Oiartzunen argazkia izan da aurtengo irabazlea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mar. 24a, 01:00

Inauterietako larunbateko desfilean Marga Oiartzunek egindako argazki bat izango da 2018ko Andoaingo inauteriak iragarriko dituen irudia. Argazkian agertzen den koloreen kontrastea eta jasotzen den atmosfera berezia aipatu nahi izan dute.

Hala erabaki du gaur Ainara Abrego, Itziar Gutierrez eta Esti Mujika Andoaingo Udaleko Kultura zinegotziak osatutako epaimahaiak, Oiartzunen argazkiaren kalitatea nabarmendu eta gero. 

UNE MAJIKOA

Joandako inauterien baitan ospatu zen desfilean atera zuen irudia Marga Oiartzunek. “Azken karroza zetorren kalean gora, eta egia esanda, lagun taldea oso dotore mozorrotuta zegoen. Bi argazki baino ez nizkion atera taldeari, eta horietako bat irten da irabazle. Batzuetan, momentu eta espazio jakin batean sortzen dira aparteko irudiak. Halakoetan, txiripa kontua izaten da zeu horren lekuko izatea, eskuan argazki kamara edukitzea, eta gainera momentu majiko hori klik eginez harrapatzeko zoria edukitzea”.
Andoaingo Sormen tailerreko irakaslea izan da Marga Oiartzun Eduardo Arreseygorrekin batera urtetan, eta ez da denbora asko erretiroa hartu zutela biek. Margak aitortu duenez, bizimodu berriarekin denbora gehiago dauka antzeko sormen lanak egiteko.
26 lan aurkeztu dira aurtengo inauterietako argazki lehiaketara. Aurreneko aldiz posta elektronikoz ere parte hartu ahal izan da, eta horrek parte hartzea gehitzea ekarri du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!