotzen du gaika eta hizlariek, tasa adierazgarria lortu dela uste badute ere, “tasa hori hobetu eta kalitatezko gaikako bilketa egitea dira helburu momentu honetan, sortutako errefusa hondakina ahalik eta gutxien izatearekin batera”, esan dute.

Herrigunetako hondakinez gain, Tolosaldeko mankomunitateko industrigunetan ere bilketa berezia egiten dute; lantegi bakoitzean papera-kartoia, egurra, bilgarrietako plastiko industriala eta errefusa hondakinak era pertsonalizatuan jasotzen direlarik. “Guztira 650 enpresatik gora daude bilketa eredu honetan eta 2016an beraiei esker sortutako hondakinaren %58,78a desbideratzea lortu da. Zoriontzekoak sektore honetako partaideak ere”.

Hobetzen jarraitzea helburu

Bukatu aurretik, Tolosaldeko garbigunetan jasotako hondakinen berri azpimarratu dute. “Tolosa eta Andoaingo bi garbiguneen bitartez bertara bideratutako hondakinen %54,78a berreskuratu da eta zabortegitik desbideratzea ere lortu da”. Herritarren parte hartzeari garrantzia eman diote prentsaurrekoan zehar. “Hondakinen sortzaileak izanik, hondakinen kudeaketa egokiak egiteko protagonistak baitira. Ezarrita ditugun bilketa sistemak eraginkorragoak bihurtzea izango dugu helburu”. Herritar orori eta andoaindarrei egin diete deia bereziki, sistema berria txertatu berri denez, ondo erantzun dezaten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!