Jokin Lizeaga urnietarraren denboraldi hasiera bikaina

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko mar. 21a, 01:00

Aurten parte hartu duen bi probatan, Aian eta Salamancan, erraztasun handiz gailendu da. Lesioetatik errekuperatzeko bederatzi hilabeteko geldialdiaren ondotik, Jokin Lizeaga lehiaketan bete-betean murgildu da berriro. 

Elkarrizketa:

Modu ezin hobean, gainera, martxoaren 5ean Aiako mendi lasterketa irabaziz, eta joan zen igandean Salamancako Tres Valles mendi lasterketa irabaziz. Hango proban, errekor berria ipini zuen, gainera. Elkarrizketa Salamancako lasterketaren aurretik egina dago.

Jada zenbat urte mendi lasterketetan parte hartzen?
Jokin Lizeaga: 2007an, Selva de Ozan parte hartu nuen lehenengo mendi lasterketan, eta geroztik hor jarraitzen dut. Mendia beti izan dut gustuko, esfortzua ere bai, eta hasierako emaitza onak ikusirik jarraitzera animatu nintzen. Urte batzuk onak izan dira, beste batzuk ez hain onak, eta batik-bat azken hiru urteak nahiko txarrak izan direla esango nuke.
 
Hitz egin ezazu aipatu berri dituzun azken hiru urte horietaz...
J.L.: 2014ko Zegamako Mendi Maratoiaren bezperan, ebakuntza bat egitera behartu ninduen hernia bat agertu zen, eta geroztik burua ez dut askorik altxa. Ondoren, amaren gaixotasuna eta heriotza etorri zen, horrek ere lehiaketatik hilabete batzuetarako urrundu ninduelarik. Gero, Bisaurinen elurretan izan nuen istripu larria, aldakako ligadurak apurtu nituena. 2016an, lehenengo lasterketan, zaintiratua egin nuen Katalunian eta behar bezala ez sendatzeagatik Leitzan berriro txorkatila hautsi nuen. Geroztik, errehabilitazioan, minarekin ibili naiz eta konpetiziora oraintxe itzuli berria naiz.
 
Lesioa erabat sendatuta dago?
J.L.: Molestiak gutxitu badira ere, hor darraite. Urtarrilera arte ezin izan dut korrika ibili. Urtarrilean eta otsailean mendian ibili naiz, tarteka molestiak izan ditudalarik, baina bi hilabete hauetako prozesua ikusita, hoberantz joango denaren itxaropena badut.

Aiako lasterketa azterketa modukoa izan al zen?
J.L.: Bai, Salamancara noa 36 kilometrotako proba batean parte hartzera. Izena eman ondoren kezkak etorri ziren, ez baitakit nola erantzungo didan hankak. Horregatik Aiakoan irten eta molestiarik ez nuela ikusi nuen.

Orain, hiru haurren aita ere bazara. Nolako eragina dauka horrek zure entrenamenduetan eta beharrezko atsedenean?
J.L.: Bai, hilabete da hirugarrena jaio zela eta horrek eragin zuzena dauka. Lan gehiago pilatzen da etxean, atsedena eta loa ere apur bat gutxitu dira baina bizitza honetan, familia, osasuna, eta lana jartzen ditut lehenik. Eta ondoren kirola. Nere aldetik ahalegina egingo dut goi mailako lehiaketei eusteko, eta ez bada posible, mantsoago ibiliko naiz eta beste helburu batzuk markatuko ditut.

Gauzak horrela, nola aurreikusten duzu denboraldi berria?
J.L.: Euskal selekzioaren atea irekita daukat, beti kontatzen baitute nirekin. Munduko Kopako probatan parte hartzera animatu naute. Lehenengo proba puntuagarria Zegamakoa izango da, nire lasterketarik kuttunena. Beraz, orkatilak ondo erantzuten badit, eta hemendik maiatzera ondo banabil, Zegaman lasterketa ona egitea izango nuke helburua. Eta ondoren, Munduko Kopako probatan murgilduko nintzateke.
 
Zure prestaketa, beraz, Zegamara momenturik onenean iristeko bideratuko al duzu?
J.L.: Bai, otsailean nola ibili naizen jakinik, arazorik ezean, sasoiko iritsiko naiz. Zegama on bat egiteko gogoz nago.
 
Herrira itzuliz, Urnietako Mendi Lasterketa 5 urteko ibilbidearen ondoren desagertu egin da. Zer gogoeta eragiten dizu?
J.L.: Pena handi bat izan da. Herriarentzat galera ere bai, asteburu polita izaten zelako. Kirolari lotuta, Adarra eta gure inguruak erakusteko aukera paregabea zen, baina, horrela suertatu dira gauzak, eta onartu egin behar.
Hasierako bizpahiru urteetan neu ere antolakuntzan ibili nintzen, azken bi urteetan, arrazoi pertsonalak medio, antolakuntzatik pixka bat urrundu banintzen ere. Orain, dirudienez, antolatzeko jendea falta da eta horrek proba etetea ekarri du.
 
Eten diozu, berriro martxan ikusteko esperantzarik baduzulako?
J.L.: Euskal Herriko lasterketarik hobenetarikoa sortzea lortu zen, eta maila berekoa izatea ez da erraza izango, baina gure Adarran berriro lasterketa bat izateari aukerak ikusten dizkiot. Hori bai, antolakuntzan talde ugariago bat beharko luke, erabakiak eta lanak eta jende gehiagoren artean banatuz.
 
Kirolariak kontziente izaten al zarete antolatzaileek egiten duten lanaz?
J.L.: Normalean, kirolaria konsziente izaten da zer-nolako lasterketetan parte hartzen duen, eta hori antolatzeak suposatzen duen esfortzuaz. Lasterketa guztietara familiarekin joaten naiz eta haiek ere nabaritzen dute soilik korrikalariei zuzendutako lasterketa edota herri mailako festa bat den, umeei zuzendutako ekintzekin, ondorengo bazkariarekin eta abar. Osagai guzti horiek asko laguntzen dute lasterketa egoki bat izaten, eta Urnietakoa halakoxea zen.

Urnietako Mendi Lasterketak asko lagundu du herrian korrikalari zein zaletu berriak sortzen. Orain beherakada etor liteke?
J.L.: Jende bat abiatu da bere mugak bilatzera. Baginen berrogeiren bat urnietar parte hartzen genuenak. Horiek arra barrura sartuta daukate jada. Bestetik, eta zorionez, prentsak Urnietako korrikalarien berri ematen jarraitzen du. Nire emaitza onek ere laguntzen dute mendi lasterketekiko grina herrian iraunarazten, eta osagai guzti horiekin, esango nuke ez dela beherakada nabarmenik izango.
 
Entrenatzaile moduan jarraitzen al duzu?
J.L.: Lekarozen (Nafarroa) heziketa fisikoko irakasle izateaz gain, eta nire denbora nahiko mugatua izanagatik, jarraitzen dut atleta batzuen entrenatzaile izaten. Gehienak mendi lasterkariak dira. Saiatzen naiz haien bizitzara egokitutako plan pertsonalizatuenak izan daitezen, kontuan edukiz beraien asmoak, lan egoera, familia, ordutegia...
 
Haientzako prestatutako planak zeure buruari ere aplikatzen al dizkiozu?
J.L.: Nahiko anarkikoa naiz, hortan. Entrenamenduen plan bat jarraitu beharko banu, uste dut ez nukeela korrika egiten jarraituko. Egun bakoitzeko entrenamendua egun berean antolatzen dut, aurrez entrenatzeko zenbat denbora izango dudan ez baitut jakiten. Hori bai, zentzu edo logika bat jarraituz aritzen naiz beti. Horrela entrenatzeak gauza onak eta txarrak ditu, presiorik gabe egiten dut, eta aldi berean kaltea izan liteke behar bezain beste ez dudalako egiten.
 
Zanpatuz Mendi Elkartearen sortzaileetako bat zaitugu. Elkarteak zein hutsune bete du Urnietan?
J.L.: Herritarrek eman dioten erantzuna ikusita garbi dago Urnietan gune edo alor bat betetzera etorri dela. Bi urte bete ditu, eta aurreikusten genuena baina erantzun hobea izan du. Iaz 120 bazkide elkartzea lortu genuen. Hilero irteera bat antolatzen da, erantzun bikainarekin, gainera. Bataz beste 50-60 urnietar mendira bideratzea lortzen dugu. Harro gaude, gure ibilaldietara oso jende ezberdina etortzen delako.
 
Jarraitzaile sutsuak dituzu...
J.L.: Bai, baditut hainbat herritar nire lasterketekin bat eginez beren igandeko plana egiten dutenak. Aiako lasterketara joango nintzela gutxi batzuei aipatu nienean, dozena bat urnietar bertaratu ziren; garaipenetik gertu ibiltze horrek jendea ilusionatzen du. Pozten nau nire garaipenek eurenak bihurtzen dituztelako. Beraien animo eta interes horrek bizia ematen didate.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!