Bandaren ibilbidea azaldu zuen Xabier Huitzik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mar. 25a, 01:00

Xabier Huitzik 1997an birsortu zen Andoaingo Udal Musika Eskolako Bandaren historiari buruzko hitzaldia eman zuen joan den asteazkenean Basteron. Bertaratu ziren entzuleek Udal Musika Eskolako musikari gazteek osatutako Mugaz Bandaren emanaldiaz gozatzeko aukera eduki zuten.

[Argazkiak] [Bideoa, Mugaz]

Kronika:

Huitzik Andoainek iraganean eduki zuen Musika Bandaren kronika argitaratu zuen Leyçaur 12 aldizkarian 2012n (Ez abandonatu instrumenturik edozein taberna-zulotan). Okasio hartan, XIX. mendearen erdi aldera abian jarri eta XX. mendearen 70ko hamarkadan desagertu zen musika bandaren historia bildu zuen. Hari muturra utzi zuen lotzeko orduan, 1997an birsortu zen Bandaren historia kontatzearena, alegia.

Hain zuzen ere, idazteko dagoen historia hurbilago horri heldu zion Huitzik Basteron joan den asteazkenean

 

Lehenbiziko pausoak

Hogei urtetan (1997-2017) Andoaingo Bandak egindako ibilbidea deskribatu zuen, makina bat datu eta xehetasun modu atseginean kontatuz. Nola ekin zitzaion kontatu zuen lehenengo eta behin: “Garbiñe Egibar zinegotziak ahalegin handia egin zuen banda osatzeko, eta giro ona topatu zuen. Mikel Mate zen orduan musika eskolako zuzendaria eta banda zalea; Aitor Gaston irakaslea ere ez zebilen urrun. Horrela, hainbati gonbidapena luzatu zitzaien bandako kide izateko; besteak beste, iraganeko bandako kide izan ziren Luxio Aranburu eta beste batzuei, inguruko herrietako bandetan edo txarangetan jotzen ari zirenei, musika eskolako ikasleei… Baziren oraindik ikasle txikiak zirenak, eta horiei bonboak gurpilekin prestatu behar izan zitzaizkien kalean zehar ibiltzeko. Kontua da denen artean osatu egin zela banda, eta 1997ko ekainaren 29an egin zela lehen kontzertua, San Juan jaien barruan”.

Orduan jo zen errepertorioa gogoratu zuen Huitzik: tartean, Djavanen Flor de lis, Donostia zaharra, Sorozabalen Deba martxa, Moments of Morricone

Errepertorioaren aukeraketa horrek zerbait adierazten digula zehaztu zuen Huitzik: “ikusten da banda klasikoetatik aldendu nahia. Musikari gazteak erakarri nahi dira bandara, eta eurek asetzeko modua izan daiteke euren gogoko musika jotzea”.

Gaston izan zuen lehen zuzendaria Andoaingo Bandak esan bezala, eta Mikel Emezabal eta Gorka Mujika ondoren. “Horien ostean, Mirari Irurzun etorri zen. Ez dira banda asko izango emakume bat zuzendari dutenak. Inguruko herrietara begira jarriz gero, Getariako bandakoa datorkit burura, Eneritz Jauregi andoaindarrarekin”.

 

Helburua: musikaz gozatzea eta goza araztea  

Huitzik aipatu zuen Andoaingo Bandak hasieratik eduki duela argi zertarako jaioa zen: “zaletasuna piztu eta kultura musikala hedatu. Xabier Amurizak esaten duen bezala, musika ikusiz gozatzen da; musika zuzenekoa dela ederrena alegia. Gainerakoak, diskoak, mp3ak, youtubeak… eta horiek denak musikaren postalak dira; urtetan musika birtuala horretatik asko egon da gure gizartean”.

Bandak ehundik gora emanaldi egin ditu hogei urte horietan, ezaugarri eta nortasun ezberdinekoak asko eta asko. Andoaindik beste herrietarako irteerak maiz egin izan dituela zehaztu zuen, zenbat herri aipatuz: Zumarraga, Asteasu, Lesaka, Zumaia, Usurbil…

Kontzertuak batzuk izan ohi dira informalagoak eta beste batzuk dedikazio handiagoa eskatzen dutenak, Huitzik adieraziz zuenez. Bigarren horietatik, zenbait, Bandak bere ibilbidean izan dituen erronka handitzat jo zituen: “Bastero eraikuntza 2003an inauguratu zenekoa izan zen lehena. Beste musika taldeekin batera jo behar izan zuen, eta hor pilatzen ziren urduritasunak, errepertorioa bereziki ondo prestatu beharraren erantzukizuna, aparteko dedikazioa… Hurrengo erronka, Pepe Andoaini eskainitako omenaldiak ekarri zuen. Eta urtetan aurrerago, ezin dugu ahaztu Andoainen egina eta entzuna diskoak Bandari 2015ean eskatu zion ahalegina”.

Aparteko emanaldiak aipatzen hasita, makro-kontzertuak ere gogora ekarri zituen Huitzik. Oskorri taldearekin eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailasoekin batera egindako emanaldi gogoangarriak, batik bat.

 

Dantzaldiak

Formatu anitzak probatzeko beldurrik eduki ez duen Andoaingoaren antzeko Banda batentzat, ezin falta zitezkeen dantzaldiak. Basteroko ekitaldi gelan Andoaingo Bandak behin antolatu zuen dantzaldiaren inguruko xehetasunak eman zituen aditzera Huitzik, umorea erabiliz. “Sarrera jarri zen, eta horrek eskubidea ematen zuen inguruko tabernetan kontsumizioa egiteko. Badirudi Andoaindarrak lotsatiak zaretela edan gabe dantzan hasteko, eta orduan erabaki zen argiak pixka bat jaistea eta txurrutaren aukera ematea pentsatuz horren ostean errazago izango zela dantzarako animatzea. Gau polita izan zen hura, egia esanda. Geroztik jendeak halako dantzaldi gehiago eskatu zituen, baina ez zen ezer atera”. Hori esanda, Huitzik, egungo Musika Bandako zuzendari den Mikel Emezabali begira jarrita, galdera bota zuen Basteroko hitzaldian: “Zergatik ez zaie heltzen berriro dantzaldiei?”

Dantzaldien arloan, San Juanetan beste bi ospatu izan zituen Bandak. Bigarrengoak, ezaugarri bereziak eduki zituen, nonbait: “Mirari Irurzuni zuzentzea egokitzen zitzaion azkenekoa zen, eta seguru nago ez daukala ahazteko! Perkutsio gisa, tximistak eta trumoiak izan genituen, eta berari esker ona adierazteko zerbait berezia prestatu genion kideek”.

 

SanJuanetako bataioa

“San Juan jaietan, Banda sorreratik egon da bezpera gaueko ekitaldian. Estali gabeko oholtzan jo izan du Bandak beti, nahiz ez egin eguraldirik aproposena. Batzuetan, baita ere kontsejupean, tela beltza aurrean genuela eta plazako jendeak ez zekiela nork jotzen zuen musika! Toki pintoreskoekin segituz, gogoan eduki behar dugu udal batzar aretoan ere jotzea egokitu zaigula”.

San Juan zortzikoko kontzertua, Bandan lehen aldiz jotzera zihoazen musikari askorentzat bataio gisa hartzen zela adierazi zien Basteroko entzuleei Huitzik: “Bandako kide denak trajea jantzita, eta hasiberri edo nobizio horiek niki txuri batekin agertzen ziren plazan. Bazirudien markatzeko modua izaten zela, taldean nork desafinatu zuen publikoak argi eduki zezan ondo seinalatzeko. Egia esanda, hasi berri horiek poz-pozik joaten ziren oporretara, eta pixka bat ikasi eta gero irailean jada Bandan integratu egiten ziren”.

Huitzik adierazi zuen Andoaingo auzoetako jaietan ere presente egoten saiatu dela Banda, ahal izan duenetan behintzat. Hari horretatik tiraka, aurreratu zuen ate joka datozkigun Santa Krutzetan Andoaingo Bandak eta Mugaz gazteen Bandak elkarrekin kontzertua eskainiko dutela.

 

20 urtez, emozio anitz

Bandako kide da aspalditxoan Huitzi, eta bere barruko bizipenetatik mintzatzen hasita, emozio klase asko bizitu izan direla aitortu zuen. “Hunkigarria da publikoari eskaintzen zaion kontzertu bakoitza, emoziotik hitz egiten duelako musikak. Baina era askotako emozioez hitz egin genezake. Bandako barrunbeetan bizi izan ditugunak musikariek. Hogei urte hauetan zehar zenbait kide ama edo aita bihurtu dira, unibertsitateko karrera amaitu dute, batzuen eta besteen urtebetetzeak ospatu ditugu... Emozioen artean, beharbada berezi-bereziena, zure ondoan musika jotzen urtetan aritu ostean halako batean hil denak eragiten dizu”.

“Banda ez da zuzendari edo musika jakin bat. Banda herri da eta herriarekin bizi da”. Printzipio hori adierazita, eta hitzaldia amaitzeko asmoz, hogei urteko ibilbidean Bandak konplize izan dituen Andoaingo talde eta kantari ugari izendatu zituen Huitzik; hala nola, Udal Musika Eskolako bi abesbatzak eta akordei taldea, Alberto Agirre abesbatza, Olagain Txistularien Taldea, Elkarteetako danborradak, zine eta bideo eskolako irakasle eta ikasleak, Soinua musika eskola, Kristina Solanoren trikitilari taldea, Kantu Jira taldea…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!