Eskubaloiko senior mailakoen lorpen historikoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mar. 23a, 01:00

Datorren denboraldian estatuko 2. nazional mailako ligara igotzeko play-offa jokatzeko sailkatu da Urnieta Balerdi Harategia eskubaloi taldea. 

Urnietako klubaren historiako lorpen garrantzitsuena da, zalantzarik gabe. Aurreko igandean ziurtatu zuen play-offa jokatzea, oraindik euren Liga bukatzeko hiru jardunaldi falta badira ere. 

Urnieta 26-20 Ormaiztegi
Urnietarrek irabazi eta Andoaingo Leizaranek galdu, horixe behar zuten. Eta halaxe gertatu zen. Andoaindarrek 32-29 galdu zuten Goierrin, eta gauzak horrela, Urnietako senior taldeak txartel preziatua eskuratu du. 
Ligan UKEk 19 partida jokatu ditu eta horietatik 14 partida irabazi, eta 5 bakarrik galdu. Horietako bi, Ordizia liderraren aurka, hain zuzen ere. Urnietarrak sailkapeneko 2. postuan daude, 28 punturekin, eta liga bukatu bitartean, postu horri eustea izango dute erronka nagusia. Ereintza, 3. sailkatua, bi puntura dute. 
Ligako 20. jardunaldiko partida ostiralez jokatuko dute Zumarragan, Urolaren aurka.

 

Igoera fasean sei taldek hartuko dute parte

Horietako hiru gipuzkoarrak izango dira: Ordizia eta Urnieta Balerdi Harategia sailkatuta daude, eta Ereintzak ere ia-ia poltsikoan du sailkapena, puntu bakarra behar baitu datozen hiru jardunaldietan. Bizkaikoak izango dira beste bi taldeak. Momentuz Sestao eta Sopelako Ugeraga daude ondoen kokatuta. Seigarren taldea Arabakoa izanen da. Igoera fasea ligatxo formatuan jokatuko da, denak denen aurka, itzuli bakarrean. Herrialde bakoitzeko Ligan onena izan den taldeak, etxean 3 partida jokatzeko abantaila izango du. Ligatxoko lehen lau taldeek finalerdiak eta finala jokatuko dituzte. Kanporaketa sistema honakoa da: 1. sailkatua 4.ren aurka, eta 2. sailkatua 3.ren aurka. Bi finalistek 2. Nazional Mailara igotzeko txartela lortuko dute, eta faseko garailea nor den partida bakarreko finalean erabakiko da. Finalerdi eta finalak toki berean jokatuko dira. Egutegia zehazteko dago, baina aurreko denboraldietan Pazko Asteko asteburuan hasi izan da play-offa.
Hiru urte dira jada Jokin Jimenezek taldea zuzentzeko ardura hartu zuela. Andoni Urbistondo izan zuen alboan, laguntzaile jardunean. Lehen urtea halamoduzkoa izan zen, senior taldea nahiko dinamika txarrean sartuta egon baitzen aurreko urteetan. Gipuzkoako Bigarren Mailan zen jokatzekoa, baina azken orduan Lehen Mailan aritzeko gonbidapena jaso zuen. Onartu egin zuen, baina maila galdu zuen azken jardunaldian. Berriro Gipuzkoako 2. mailan jokatzeko prestatzen ari zela, 1. mailan aritzeko gonbidapena jaso zuen, plaza bat libre zegoelako. Onartu, eta 6. sailkatu zen joan zen sasoian. 
Udan Patxi Morandeira hasi zen Jokin Jimenezen laguntzaile lanetan, baita Juanma Morales fisioterapeuta ere, lau pertsonako teknikari taldea osatu arte. Denboraldi hasierako helburua azken sasoiko emaitza berdintzea edo hobetzea zen. Igoera faseko txartela lortu izana, eta hori oraindik ligako hiru partida geratzen direnean lortzea, meritu handitzat jo daiteke. Klubeko kideek urnietarren babesa eskatu dute, play-offa hasten denerako. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!