Ospakizun distiratsua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mar. 25a, 01:00

Kontzertu bikaina eskainiz eta bere ibilbidean ezinbesteko partaide izan direnak omenduz ospatu zuen Andoaingo Musika Eskolako Bandak, bere hogeigarren urteurrena.

[Argazkiak]

Lau zatitan banatu zen kontzertua, Juan Carlos Etxeberria ETBko kazetariak aurkezturik Basteroko auditorioa musika zalez lepo jarri zuena.

Musika emanaldia formala baino gehiago lagun arteko ospakizuna izan nahi zuela aitortu zuen hasieratik Etxeberriak, eta hala izan zen, egungo Bandak ez ezik, bere ibilbidean partaide izan direnek edo nola edo hala kolaboratu izan dutenek hartu baitzuten protagonismoa gauean.

Lau zatitan banatu zen egitaraua, Bandaren hogei urteko ibilbidea etapaz etapa azalduz. Eta horretarako, Bandak izan dituen lau zuzendariek hartu zuten batuta, Basteroko pantailan argazkiak proiektatzearekin batera.

1997-2007 aroa aipatu zen lehenik, eta Aitor Gastonen gidaritzapean Arraunlariak pasadoblea (Marcelino Amenabar) jo zen.

Gorka Mujikaren eskutik, berriz, Chicken run (Powell& Gregson-Williams) abestia entzun zen. Eta azkenik, Mirari Irurzun igo zen oholtzara; honekin, bandak John Williams in concert pieza interpretatu zuen, entzuleen gozamenerako.

 

Erronka gaindituta

Kontzertuaren laugarren eta azken partea heldu zen ondoren. Bandaren ibilbidean bere partaide izan diren hainbat musikarik egungo Bandarekin bat egin zuten Basteron. Laurogei musikari eta beren instrumentuak kabitu ziren, bai, Basteroko eszenatokian. Nerea Uraldek diseinatutako irudia daraman zapi zuria jantzi, eta denek beren tokia hartu zuten, musika jotzeko prest.

Juan Carlos Etxeberria aurkezleak azaldu zuenez, egungo zuzendari Mikel Emezabalen eskutik Bandak proiektua sendotu eta kalitatearen ikuspegitik pauso bat aurrera egin du. Horren adierazgarri izan daiteke bere interpretazioak zailtasun tekniko izugarria daukan Tchaikovsky egilearen 1812 Oubverture solennelle obra. Erronka handitzat jo zuten Bandako kideek obra hori jotzea Basteron; ikasturte osoa eraman dute bere prestaketan, eta egia esanda, bikain gainditu zuten azterketa.  

 

Aitortza ugari

Ospakizuneko kontzertuaren amaiera aldera, aitormenen ordua iritsi zen.

Lehenbiziko eta behin, Bandaren hogei urtetan hasiera-hasieratik eta hutsik egin gabe musika jotzen jarraitzen duten Eider Jalon, Maria Carrera, Mari Cayetano eta Aingeru Zabala partaideei esker oneko omenaldi txikia eskaini zitzaien, eta txalo zaparrada jaso zuten entzuleen partetik.

Segidan, Ana Carrere Andoaingo alkateak hitza hartu zuen. Honek Bandari eskerrak eman zizkion Andoaingo Udal korporazioaren eta herriaren izenean, “kanpoko zein bertako musika gerturatzeagatik eta herriari erakusteagatik. Ezinbestekoak izan zarete Andoaingo musika kultura zabaltzeko Andoainen”.

Carrerek, Andoaingo Udalaren aro ezberdinetan kultura arloko arduradunak izan diren bost zinegotzi nabarmendu nahi izan zituen, Bandaren ibilbidearen parte ere izan direlako. Garbiñe Egibar, Toñi Landa, Ainhoa Elizondo, Aitziber Ugartemendia eta Esti Mujika dira horiek, eta Elizondo ez beste lauak igo ziren oholtzara.

Lau emakume horiek Bandaren lau zuzendariei oroigarriak eman zizkieten.

Esker onen eta aitormenen atal horri amaiera emateko, Ana Carrerek Basteron bildutako guztien desioa luzatu zuen, hots, bandak beste hogei urte eta gehiago ospata ditzan.

Bandak interpretatutako Joxe Mari Oiartzabalen Andoaingo ereserkia entzunez egin zuen kito kontzertu berezi-bereziak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!