Udal Musika Eskolako Bandan, sortu zenetik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mar. 24a, 01:00

Eider Jalon, Maria Carrera, Mari Cayetano eta Aingeru Zabala dira Andoaingo Udal Musika Eskolako Bandaren sorreratik jarraitzen duten musikariak. 1997az geroztik klarinetea jotzen dute beran hiru emakumeek, eta tronpeta gizonezkoak.

Musikari beteranoak bai, baina zaharrak ez direla aldarrikatzen dute, erdi txantxetan. Izan ere, atzera begira jartzen direnean ohartzen dira oso-oso gaztetan hasi zirela Bandarekin. Hamalau urte besterik ez zituzten orduan hiru klarinete jotzaileek, eta hemezortzi tronpeta jotzaileak.

Musikaren hotsa eta doinua zainetan daramatzate, eta astero-astero eutsi diote entseguen konpromisuari. Aurreneko egunean bezainbesteko ilusioarekin segitzen dute egun, eta meriturik ezin zaie ukatu. Bandaren eboluzioa ezin gertuagotik ezagutu dute, zuzendari bakoitzak nork bere nortasun propioa itsatsi dio eta horietara egokitzen jakin dute lauek. Aldi berean, musikari ugarirekin aritu dira hogei urte horietan, eta aitortzen dute azken urteetan Musika Bandara batu diren musika gazte zein helduek motibazio dosi berezia itsatsi dietela.

Kontakizun eta pasadizo ugari hogei urtetan zehar
Musika jotzaile gisa Andoaingo Musika Bandarekin batera hezi eta hazi dira hogei urtetan, eta esan daiteke banda horren azken aroko oroimen historiko bizia osatzen dutela lauek. Eurekin hizketan jarriz gero, makina bat emanaldi gogoangarri eta pasadizo entzun daitezke bata bestearen ondoren. Uniformearen kontura, esate baterako, badaukate zer kontatua; txikikeria dirudi, baina aski adierazkorra izan daiteke Bandaren eboluzioaz jabetzeko. Nonbait, hasierako urteetan, gizonezkoen neurrira egindako txaketa ofiziala jantzita atera behar izaten zuten kontzertuetara, arau tradizionalek aginduta; urte batzuk -eta kexak tarteko- igaro behar izan zuten bertan behera gera zedin derrigortasun hori. Egun, nork bere jantzia eramaten du.
Lau musikariek Musika Bandek historikoki transmititu izan duten seriotasunaren itxura erlatibizatu nahi izan dute. Kanpora begirako solemnitate horren atzean, musikarekin lagun giroan eta umore onean gozatzen dutela azpimarratu dute. Adierazgarria da, alde horretatik, zeinen gogoan daukaten beren bizitzako lehenbiziko afari osteko parranda “serioa” Musika Bandarekin egin izana.

URTEURRENEKO EMANALDI BEREZIA, OSTIRAL HONETAN
Ostiral gaueko kontzertuari dagokionez, musikari guztien aldetik prestutasuna ikusi dute azken hilabete eta asteetan egin diren entseguetan, eta ez daukate zalantzarik musika emanaldi bikaina aterako dela adierazterakoan. Lauek ere andoaindarrak gonbidatu nahi izan dituzte kontzertura.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!