“Demokraziak honezkero gaur herri galdeketa ospatu den herrietan irabazi du. Eskualdeak ere irabazi du. Gaur elkarrekin erabakitzea posible dela, normaltasunez egin ahal dela erakutsi dugu. Ez doala inoren aurka, denon alde baizik””.
Pozarren zegoen, baina ez zehazki igandean bertan lortutakoaz, baizik eta igandera bitarte egindako bideaz: “Esan izan dugu maiz mugak, ezinak, paretak hemendik bostehun kilometrora daudela... Agian horrela da, baina lehen muga gure baitan dago. Gure Esku Dagok erronka bat jarri du hiru milioi herritarren eskura. Goazen erabakia gauzatzera adostasunaren bidetik eta ezinak, mugak edo paretak agertzen direnean ikusiko dugu horren handiak diren. Gerta liteke bidearen amaieran pareta irmo bat aurkitzea, baina gerta liteke ibiliaren ibiliaz gu iristerako paretarik ere ez egotea, edo jauzi txiki batekin igaro ahal izatea. Herritarron borondatea oztopo guztiak baino irmoagoa baita”.
Amaierako hitzak etorkizunera bideratu ditu berriro: “Ibiliz egingo dugu bidea. Erabakitzen hasi gara eta bide honek ez du etenik. Herri bat garelako, erabakitzeko eskubidea dugulako eta herritarrok erabaki nahi dugulako. Herritarron garaia da. Gure Esku Dago! Gu gara Giltzarria!”.
Mintzaldian zehar herri galdeketan azken hilabeteotan alboan izan zituen kideei esker ona adierazi die, baita igandean zehar lanean aritu diren ehunka bolondresei ere. Eta, nola ez, botoa eman duten milaka herritarrei.