“Andoain esan” mugimenduak herri galdeketa sustatuko du

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mar. 27a, 02:00

Hernaniko eta Astigarragako joan zen igandeko herri galdeketak eta gero, Andoainek lekukoa hartuko die aurtengo udazkenean. 

2017an zehar Euskal Herri osoko hainbat herrialdetan erabakitze eskubidea aldarrikatzeko galdeketak antolatuko dira. Beterri-Buruntza eskualdean Hernanin eta Astigarragan egin zituzten joan zen igandean. Datorren maiatzerako herri galdeketak burutuko dituzte eskualdeko Lasarte-Orian eta Usurbil herrietan, eta udazkenean Andoainen egingo dutela iragarri berri du ‘Andoain Esan’ izeneko mugimendu berriak. Lehenik eta behin, Andoainen erabakitze prozesua martxan jartzeko 1.500 herritarren sinadurak biltzeari ekingo diote. Sinadura horiek guztiak bi hilabeteko epean lortu nahi dituzte.

Aurkezpen modura har daitekeen oharrean zera adierazi dute: “Gure helburua udazkenean herritarrek euren iritzia hautesontzi batean sar dezaten lanean hastea da. Taldea irekia da eta parte-hartze zabala bultzatu nahi da. Gure helburua udazkenean ahalik eta herritar gehienek euren iritzia ematea da; alde batekoa zein bestekoa. Horregatik andoaindarrak gonbidatzen ditugu horretarako eratu diren lan talde desberdinetan izena ematera”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!